Zauritu bat bihartik errei bat itxita izango duen N-634 errepideko istripuan

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 30a, 09:11

Eguneko hizpideen artean dugu beste behin, N-634 errepidea; batetik, astelehen goiz honetan Aginagan izan den istripuagatik eta baita, bihartik hiru hilabetez bide honetako errei bat itxiko dutelako Txikierdi eta Troia artean.

Albiste honi atxikitako argazkian ageri den zonaldean jazo da astelehen goiz honetako istripua; N-634 errepidean. Usurbildik Aginagara joanda dagoen lehen gasolindegitik hurbil, Galardi inguruan. Eusko Jaurlaritzaren larrialdi zerbitzuek berri eman dutenez, "kamioi eta auto baten arteko" ezbeharra izan da astelehen goiz honetan. Istripuaren eraginez pertsona bat zauritu da, "Poliklinika Gipuzkoara eraman dute". 

Errei bat itxita bihartik, Txikierdi eta Troia artean
N-634 errepidetik irten gabe, adi bihartik, abenduaren 1etik errepide hau baliatu behar duzuenoi; errei bat itxi egingo du hiru hilabetez, Txikierdi eta Troia artean. Tarte horretako mendi magala egonkortzeko lanak abiaraziko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. 

"Gipuzkoako Aldundiak N634 errepidean, Troiatik Txikierdiraino, egingo dituen obrak direla eta, errei bakarra egongo da erabilgarri hiru hilabetez, asteartean hasita. Usurbilerako erreia izango da itxiko dutena, pareta egonkortzeko lanak egingo baitituzte", berri eman du Usurbilgo Udalak.

Lan hauek amaitu artean, ibilgailuen joan etorria kudeatzeko behin-behinean semaforoak ezarriko dituzte, eguneko 24 ordutan, asteko zazpi egunetan. "Behin-behineko semaforoak jarriko dituzte zirkulazioa bideratzeko, une oro: asteburuak eta gauak barne", ohartarazi du Udalak. Izango da bestelako aldaketarik ere; Troiako pasabidean hain zuzen. "Oinezkoek Troiatik pasatzeko aukera izango dute, baina hori igarotzeko dagoen semaforoa ez da martxan izango", argitu du Udalak.