Koronabirusa

%75eko gehienezko edukiera baimendua 150 metrotik beherako saltokietan, %60koa hortik gorakoetan

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 1a, 07:55

Aldaketa berri bat, covid19-aren hedapena gutxitzeko Eusko Jaurlaritzak indarrean dituen neurrietan. 150 metro karratutik beherako saltokietan gehienez %75eko edukiera baimendua izango dute, 150 metro karratutik gorakoetan %60koa. Erabakia astearte honetako (abenduak 1) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratu du. Bihartik, abenduaren 2tik aurrera izango da indarrean. Segidan duzue Lehendakariak sinaturiko dekretua osorik.

LEHENDAKARITZA
5170 

42/2020 DEKRETUA, abenduaren 1ekoa, lehendakariarena, zeinaren bidez hirugarrenez honako dekretu hau aldatzen baita: 36/2020 Dekretua, urriaren 26koa, lehendakariarena, zeinaren bidez osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzen baitira alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapenari eusteko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak –SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duenak– birusaren hedapenari aurre egiteko askotariko neurriak aurreikusten ditu, eta horien erabilgarritasuna egiaztatuta geratu da, gure inguruko herrialdeek ere modu sistematikoan neurri horietara jo baitute; hori guztia Osasunaren Mundu Erakundeak eta nazioarteko beste erakunde batzuek adierazitakoarekin bat etorriz. Azaroaren 3ko 956/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera hori luzatu egin zen, eta 2021eko maiatzaren 9ra arte luzatzeko aurreikuspena egin zen.

Testuinguru horretan, lehendakariak bere eskumenez baliatuz emandako urriaren 26ko 36/2020 Dekretuan, adierazpen orokor batez gain, eranskin bat ere zehaztu zuen, eta, horren bidez, osasun publikoaren arloan jada hartutako neurri espezifikoak zehatz-mehatz eguneratuta, oinarrizko eskubideei eragiten dieten eta alarma-egoeraren erregulazioan kokatzen duen aurreikuspen espezifiko bat duten hainbat neurri zehazten dira, agintaritza eskudunak osasun publikoaren krisi-egoerari aurre egiteko ezinbestekoak diren modulazio egokiak ezarri ahal izan ditzan, haren larritasun handiarekin proportzionalak, oinarrizko eskubiderik eten gabe, Konstituzioaren 55. artikuluak eskatzen duenaren arabera.

Lehendakariaren urriaren 26ko 36/2020 Dekretuan konpromisoa hartu zen neurrien ebaluazio jarraitua eta jarraipena egiteko, neurri horiek egoera epidemiologikora egokitzen direla bermatzeko. Horren ondorioz, azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuaren bidez egindako lehen aldaketan egindako zehaztapen berrien panela eman zen. Era berean, azaroaren 20ko 39/2020 Dekretuaren bidez baldintza guztiak luzatu ziren, harik eta 2020ko abenduaren 10etik aurrera egin beharreko berrikuspen berri bat egin arte, hargatik eragotzi gabe lehenago beste berregokitze bat egitea, bidezkoa edo beharrezkoa izanez gero. Inguruabar horren ondorio da, hain zuzen ere, Dekretu hau; izan ere, osasun publikoaren krisia ebaluatzeko eta segimendua egiteko prozesuaren etengabeko jarraipenak, Labiren foroko zehaztapen eta neurriak sakon aztertu ondoren, beste erabaki bat hartzea dakar, kasu honetan, hartutako neurriak berrikusteko eta egokitzeko, betiere osasunaren babesaren eta gizarte gisa dugun aurrerapenaren artean oreka bat egon dadin.

Pertsonen oinarrizko eskubideen mugetan eragina duten neurrien egokitzapena Osasun Ministerioari jakinarazi ondoren hartu behar da, Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluaren koordinazio-esparruan, eta gainerako neurriek ez dute halakorik behar. Azken batean, Euskal Autonomia Erkidegoan mantendu egiten dira jada ezarritako mugak, eta, orain, osasun publikoaren arloko neurri espezifikoak egokitu egiten dira, Dekretu honetan jasotzen diren indartzeekin eta aldaketekin.

Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariari dagokio, agintaritza eskuordetu gisa, alarma-egoeran eraginkortasunez ezartzen den zehaztapena onartzea.

Horrenbestez, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duen urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8. artikuluan oro har xedatutakoaren arabera, honako hau

XEDATZEN DUT:

Dekretu honek jasotzen dituen baldintzetan aldatzen dira urriaren 26ko 36/2020 Dekretuaren (azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuak aldatua) eranskinetik datozen osasun publikoaren arloko neurri espezifikoak. Dekretu horren bidez, prebentzio-neurri espezifikoak zehazten dira, alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapenari eusteko, honako xehetasun honen arabera:

Bat.– Osorik aldatu da eranskinaren 3. apartatua, eta honela geratu da idatzita:

«3.– Establezimenduak, instalazioak eta lokalak.

Merkataritza-gune guztiek, erregaien txikizkako banaketa-zerbitzuguneek izan ezik, dagokien araudiaren arabera itxi beharko dute, gehienez ere 21:00etan. Farmaziek beren ordutegi-erregimenari eutsiko diote.

3.1.– Establezimenduek, instalazioek eta lokalek gehieneko edukiera adierazi beharko dute jendaurrean, eta edukiera horretan langileak ere jasoko dira. Haien barruan edukiera eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespetatzen direla ziurtatu beharko dute, eta edukiera zenbatzeko eta kontrolatzeko prozedurak ezarri beharko dituzte, inoiz ere gainditu ez dadin. Maskara erabiltzea behar-beharrezkoa da barnealdean.

Pertsonen zirkulazioa antolatzeak eta espazioak banatzeak pertsonen arteko segurtasun-distantzia bermatuko du. Lehentasuna emango zaio 65 urtetik gorako bezeroei arreta emateari. Ahal den neurrian, ibilbideak ezarriko dira bezeroen eta erabiltzaileen zirkulazioa zuzentzeko eta zona jakin batzuetan pilaketak saihesteko, bai barrualdean bai kanpoan, eta haien arteko kontaktua saihesteko. Bi ate edo gehiago daudenean, sarrerarako eta irteerarako erabilera desberdina ezartzen saiatuko da, pilaketak sortzeko arriskua murrizteko. Establezimenduen sarreran gel hidro-alkoholikoa egongo da eskuak garbitzeko, eta bete beharreko prebentzio-neurrien berri emango da.

3.2.– Erabilera publikoko establezimenduek eta tokiek aireztapen iraunkorra bermatu beharko dute egunean zehar, bai eta, gainera, lokalak ireki eta ixten direnean ere. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da eta airearen birzirkulazioa saihestu. Aireztapen- eta girotze-sistemek indarrean dagoen araudiaren arabera eraikinetan eta lokaletan jarduteko eta mantentze-lanak egiteko gomendioak bete beharko dituzte, bai eta Osasun Ministerioaren eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren «Eraikin eta lokaletako girotze- eta aireztatze-sistemak erabiltzeko eta mantentzeko gomendioak, SARS-CoV-2ren hedapena prebenitzeko» ere.

3.3.– Debekatuta dago mota guztietako establezimenduetan alkohola saltzea 21:00etatik 08:00etara bitarteko ordutegian. Debekatuta dago alkohola bide publikoan kontsumitzea.

3.4.– 150 metro koadro baino gehiagoko merkataritza-establezimendu, -instalazio eta -lokalek edukieraren ehuneko 60 baimendu beharko dute gehienez. Merkataritza-guneetan edukiera hori bera aplikatuko da solairu eta saltoki bakoitzean, duen merkataritza-azalera alde batera utzita.

150 metro koadro bitarteko azalera duten establezimenduek, instalazioek eta lokalek edukieraren ehuneko 75eko edukiera izan beharko dute gehienez.

Aldagelen erabilera mugatzeko kontrol bat ezarri beharko da. Kutxetan, txartel bidez ordaintzeko erraztasunak eta ahaleginak egingo dira, eta eskuragarri dauden ordainketa-postu automatiko eta saltzailerik gabeko guztiak gaituko dira. Establezimenduetan, instalazioetan eta merkataritza-lokaletan, ezin izango da eremu komunik okupatu pertsonen joan-etorria ez den beste erabilera baterako.»

Bi.– Osorik aldatu da eranskinaren 25. apartatua, eta honela geratu da idatzita:

«25.– Gizarte- eta osasun-zerbitzuetako zentroak, zerbitzuak eta establezimenduak.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako egoitza-zentroei buruzko uztailaren 30eko 126/2019 Dekretuan oinarrituta, foru-aldundiek dute eskumena zentroek behar bezala funtzionatzeko eta erabiltzaileen eta profesionalen osasuna bermatzeko behar diren jarraibideak emateko, Osasun Sailarekin koordinatuta eta haren eskumen-eremuari dagozkion neurriak alde batera utzi gabe. Koordinazio hori hiru foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adostutako oinarrien arabera garatuko da, honela:

1.– Ikuskapen jarraitu bateratuaren neurriei eutsiko zaie, zerbitzu sozial eta soziosanitario guztietako titularrek haiek ezartzen dituzten desinfekzio-, prebentzio- eta egokitzapen-arauak betetzen dituztela ziurtatzeko, halako moldez non zerbitzu horien ohiko jarduera behar den baldintzetan egingo den, kutsatzeko arriskuak prebenitzeko.

2.– Osasun-sistemako eta gizarte-zerbitzuen euskal sistemako agintaritza eskudunen arteko koordinazioa bermatuko da:

– Egoitza-eremuan, desgaitasuna duten pertsonei, adinekoei, adingabeei, bazterketa-egoeran edo bazterketa-arriskuan dauden pertsonei zuzendutako egoitza-zentroetan, genero-indarkeriaren eta emakumeen aurkako beste indarkeria mota batzuen biktimentzako larrialdi- eta harrera-zentroetan eta tutoretzapeko pisuetan.

– Egoitzetakoa ez den eremuetan, familia-arloko esku-hartze eta bitartekaritzako zerbitzuetan, eguneko zentroetan edo zerbitzuetan (gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonei, bazterkeria-arriskuan daudenei, gizarte-babesgabetasuneko egoeran daudenei edo bazterkeria-arriskuan daudenei zuzendutakoak), bai eta desgaitasuna duten pertsonentzako eta adinekoentzako eguneko zentroetan ere.

Sistemen arteko koordinazioaren eremuan sartzen diren zerbitzuek eta zentroek beren jarduerari eutsiko diote.

3.– Adinekoentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-zentro sozial eta soziosanitarioetako titularrek COVID-19aren inguruan eguneratutako kontingentzia-planak izan behar dituzte, egoiliarren, langileen eta haien kontaktuen artean gerta daitezkeen kasuak garaiz identifikatzeko; eta, hala badagokio, dagokion osasun-zerbitzuaren egiturarekin koordinatzeko prozedurak aktibatu behar dituzte:

– Zentroetako titularrek antolamendu-, prebentzio- eta higiene-neurriak hartuko dituzte langileei, erabiltzaileei eta bisitariei dagokienez, kutsatze-arriskuak prebenitzeko.

– Apartatu honetan aipatzen den informazioa eskuragarri egongo da agintari eskudunek hala eskatzen dutenean.

4.– Infekzio aktiboa detektatzeko probak (IADP) egingo dira, egoitza-zentro soziosanitarioetan (adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitzetan) sartu berri diren pertsona guztiei indarrean dauden zaintza epidemiologikoko protokoloetan jasotakoak, eta gehienez ere 72 ordu lehenago egingo dira.

Indarrean dauden zaintza epidemiologikoko protokoloetan jasotako infekzio aktiboa detektatzeko probak (IADP) egingo zaizkie, Osasun Sailak eta Osakidetzak ezarritako zirkuituen arabera, baimenetatik eta oporretatik itzultzen diren langileei, eta desgaitasuna duten pertsonen eta adinekoen egoitza-zentro sozialetan eta soziosanitarioetan sartzen diren langile berriei.

Indarrean dauden zaintza epidemiologikoko protokoloetan jasotako infekzio aktiboa hautemateko probak (IADP) egingo zaizkie desgaitasuna duten pertsonen eta egoiliarrekin harreman zuzena duten adinekoen egoitza-zentro soziosanitarioetako langileei.

5.– Adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitza-zentro sozialetan eta soziosanitarioetan, pertsona batera mugatuko dira bisitak egoiliar bakoitzeko, eta prebentzio-neurriak zorroztuko dira. Egoiliar bakoitzeko, gutxienez astean bitan bisitak egiteko aukera emango da, eta, ahal dela, pertsona berak egingo ditu. Bisita bakoitzak gehienez ordubeteko iraupena izango du:

– Zentroak bisiten maiztasun eta dibertsitate handiagoak baimendu ahal izango ditu, egoiliarraren zirkunstantzia pertsonalen, loturaren eta osasun-larrialdiko egoera deklaratu aurreko dinamikaren arabera.

– Erakunde eskudunek, zentroak une bakoitzean duen egoera epidemiologikoa eta zentroen edo zerbitzuen eraginpeko lurralde-eremua kontuan hartuta, bisita horiek bertan behera utzi ahal izango dituzte, baita erabat ere, 100.000 biztanleko kasu positiboak 500 baino gehiago direnean.

6.– Adineko pertsonen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitza-zentro sozialetan eta soziosanitarioetan, batez ere, ibilaldi terapeutikoak egingo dituzte erabiltzaileek, egoitzaren inguruko espazio irekietan eta senitartekoek edo hurbilekoek lagunduta.

Gehienez ere, astean bi irteera egin ahal izango dira egoiliar bakoitzeko, egoera epidemiologikoak horretarako aukera ematen duen zentro guztietan. Irteera horietan, saihestu egingo dira, kasu guztietan, espazio itxiak eta jendetsuak. Irteerek, gehienez, ordubeteko iraupena izango dute, eta egoiliar bakoitzeko gehienez ere bi pertsonaren laguntzarekin egingo dira (senitartekoak edo hurbilekoak, biak ere).

Erakunde eskudunek, zentroak une bakoitzean duen egoera epidemiologikoari eta zentroen edo zerbitzuen eraginpeko lurralde-espazioari erreparatuta, irteera horiek bertan behera utzi ahal izango dituzte, baita erabat ere, 100.000 biztanleko kasu positiboak 500 baino gehiago direnean.»

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honetan aurreikusitako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, gehienez ere 15 eguneko epean, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Ondorio horietarako, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek 2020ko abenduaren 2ko 00:00etatik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Dekretu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko abenduaren 1ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.