Euskaraldia

Mikel Laboa entzungai gaur bere omeneko plazan

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 1a, 15:38

2008ko abenduaren lehenean zendu zen Mikel Laboa. Ordutik urtero, sortzaile handia omentzen du Usurbilgo herriak. 12 urte bete diren honetan ere bai; bere musika entzungai jarri du gaur Udalak. Horrekin batera, oroimen eta gorazarre mezuak idazteko erregistro liburua eskuragarri duzue Sutegi udal liburutegian.

Plazan lasai ederrean, Mikel Laboa entzunez. Abenduaren lehen egun honetan egin daitekeen plan ederra Usurbilen. Esan beharrik ez non, sortzaile handiaren izena daraman bere omeneko plazan. Laboaren musika, ahotsa, kantak entzungai abenduaren lehen honetan, egun osoz, Usurbilgo Udalaren eskutik.

12 urte bete baitira gaur Mikel Laboa zendu zenetik. Baina argi denez, gure artean bizirik darrai. Aurtengo oroimen eguna berezia, pandemia baten erdian egokitu baita. Kaleak eta plaza ohi baino isilago dauden honetan. Laboaren musika entzunez, erosketak egitera, paseatzera... irtendakoak musukoa dute aurten. Inguruko tabernak itxita dira. Covid19-ak baldintzaturiko urtemuga gaurkoa.

Erregistro liburua
2008ko abenduaren lehenean zendu zen Mikel Laboa. Ordutik urtero, sortzaile handia omentzen du Usurbilgo herriak. 12 urte bete diren honetan ere bai; bere musika entzungai jarria izango du Udalak egun osoz. Horrekin batera, oroimen eta gorazarre mezuak idazteko erregistro liburua eskuragarri jarri du Udalak abenduaren 7ra arte Sutegi liburutegian.

Gorazarre egun hau, azaroaren 20az geroztik abian den Euskaraldiko egitarauan txertatua du ekimena Usurbilen sustatzen ari den herri batzordeak. Adi, ostiralera arte oraindik hitzordu gehiago iragarri baitituzte.