Istripua lanak hasi berri dituzten N-634 errepideko eremuan

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 2a, 10:32

Bi ibilgailuren arteko istripua izan da goizean Troia inguruan, hain zuzen, mendi magala egonkortzeko lanak abiarazi berri dituzten N-634 errepidean. Errepide berean gertatzen den bigarren istripua da aste honetakoa. Ezbeharrak zauritu bat eragin du. Errei bat, Usurbil alderakoa itxita izango da hiru hilabetez. 

Aste honetan bertan gertatzen den bigarren istripua N-634 errepidean. Oraingoan, Txikierdi eta Troia arteko mendi magala egonkortzeko lanak hasi dituzten eremuan. Errepideko 2,5 kilometroan jazo den asteazken goiz honetako ezbeharra bi ibilgailuren artekoa izan da. Zauritu bat eragin du. Eusko Jaurlaritzaren Larrialdi Zerbitzuek berri eman dutenez, "pertsona bat Donostiako Ospitalera eraman dute".

Istripua aipatu moduan, Txikierdi eta Troia lotzen dituen errepide honen mendi magala egonkortzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak lanak hasi berri dituenean gertatu da. Gogoan izan, lanok tarteko, erreietako bat, Usurbil aldera etortzekoa itxita egongo da hiru hilabetez. Semaforoek kudeatuko dute egunero 24 orduz, ibilgailuen joan etorria. 

Horrez gain, pare bat ohar Troiako pasabideari dagokionean. Oinezkoentzat dakizuenez, errepidea zeharkatzeko semaforo bat jarria zegoen. Lanok iraun artean semaforoa ez da martxan izango. Bigarren oharra; Kalezarretik behera Troia aldera autoz doazenek, ezingo dute N-634 errepidera sartu Donostia aldera joateko. Usurbil aldera doan noranzko bidea baliatu ahalko dute. Aipatu moduan, Donostia aldera doan erreia ez.

Aste honetako bigarren istripua
Asteazken goiz honetan Troian jazotakoa, aste honetako bigarren istripua izan da. Astelehenean, errepide berean, N-634an baina Aginagan, Galardiko gasolindegitik gertu beste ezbehar bat izan zen kamioi baten eta auto baten artean. Gaurkoak bezala, duela bi eguneko istripuak ere zauritu bat eragin zuen.