Usurbilkultura.eus

Urte amaiera ezberdin baterako kultur eskaintza zabala

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 2a, 12:30
Biziko dugun ezohiko urte amaieran apaingarririk ez da faltako.

Covid19-ak goitik behera aldatu du herri bizitza; baina egokitu ere bai, bizi dugun osasun krisialdira. Hilabeteotan ikusi dugun moduan, kultura segurua da. Prebentzio neurriak hartuta, hainbat ekitaldi antolatu dira hilabeteotan eta urte amaiera ez da salbuespena izango. Garai honetako ohiko hainbat hitzordu ezingo dira ospatu, baina 2020. urtea agurtzeko alternatibarik ez da faltako.

"Eguberrietan" ohikoak diren ekitaldi gehienak bertan behera aurten, baina hilabeteotan ikusi dugun moduan alternatibarik izango da abenduan ere. Usurbilgo Udalak kaleratu duen kultur agenda horren lekuko argia dugu. Kultura segurua dela aldarriari gorazarre eginez, denetariko hitzorduak programatu dituzte herri eragile hainbatek 2020. urte amaiera honetarako.

Lehendik hankaz gora zen mundua covid19-ak astindu zuen urte gisa oroituko dugu agurtzear dugun 2020a. Baina baita pandemia garai zail honetan ere alternatibak landu diren urte gisa ere. Kultura dugu horren lekuko argia, udaz geroztik ikusi ahal izan dugun moduan. 

Abendua heldu zaigu, eta hilabete honetan urtero ohikoak genituen hainbat ekitaldi bertan behera geratuko dira aurten; esaterako eragile anitzek kantuan aritzeko antolatzen dituzten abenduaren 24ko kantu saioak eta kalejirak. Aurtengoan ez da Usurbilgo Udalak antolatuta, gaztetxoak jauzika, tailer ezberdinetan parte hartzen edota hitz batean, jolasean jartzen dituen Gabonetako Parkerik izango Oiardo Kiroldegian, ezta Hurbilagoren gabonetako jolas parke erraldoia ere. Urtea korrika batean herri merkataritza eta ostalaritzaren alde agurtzeko ospatu izan den Hurbilago San Silvestre Lasterketarik ez da ospatuko abenduaren 31n. Ezta abenduaren 20ko San Tomas Azoka ere.

Covid19-ak eragindako pandemiak hitzordu guztiok ospatzea eragotzi du. Baina adi; Olentzeroren etorrera ez baitu eragotziko. Oraindik orain antolatzaileak xehetasun guztiak lotzen dabiltza, baina abenduaren 24an, koronabirusak ez dio herriko sarbidea itxiko Euskal Herriko ikazkin ezagunenari. "Olentzero auzoz auzo joango da", iragarri du Usurbilgo Udalak plazaratu berri duen abenduko kultur agendak.

Olentzerorena, pandemia garaiotan ere, garai zailetan baina baldintza berrietara egokituta, kultur eskaintza alternatiboa plazaratu daitekeen adibide argia da. Baina ez bakarra; herri eragile anitzek beste hainbat hitzordu deitu baitituzte urtea agurtzeko. 

"Xabier Leteri kantari: loreak eta zauriak"
Usurbilgo Udalak antolatuta, Xabier Lete omenduko duen ikuskizuna eskainiko dute Beñat Gaztelumendik (bertsoak eta testuak), Xabier San Sebastianek (ahotsa eta gitarra), Joserra Senperenak (pianoa) eta Quico Pugèsek (biolontxeloa). Abenduaren 26ab 18:00etan Sutegin.

Ikus-entzunezko lan berrienen proiekzioa
Abendua azaroaren 20an abiatu genuen Euskaraldia agurtuz hasiko dugu hilabetea; "nahi dugu hitz eta jolas" bertso saioa izango duzue hilaren 3ko Euskararen Egunean Sustrai Colina eta Jone Uria bertsolariekin; Onintza Enbeitaren "Non gelditu gara gu?" euskalgintza, feminismoa eta pandemia erdigunean jarriko dituen hitzaldia biharamunean. 

Igande arratsaldeetan euskarazko zineaz gozatzeko aukera paregabea izango dugu; hilaren 6an, haurrei zuzenduriko zikloaren baitan, "Koko dragoi txikia oihanean" lan estreinatu berria. Eta gero, labetik atera berri dituzten bi ikus-entzunezko lan NOAUA! K.E.ren eskutik; Lander Garroren "2 urte, 4 hilabete eta egun 1" derrigorrezko soldaduskaren aurkako borroka garaiari buruzkoa eta Miren Gorrotxategiren "33 ezkil" liburuan oinarrituriko Imanol Rayoren "Hil-kanpaiak" hilaren 20an. 

Egun batzuk lehenago gainera, hilaren 18an, "El Drogas" Enrique Villarealen dokumental biografikoa proiektatuko da.

NOAUA! K.E. aipatuta, San Tomas Azokarik ez da izango, baina babarrun eta sagardo txapelketak egingo ditu aurten.

Andatzako altxorrei buruzko eta Mukwano-Lagun elkartearen zikloak
Solasaldi ezin interesgarriagoez gozatzeko parada ere izango dugu asteotan. Igaro berri den azaroaren 25eko Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Egunaren harira, "Indarkeria Matxista, covid19-aren testuingurua: nola egingo diogu aurre Usurbilen" saioa iragarri du udal Parekidetasun Sailak abenduaren 17rako. Bezperan, Udalak baita, Andatzako errotarriak eta mugarriak hizpide izango dituen saioa, azaroan abiarazitako zikloari segida emanez.

Eta Mukwano Lagun elkartearen eskutik, ekimen zikloa baita urtea agurtzeko; "Aioko" antzerki, txotxongilo eta itzalen ikuskizuna, "Mukwano-Lagun Bujagalin (Uganda) erakusketa Alaitz Aizpuruaren begietatik" abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra. Irekiera ekitaldirako aurkezpen hitzaldi bat iragarri dute elkarteko sortzaile eta lehendakari Sabin Gabilondorekin.

Erakusketak aipatuta, Tadamun elkargune internazionalistak ere Kubari buruzko bi erakusketa antolatu ditu abenduko lehen hamabostaldirako; "emakumeak, elikadura-burujabetzaren protagonistak. Kubatarren eta euskaldunen bizipenak" hilaren 4tik 13ra eta "Tasiorek Cuba" hilaren 14tik 20ra. "Usurbilgo sortzaileen 2020ko uzta" ere ikusgai izango duzue abenduaren 18tik urte hasierara arte.

Gaztetxoentzako eskaintza
Ohiko hainbat hitzorduren faltan, izango da eskaintza alternatiborik gaztetxoentzat; "Etxean goxo, txotxongilo-antzerkia" hilaren 22an, Olentzero auzoz auzo hilaren 24an, "Tomaxen abenturak. Azken balea" ikuskizuna hilaren 27an eta "Bertsojasa" emanaldia biharamunean. Santuenean gainera, gabonetako habi apaingarrien tailerra antolatu dute abenduaren 12 eta 13rako. Eta tailerrean eginiko lanak etxean apaingarri gisa baliatu ahalko dira. Gabonetako zuhaitza ere piztekoak dira abenduaren 18an. Gaztelekuak ere Donostiako Txuri Urdinera hiru irteera antolatu ditu.

Pandemia garai honetan ere, beharrezko prebentzio neurriak hartuta, egungo osasun krisialdira egokitutako ekitaldi eskaintza zabala herritar guztiontzat.