Euskararen Egun honetan jai dute Usurbilgo udal zerbitzuek. Urteak dira abenduaren 3a gorriz seinalatua dutela egutegian. "Azken urteetan egin bezala, egutegi propioaren norabidean, abenduaren 3an jaieguna izango da udalean, Euskararen Egunean", ohartarazi du Usurbilgo Udalak sare sozialen bidez.
Ostegun honetan beraz, itxita aurkituko duzue Udala, udal erregistroa, baita Potxoenea eta Sutegi ere. Azken bi eraikin hauei dagokienean beste ohar pare bat; Potxoenea itxita izango da bihar ere, abenduaren 4an. Sutegi aldiz goizez soilik zabalduko dute, 10:00-13:00 artean.
2021ean ere jai egun bera
Egutegi propioaren norabidean seinatua duten jai eguna da gaurkoa udal zerbitzuentzat, uztailaren 2arekin batera. Hurrengo urtean ere hala izango da. Azken urteon antzera, 2021eko egutegiko jai egunetako bat Usurbilgo udalerriak hautaturikoa izango dugu; uztailaren 2a, herriko festetako egun nagusia hain zuzen. Hala onartu zuen udal ordezkariek alkateak proposatuta, maiatza amaieran udal ordezkariak batu zituen osoko bilkura telematikoan. Azken urteotan bezala honenbestez, 2021ean ere uztailaren 2a (ostirala) jai eguna izango da Usurbilen.
2021eko jaien egutegia
Maiatzaren 8ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak EAEko 2021eko jaien egutegi ofiziala argitaratu zuen. Jai egun gehienak, orain arte bezala, erlijio ospakizunei edota estatu espainiarrari lotutako egun seinalatuak. Egutegi honi, tokian tokiko erakundeek hautatutako beste bi festa egun batu behar zaizkio. Gipuzkoakoa, herrialdeko lan, enplegu eta gizarte politikako lurralde ordezkaritzak erabakitakoa eta bestea, udalerri bakoitzak, kasu honetan Usurbilek hautaturikoa.
Gipuzkoakoa uztailaren 31n izango da, eta Usurbilek maiatzeko udalbatzarrean erabaki bezala, udalerri mailakoa uztailaren 2an. Honenbestez, segidan duzue datorren urtean izango ditugun jai egunen zerrenda:
-Urtarrilaren 1a, Urteberri-eguna.
-Urtarrilaren 6a, Errege-eguna.
-Martxoaren 19a, San Jose.
-Apirilaren 1a, Ostegun Santua.
-Apirilaren 2a, Ostiral Santua.
-Apirilaren 5a, Pazko astelehena.
-Maiatzaren 1a, Lanaren jaieguna.
-Uztailaren 2a, Usurbilgo jai eguna.
-Uztailaren 31, San Inazio eguna.
-Urriaren 12a, Espainiako jai nazionala.
-Azaroaren 1a, Domu Santu eguna.
-Abenduaren 6a, Konstituzio eguna.
-Abenduaren 8a, Sortzez Garbiaren eguna.
-Abenduaren 25a, Eguberri eguna.