"Koko dragoi txikia oihanean" euskarazko filma gaztetxoentzat igandean

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 5a, 08:00

Azaroan abiarazitako gaztetxoentzako euskarazko zine zikloaren bigarren proiekzioa iganderako iragarria dago; "Koko dragoi txikia oihanean". Adi ordea sarrerekin. Aurrerantzean, usurbilkultura.eus ataritik online erosi ahalko dira, 3 euroren truke.

Usurbilgo Udalak egunotan jakinarazi duen moduan, urrats berri bat eman du udaz geroztik kultur ekitaldietarako sarrerak eskuratzeko abian duten usurbilkultura.eus plataforman. Aurrerantzean, ordaindu beharreko txartelak ere atari horretan eskuratu ahalko dira. 

Formula berri hau estreinatuko duen lehen hitzordua, Usurbilgo Udalak Ziortza Gazte Elkartekoekin batera negu parte honetan, hilero lehen igandeetan antolatu ohi duen gaztetxoei zuzenduriko euskarazko zine zikloan txertatuko dute. 

"Koko dragoi txikia oihanean" filma proiektatuko dute igandean, abenduak 6, 17:00etan Sutegin. 78 lagunentzako lekua egongo da. Sarrerak eskuratzeko klikatu esteka honetan; usurbilkultura.eus

Gogoan izan, txartelak erosteko lehenbizi erregistratu beharra dago. "Joan nahi den ekitaldia aukeratu, sarrera kopurua zehaztu, eta modu seguruan ordaintzeko datuak eskatzen ditu: ordainketa onartuta, QR kodea iritsiko zaio erabiltzaileari posta elektroniko bidez", ohartarazi du Udalak.

GAZTEXOENTZAKO EUSKARAZKO ZINE ZIKLOA
Izenburua: "Koko dragoi txikia oihanean".
Eguna:
abenduak 6, igandea.
Ordua: 17:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Edukiera: 78 lagun.
Sinopsia: "Su dragoiak eta gourmet dragoiak elkarrekin oporretan joatekoak dira lehen aldiz, bi tribuen arteko adiskidetasun harremanak sendotzeko. Koko su dragoi txikia eta Oskar gourmet dragoia, berriz, etsita daude beren lagunik onenari, Matilda arantzurdeari, ez diotelako eurekin bidaian joaten uzten, dragoia ez delako. Hala bada, Matilda udalekura eramango dituen itsasontziaren barruan ezkutatzea erabaki dute. Beren bizitzako oporrik onenak izango dira hauek! Baina usteak erdia ustel, eta ur dragoi basatiak eta landare haragijaleak direla-eta, itxarondako abentura handia uste baino korapilatsuagoa suertatuko zaie".
Zuzendaria: Anthony Power.
Estreinaldi urtea: 2018 (euskaraz: 2020).
Sarrera: 3 euro, aurrez usurbilkultura.eus atarian eskuratu beharko da.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala, Ziortza Gazte Elkartea.