Euskaraldia

Euskararen Eguna herriko kaleetan girotu du Udarregi Ikastolak

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 3a, 12:24

Kantuan, dantzan, jolasean... aritu dira goiz partean Lehen Hezkuntzako ikasle eta irakasleak, herrian barrena ekintza anitzetan parte hartzeko egokitu dituzten guneetan.

Gogotik berpiztu dute ostegun goiz honetan, dendei esker ez balitz, itzali samar zen herri giroa. Euskararen Eguna bai, ohi den moduan inork baino hobekiago barneratuak dituzten prebentzio neurriak beteta, gogotik ospatu ahal izan dute Udarregi Ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleek.  

Sei guneez osaturiko ibilbide modukoa prestatu diete irakasleek; irrintzika eta txapelak jaurtitzen aritu dira udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardian plazan, trikiti doinuek girotuta soka saltoan aritu dira Mikel Laboa plazan, herri kirol ezagunetan (zakuak, sokatira...) frontoian eta Dema plazan, bizi asko dantzan Askatasuna plazan, euskarari kantuan gorazarre eginez Olanoeneko plazan, eta pegatinen sorkuntza lan betean sagardoaren plazatxoan.

Ikastolan sortuak dituzten taldeetan, musukoak jantzita, baina gozatu ederra hartu dute gaztetxoek, euskararen aldeko aldarri eta jai egun honetan.