2021eko udal aurrekontuak

Inoizko udal aurrekontu sozialenak aurkeztu ditu udal gobernu taldeak

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 10a, 14:02

Pandemia garai beteko 2021erako aurrekontuak aurkeztu ditu udal gobernu taldeak; inoizko aurrekontu sozialenak. Ekarpen bilketa fasean daude asteotan, abenduaren 23an hasierako onespena eman aurretik. “2021eko aurrekontuak Covid 19ak eragindako osasun krisiak eta horrek eragindako krisi sozial, ekonomiko eta ekologikoaren testuinguruan kokatu behar ditugu, derrigorrean”, adierazi dute udal-gobernu taldetik.

Inoiz baino argiago dute zein den une honetako lehentasuna, baliabide eta diru-sarrerak gutxitu arren; “gizarte babesa eta tokikoaren zaintza, izan ekonomikoa, izan kulturala, izan soziala”.

Espero zitekeen moduan, bizi dugun testuinguruagatik ohiko diru-bilketa eta sarreretatik %10ean gutxiago jasoko du Udalak. “Guztira, 11.145.800 €, aurreko urtean baino 1.200.000 € gutxiago”. Murrizketa honetan eragin nabarmena izan du foru funtsaren %7ko murrizketak, 328.067 euro gutxiago jaso ditu Udalak. “Agindutakoa betetzea espero dugu, ez baita beti horrela gertatzen”. Horrekin batera, 2021eko udal-tasa eta zergei igoerarik ez aplikatzea erabaki dute “udalen finantziazio-gabeziak ezin dira herritarren gehiengoaren bizkar jarri behar. Une honetan, premia handiena dutenenganako elkartasuna betebehar politiko eta morala da guretzat”.

%4ko igoera
Pandemia garai beteko udal aurrekontuak izateko ordea, bada nabarmentzeko moduko albiste pozgarririk. Aurreikuspen guztien aurka, diru-sarreretan iazko aurrekontuekin alderatuta, %4 igoko dira 2021ekoak; guztira, 12.882.050 euroko aurrekontuez ari gara. “Albiste bikaina da, adierazle eta aurreikuspen guztiak kontrako norabidean zihoazelako”.

Igoera hau Udalak jasotako laguntzek eragindakoa da. Etorkizunean, Ugartondoko urbanizazioan kokatuko den Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioak “Ugartondoko Hitzarmen Juntarekin iaz lortutako akordioari esker, Udalari 1.423.000 € ordaindu behar dizkiote, Txirikorda eraiki eta ordaintzeko”. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailean Udalak eskatutako laguntzari ere baiezkoa eman eta 640.000 euro jaso dituzte. 2021ean ekingo diote obren lizitazioari, urte berriko inbertsio garrantzitsuena izango da, eta honenbestez finantziazio iturri guztiok datozen aurrekontuan islatuko dira.

Ezohiko diru sarrera hauek, inbertsioetan %41,04ko igoera izatea ekarri dute, 2,5 milioi euro arlo honetara bideratu ahal izatea, aurrekontu osoaren %19a. “Gure inbertsio maila izugarri handitu da” eta gastuak orekatzea ere ahalbidetu dio Udalari. Halere, pertsonalgoen eta diru-laguntzen ataleko gastuak igo dira. Ia 4,4 milioi eurokoak izango dira, aurrekontu osoaren %34,13, iaz baino %2,8 gehiago, “zerbitzu publikoaren alde egiten dugun apustuaren adierazgarri”. Tartean, lan enplegu publikoko eskaintzak prestatzeko langile bat kontratatuko du Udalak, lanaldi erdian. Administrazio publikoak orohar duen “interinitate-tasa” murrizten joatea izango du erronka nagusia. Enplegu planetarako diru sarrera ere aurtengoarekin alderatuta bost aldiz handiagoa izango da 2021ean, 22.644 eurotik 108.495 euroko partida izatera igaroko da. “Diru honekin lau operario eta energia alorreko udal teknikariaren soldatak ordainduko dira”. Testuinguru zail honetan kolektibo zaurgarrienetako kideen lan-munduratzea sustatu nahi dute.

Laguntza lerro berriak
Aipatzekoa diru-laguntzen atala. Iaz baino 100.000 euro gehiago bideratuko ditu udal gobernu taldeak, %11,30 gehiago, denera ia milioi bat euro. “Hazkunde honen arrazoia, hain justu, pandemiak azaleratu dituen behar sozialak estali eta gure ehun ekonomikoa sustatzea da. Zentzu horretan, nabarmendu eta txalotu behar da departamendu guztien artean egindako hausnarketa eta ahalegina: egoera sozioekonomiko zail honetara egokitutako dirulaguntza politika birnorabidetzeko ahalegina, hain zuzen ere. Lerro batzuk egokitu eta dirulaguntza lerro berriak martxan jarriko ditugu”.

Garapen ekonomikora begira bi laguntza lerro iragarri ditu udal gobernu taldeak; hutsik diren lokal komertzialetan jarduera berriak martxan jartzeko alokairurako laguntzez gain inbertsio-gastuak ere lagunduko dira. Eta covid19-ak eragindako kalteak arintzeko laguntza berrietarako partida iragarri dute. “Esku artean ditugun ideien artean aipagarria da era guztietako autonomoentzat % 0 intereseko mikrokredituak martxan jartzeko egitasmoa”.

Merkatu libreko etxebizitzen alokairurako dirulaguntza lerroa ere martxan jarriko dute, alokairu prezio altuengatik eta lan-baldintza prekarioengatik etxebizitza alokatu edo erosteko zailtasunei aurrei egiteko, ohartarazten duten moduan, “etxebizitza ez da eskubide herritar askorentzat” eta.

Usurbilgo sortzaileei zuzenduriko lerro bat ere zabalduko du, herrian dagoen kultur sorkuntza handia ikusita. “herriko sortzaileen erakusleihorako egitasmo bat lantzeko ere diru partida gordea dugu”, Usurbilgo merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea biziberritzeko plangintzaren baitan.

Eskola Kirola ordaintzeko zailtasunak dituzten familia zaurgarriei zuzenduriko laguntza; 5.000 euroko partida, arrakala sozialekin amaitzeko. Landa eremuan bizi diren herritarrei zuzenduta, pobrezia energetikoari eta arrakala digitalari aurre egiteko ere beste laguntza lerro bat aurreikusia du udal gobernu taldeak. Trantsizio ekologikoaren norabidean, “Usurbil 0.0” eta efizientzia energetikorako diru partidak iragarri dituzte.

Gizarte Larrialdietara ere 90.000 euro bideratuko dituzte, baina “beharrak ugarituz gero” partida handituko dute. Eta noski, aurreko urteetan “tokiko elkartegintza, herrigintza eta herri bizitasuna zaindu eta sustatzeko” laguntza lerro guztiei ere eutsiko die udal gobernu taldeak edota “kasuan kasu handitu egin ditugu”.

Zaintza ereduari buruzko parte hartze prozesua
Hainbat egitasmo ere martxan jartzekoak dira 2021ean. Pandemia garaiotan gaurkotasun handiko gai bati helduko die; zaintza-ereduari buruzko parte hartze prozesua abiatuko dute udaberrian, Matia Fundazioarekin elkarlanean. Covid19 garaiak agerian utzitako zaintza-krisiaren aurrean, “bistan geratu da zaintza eredua berrantolatu beharra dagoela”. “Nola zaindu nahi dugu?, Nola zainduak izan nahi dugu?” gaiei helduko die. Emagin elkarteak Beterri-Buruntzako osatu duen zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamen azterlana izango ditu abiapuntu.

Beterri-Buruntza aipatuta, eremu honetako mankomunitatea sortuko da 2021ean, 25.000 euro gehiago bideratu dituzte egitasmo horretara.

Jatorri aniztasuna eta elkarbizitza egitasmoari segida ematera bideratuko dituzte beste 20.000 euro. Gai honetan ditugun jarreren inguruko azterketa soziologikoa egin du Udalak, Usurbilgo migranteen lekukotzekin urte hasieran aurkeztu asmo duten dokumental bat ere osatzen ari dira. Eta segidan, jatorri aniztasuna kudeatzeko plan estrategikoa lantzen hastekotan dira.

Kirolaren arloan antzeko plana disenatu nahi dute, “kirol komunitate zabalarekin batera” bideratuko duten parte hartze prozesuaren bidez. Diagnosi sakon batekin hasi asmo dute.

36ko Gerrak Usurbilen izandako eragina aztertzeko aurten dokumentazio fasearekin abiarazitako 3 urteko egitasmoari segida emango diote 2021ean.

Hirigintza arloari lotutako egitasmo gehiago ere badira; Taxi bus zerbitzua hobetuko dute, udal jabetzako alokairu sozialeko etxeen konponketak bideratuko dituzte; etorkizuneko Usurbil marraztuko duen Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO) hasieraz onartu asmo dute 2021. urte amaieran. Ia 100.000 euro bideratuko dituzte aurre ezin beharreko egitasmo honen lanketara (txostenak, parte-hartze prozesuak…).

Eta horrekin batera, zenbait proiektu idaztea ere aurreikusten dute; saneamenduari lotutakoak, Santuenearen urbanizazio proiektu berria, Aginagako Elutx eta kaxkoa lotzeko oinezko bidea, Osinalde industriagunea berritzeko urbanizazio proiektua, espazio berdeei lotutako herri parte hartze prozesua…

Hau gutxi ez balitz, “100.000 euro gorde ditugu, aurreikusi gabeko gastu edo egitasmoei aurre egiteko”. Diru-poltsa ezin garrantzitsuagoa udal gobernu taldearentzat, 2020an gertatu den moduan. “Covid19-ak eragindako ezustekoei hortik erantzun diegu”. Udal aurrekontu hauei buruzko zehaztasun gehiago hurrengo asteotan.