2021eko udal aurrekontuak

Ekarpen bilketa fasean egun, urte amaieran hasieraz onartzeko asmotan

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 10a, 13:20

2021eko udal aurrekontuak egun ekarpen bilketa fasean ditu udal gobernu taldeak. Herritarrei aurkeztu zizkioten bart, udal taldeekin ere ere gauza bera egin dute. Abenduaren 23ko ezohiko udalbatzarrean hasieraz onartu asmo dituzte.

2021eko udal aurrekontuak onartzeko bidean ditu Usurbilgo Udalak. Bide hau jorratzen hasia da udal-gobernu taldea. Iragan astean oposizioko udal taldeei aurkeztu zizkieten Ogasun Batzordean. 

Herritarren txanda izan zen bart; usurbildarrei zuzenduriko aurkezpen ekitaldia egin zuen Potxoenean. Ekitaldian zehar 2021erako aurreikusiak dauden egitasmoen berri jaso ahal izan zuten, zeintzuk diren dauden aurreikuspenak, dirua zertara bideratuko den... Informazioa jasotzeaz gain, ekarpenak egiteko aukera ere izan zuten herritarrek.

Ez soilik herritarrek, baita udal taldeek ere; zeregin honetarako hilaren 15era arteko epea baitute udalbatza osatzen duten ordezkariek. Ogasun Batzordetik igaro ostean, abenduaren 23rako deitu asmo duten ezohiko udalbatzarrean hasieraz onartu nahi ditu udal-gobernu taldeak urte berrirako udal aurrekontuok.

Egutegia
Hemen duzue gai honek asteotan jorratuko duen tramitazio bidea, Udalak finkatu duen egutegia:
-Abenduak 1: oposizioko kideentzako aurkezpena Ogasun Batzordean.
-Abenduak 9: herritarrei zuzenduriko aurkezpena 18:30etan Potxoenean. Bertaratzeko izena eman aurrez komunikazioa@usurbil.eushelbidean.
-Abenduak 15: oposizioak ekarpenak egiteko azken eguna.
-Abenduak 18: udal aurrekontuak diktaminatzeko ezohiko Ogasun Batzordea.
-Abenduak 23: aurrekontuok hasieraz onartzeko ezohiko udalbatzarra.
-Hasierako onarpenaren erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, 15 lan egunez alegazioak aurkezteko aukera.
-Halako ekarpenik ez bada, urtarrila amaieran behin betiko onarpena.