Koronabirusa

Neurri berrietara egokituta zabaldu dituzte tabernak

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 12a, 13:12

Eusko Jaurlaritzaren dekretu batek azaroaren 7an itxiarazi zituztenetik, ostalariak lanik egin ezinik izan dira gaur arte. Larunbat honetan zabaldu dituzte berriz, Jaurlaritzaren beste dekretu batek baimenduta. Eta dekretu honek ezarritako mugen baitan.

Indarrean da gaurtik, covid19aren hedapenari aurre egiteko neurriak malgutu dituen Eusko Jaurlaritzaren dekretu berria. Eta martxan jarri dituzten neurri berrien artean, ostalaritza guneen irekiera dago. Zabalik dira berriz herriko tabernak; Eusko Jaurlaritzak agindutako muga berrien eraginpean.

Modu batean edo bestean, bigarren itxialdi aurretik ere zorrotzak ziren prebentzio neurriak hartuta gerturatu ahalko gara guneotara. Esan beharrik ez den moduan, lehenik eta behin, musukoa jantzita izan beharko dugu une oro, tabernaren batera joandakoan. Jan edo edateko unean soilik kendu ahalko dugu. Ezingo da kontsumitu ez zutik ezta barran ere. Beti eserita; bai terrazan eta baita tabernen barruan ere. Barruko edukiera %50eraino murriztu diete gainera.

Irekiera ordutegia ere mugatua dute ostalaritza guneek; goizeko 6:00etan zabaldu ahalko dituzte tabernetako ateak, etxeratze-agindua amaitzen den une berean hain zuzen. Itxi berriz, iluntzeko 20:00etan. 

Bigarren itxialditik bueltan
Nabaritu da, eta nola gainera, azaroaren 7tik izan den ostalaritza guneen hilabeteko itxiera. Esan beharrik ez, azaroaren 7az geroztik hasteko haien jarduna egin ezinik izan diren sektoreko langileak izan dira kaltetuenak. Eta bistan denez, derrigortutako itxialdiak kale giroa nabarmen apaldu du. Gaur arte.

Tabernak irekita bistan denez, kale giro biziagoa dugu gaurtik. Eguraldiagatik edo bezeroak hurbildu dira terraza eta taberna barrura baina ez udaberriko konfinamendu osteko lehen egunean gertatu moduan. Bihar igandea izanik, eta iragarpenen arabera, ateri esnatu eta eguzkia ere ikusteko aukera izan dezakegunez, gerta liteke jende gehiago gerturatzea ostalaritza guneotara.