Koronabirusa

Neurriak malgutuko dituen Eusko Jaurlaritzaren dekretu berria indarrean

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 12a, 10:41

Ezin jakin noiz arte, baina gaurtik indarrean izango da covid19aren hedapenari aurre egiteko neurriak malgutuko dituen Eusko Jaurlaritzaren dekretu berriak ostalaritza guneen irekiera dakar, Gipuzkoan barrena mugitzeko baimena, etxeratze-aginduaren malgutzea datozen egun seinalatuetan, jende pilaketak sustatu ohi dituzten urte garai honetako hainbat hitzordu ospatzeko debekua...

Aurreko hilabeteetan egin izan duten moduan; oraingoan ere, asteazkenean LABI deitzen dioten Eusko Jaurlaritzaren aholku batzorde teknikoak egindako bileran covid19ari lotutako neurri sorta onartu zuten, segidan Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldi bidez iragarri zituenak. Dekretu batean bildu eta ostiraleko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zituzten. 

Dekretua bera, covid19-aren hedapenari lotutako neurri sorta berria indarrean da gaurtik. Noiz arte? Ezin jakin; baliteke, egoera epidemiologikoa zeharo aldatzen ez bada, dekretu berri hau urtarrilaren 11ra arte gutxienez indarrean izatea. Baina aipatu moduan, bizi dugun testuinguru ziurgabe honetan ezin jakin. 

Momentuz, gaurkoz, "transmisio oso altutik" "transmisio altuko" egoerara igaro garen arren, covid19aren hedapena eteteko neurriak malgutzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Segidan duzue gaurtik indarrean izango diren neurri nagusien zerrenda:

-Etxeratze-agindua: 22:00-06:00 artean. Abenduaren 24tik 25erako eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1erako gauean, 01:30-06:00 artean.

-Gipuzkoa barruan mugitu gaitezke, baina Gipuzkoatik ezingo gara atera abenduaren 23ra arte.

-Abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra Euskadiko konfinamendu perimetrala ezabatuko da. EAE-ra sartu eta EAE-tik irten ahalko gara, beti ere senide edo hurbilekoen etxera joateko edo finkatuak dauden salbuespen kasuetan.

-Gehienez 6 pertsonak bilkurak baimendu dira. 10ekoak gehienez (gehienez bi bizikidetza unitate ezberdinekoak izatea iradoki dute), abenduaren 24ean, 25ean, 31n eta urtarrilaren 1ean.

-Jende pilaketak bultzatzen dituzten ekitaldiak bertan behera geratzen dira (San Tomas azokak, kabalgatak, kantu saioak, San Silbestre lasterketak…). Kultur ekitaldi egokituak orain arte bezala, 21:00etarako amaitu beharko dira, aforo erdira murriztuta. 

-Ostalaritza guneen irekiera (elkarte gastronomikoak ez) 06:00-20:00 artean (zerbitzuguneak salbuetsita), 100.000 biztanletik 500 kasutik beherako intzidentzia duten udalerrietan: terraza irekiak, barneko zerbitzua %50era murriztua, mahaietan eserita kontsumitu ahalko da, zutik eta barran ez. Maskara une oro eta egoki erabili behar da espazio guztiotan, jateko edo edateko unean soilik kendu ahalko da.

-Merkataritza guneek 21:00etan ixten segi beharko dute, gasolindegi eta farmaziak salbu.21:00-08:00 artean ezingo da alkohola saldu ezta kalean kontsumitu ere.

-Kirol federatuko entrenamenduak baimenduak, gehienez seiko taldeetan; aldagelen edukiera %30ean okupatu ahalko da, dutxak banaka baliatu ahalko dira.Kirol jardueren gainerako murrizketak bere horretan mantenduko dira; tartean, Eskola Kirolaren etenaldia. Urtarrilaren 11n murrizketok malgutzeko aukera aztertuko dute, une horretako egoera epidemiologikoaren arabera.

-Adinekoen egoitzetara bisitak egiteko araudi berezia jarriko dute indarrean.

-Garraio zerbitzuak 23:00ak arte. Abenduaren 24tik 25era eta hilaren 31tik urtarrilaren 1era, 1:30ak arte beranduenez.

Dekretu osoa hemen: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria