Koronabirusa

Jaurlaritzaren dekretu berriak eragin ditzakeen zalantzentzako argibideak

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 12a, 10:30

Hilabeteotan neurri berriak indarrean jarri izan direnean gertatu den moduan, oraingoan ere Eusko Jaurlaritzak gaurtik indarrean duen dekretuak ere zalantzak eragingo ditu ziurrenik. Hemen kaleratu duten argibide sorta.

Bizi naizen Lurralde Historikoko edozein udalerrira joan naiteke?
Bai, 2020ko abenduaren 12ko 00:00etatik aurrera.

Beste Lurralde Historiko batean egon arren, sar naiteke udalerri mugakidean? Eta beste Autonomia-Erkidego batean badago?
Beste lurralde historiko batean badago, bai, gainerako udalerrietako baldintza berberetan. Ezin da udalerri mugakidera sartu beste autonomia-erkidego batean badago, EAEtik irtetea mugatuta baitago, aurreikusitako salbuespenetan izan ezik.

Joan naiteke Euskadiko beste lurralde historiko batzuetara?
Oraingoz ez, aurreikusitako salbuespenak izan ezik. 2020ko abenduaren 23ko 00:00etatik aurrera egin daitezke horrelako joan-etorriak.

EAEtik kanpoko beste autonomia-erkidego batzuetara joan naiteke?
Senideen eta hurbilekoen ohiko bizilekura joateko aurreikusitako salbuespenetan soilik, 2020ko abenduaren 23tik 26ra eta 2020ko abenduaren 30etik 2021eko urtarrilaren 2ra bitartean izan ezik.

Joan naiteke Euskaditik kanpo dagoen nire bigarren egoitzara?
Ez, aurreikusitako salbuespenak izan ezik.

Autonomia-erkidego berean dagoen bigarren etxebizitza batera joan naiteke?
Abenduaren 23ra arte, bizi zaren lurralde historikoko etxebizitza batera joan zaitezke. Adierazitako datatik aurrera, Euskadin kokatutako etxebizitzetara.

Nola justifika dezaket joan-etorrien arrazoia?
Beste frogabiderik ez dagoenean, erantzukizunpeko adierazpenaren egiaztagiri bat eraman ahal izango da. Egiaztagiri hori sinatutako dokumentu bat da, eta adierazten du dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela, mugikortasun-mugaren salbuespenak justifikatzeko.

Zenbat lagun bildu gaitezke, 6 edo 10?
Gehienez ere sei pertsona elkartu ahal izango dira, salbu eta bizikideak badira. Hala ere, 2020ko abenduaren 24tik 2020ko abenduaren 25era bitartean eta 2020ko abenduaren 31tik 2021eko urtarrilaren 1era bitartean, Eguberrietako bazkari eta afariak egiteko familia-topaketek ez dute hamar pertsonako gehieneko kopurua gaindituko.

Baimenduta al dago adinekoen egoitzetara joatea?
Bai, baldin eta zentroak berak baimendutako bisitak badira. 

Espetxeetara joateko aukera dago?
Bai, baldin eta Espetxe Agintaritzak emandako baimena badu.

Beste Lurralde Historiko batera joan daiteke pertsona bat aireportura, geltokietara eta abarrera jasotzera edo eramatera?
Bai.

Nola justifikatuko litzateke Ertzaintzaren / Udaltzaingoen aurrean desplazamenduaren arrazoia adinekoen edo adingabeen zaintza dela?
Zaindu beharreko pertsonaren ardura duen pertsonak egindako ziurtagiri bidez. Familia-harremana egiaztatu beharko du eta zaindu behar den pertsona identifikatuko du. Era berean, zaintzailearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez ere egiaztatu ahal izango da, eta bertan zaindu behar den pertsonaren helbidea eta telefonoa jarriko dira.

Maskota atera dezaket 22:00etatik aurrera?
Maskota ezin da paseatzera atera 22:00etatik aurrera eta 06:00akarte. Salbuespenetan aurreikusita dauden jarduerak soilik egin daitezke eta, maskotei dagokienez, urgentziazko arrazoiengatik albaitaritza-zentrora eraman daitekeela, edo sendagaiak, osasun-produktuak edo premia biziko beste ondasun batzuk erosteko lekualdatu daitekela zehazten du.

Baimentzen al da arrazoi sindikalengatik, alderdi politikoen, enpresa-elkarte eta antzekoen lanagatik lekualdatzea?
Bai. Jarduera instituzional edo profesionaltzat hartzen baita.

Euskadin sar al daitezke konfinatu gabe dauden Autonomia-Erkidegoetako turistak?
Soilik sartu ahal izango dira legez ezarritako salbuespenak betetzen dituztenak, eta beste lurralde batera joateko bertatik igaro behar dutenak.

Nola arautzen dira Euskadin kokatuta dauden eta barrendegiak diren udalerrien gaiak?
Barrendegi diren udalerriek inguratzen dituen lurralde historikoko tratamendua jasoko dute (Trebiñu, Villaverde….).

Nire Lurralde Historikotik kanpo joan naiteke beilatoki eta ehorzketetara?
Euskadiko beste lurralde eta udalerri batzuetara joateko baimena ematen da, bigarren mailara arteko ahaideen heriotzagatik.

Baimenduta al dago akziodunen edo kooperatibisten batzarretara joatea?
Bai. Era horretako ekitaldietara joatea baimenduta dago, eta ez du inolako lurralde-mugarik. Desplazamendua justifikatzen duen eta erakunde antolatzaileak egin eta bete duen agiri indibidualizatu bat eraman beharko da.

Ibilgailuaren IATa pasatu behar badut eta izapidea 22:00ak baino beranduago amaitzen badut, baimenduta al dago desplazamendua? 
Bai, eta bizilekura zuzenean joan behar da eta, betiere, egin den izapidea egiaztatzen duen agiria behar da.

Nahitaezkoa al da ibilgailu pribatu batean maskara erabiltzea pertsona batek baino gehiagok bidaiatzen duenean?
Bai, bizikidetza-unitate bereko pertsonak direnean izan ezik.

Nahitaezkoa al da maskara janztea aire zabalean jarduera fisikoa eta kirola egiteko?
Aire zabalean jarduera fisikoa egitean, nahitaezkoa da maskara erabiltzea herri inguruetan eta jendetza elkartu daitekeen lekuetan. Ez da nahitaezkoa maskara janztea mendian ibiltzeko. Jarduera fisiko biziko aparteko uneetan eta lehiaketetan bakarrik baimenduko da maskara ez erabiltzea.

Zer da kirolari erdi-profesionala?
Egutegi ofizialeko estatuko eta nazioarteko lehiaketetan parte hartzen duten kirolariak dira, baita dagokion Euskal Federazioak antolatutako maila goreneko lehiaketetan jarduten direnak ere, guztiak kategoria absolutuan. Atal honetan sartzen dira maila absolutu goreneko herri-kirol lehiaketak. 

Txokoak, elkarte gastronomikoak eta lonjak, irekita egon al daitezke?
Debekatuta dago txokoetan, elkarte gastronomikoetan, lonjetan eta antzekoetan inolako jarduerarik egitea, eta itxita egon beharko dute.

Eta kannabis-elkarteen lokalak?
Ez, itxita egon behar dute. 

Zer zerbitzu eman ditzakete ostalaritzako-establezimenduek eta jatetxeek?
Aire zabaleko terrazetan zerbitzuak eskaini ahal izango dituzte, eta barruan ehuneko berrogeita hamarreko edukiera mugatua izango dute. Nolanahi ere, mahai desberdinetako aulkien artean gutxienez metro eta erdiko pertsonen arteko distantzia dagoela ziurtatu beharko da. 

Zer ordutegi dute ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduek?
06:00etan ireki ahal izango dute, eta 20:00etan itxi beharko dute.

Janari-eskaerak jaso eta banatu al daitezke ostalaritza-establezimenduetan?
Bai, 21:00ak arte eta bertan jasotzeko aurretik hitzordua hartuta. 22:00ak arte etxez etxeko banaketa baino ezin da egin.

Zer ordutegi dago baimenduta zerbitzuguneetan dauden ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuetarako?
Irekita egon ahal izango dira ezarritako berezko araubidearen arabera, baina 20:00etatik 06:00etara iragaitzazko erabiltzaileentzat bakarrik.

Nola banatzen dira erabiltzaileak ostalaritza-establezimenduetako mahaietan?
Mahai bakoitzeko bezero-taldeek ezin izango dute sei baino gehiago izan. Lau lagunentzako mahai prestatuetan lau bezero bakarrik bildu ahal izango dira, eta bi mahai batu ahal izango dira gehienez sei laguneko talde baterako.

Nola kontsumitzen da ostalaritza-establezimenduetan?
Barran edo zutik kontsumitzea debekatuta dago barruan zein kanpoan, eta erabiltzaileek mahaian eserita kontsumitu beharko dute. Berariaz gomendatzen da establezimendu horietako terrazetan eta inguruetan ez erretzea; nolanahi ere, gutxienez bi metroko pertsonarteko distantzia gorde beharko da. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da etengabe, elikagaiak edo edariak hartzeko unean izan ezik. 

Ostalaritza-establezimenduetan, jolas-makinetan, jokoetan edo apustuetan erabil daiteke?
Establezimendu horietan ezin da jolas-makinarik, jokorik edo apusturik erabili.