Koronabirusa

Eskola Kirolak etenda segiko du urtarrilaren 11ra arte gutxienez

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 12a, 11:45
Eskola Kirolaren sustatzaile diren Usurbilgo kirolaren alorreko eragileek berriki egindako bileran atera zuten argazkia.

Covid19ari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak gaur martxan jarritako dekretu berriak, erabaki garrantzitsuak dakartza kirol mundurako; kirol federatuko entrenamenduak baimendu dituzte. Aldiz, urriaz geroztik etenda dagoen Eskola Kirola debekatzen segitzeko hautua egin dute, urtarrilaren 11ra arte gutxienez.

Covid19aren hedapena murriztu edo eteteko gaurtik indarrean den Eusko Jaurlaritzaren dekretu berriak hainbat neurri malgutu dituen arren, zenbait alorretan debekuei zorrotz eusten die. Kirol arloan esaterako; kiro federatuko entrenamenduak baimendu ditu bai, seiko taldeetan entrenatu ahalko da aurrerantzean. Aldegelak ere %30ean erabili ahalko dira, dutxak ere bai banaka. 

Arlo honetako gainerako murrizketa edo debekuei eustea erabaki du ordea Eusko Jaurlaritzak; tartean, Eskola Kirola dago. Usurbilen esaterako, urrian astebetez martxan izan ostean, gaur arte indarrean izan den dekretuak bertan behera uztea agindu zuen. Eta gaurkoak ere debekuari eutsiko diola adierazten du; gutxienez urtarrilaren 11ra arte. Egun horretan, eta une horretako egoera epidemiologikoaren arabera soilik erabaki dezakete Eskola Kirola agian martxan jartzea.

Egoera ulerkaitza
Gaztetxoenen kirol eskaintza eten zenetik, prebentzio neurri zorrotzak hartuta bai, baina berriz ere martxan jartzeko beharra azpimarratu eta aldarrikatu izan dute hainbat eragileek; tartean, Usurbilgo kirol talde eta elkarteek. 

Udatik gogor aritu dira lanean, neurri berrietara egokitu eta kirol eskaintza erakargarria prestatzen. Zorrotz bete dute eragileek zegokien ardura, zorrotz bete dituzte baldintzak gaztetxoak. Baina ez da aski izan. Urriaz geroztik, osasunerako onura anitz dakartzan Eskola Kirolarik gabe dira gaztetxoak. Ulerkaitza zaie egoera. Halere, Eskola Kiroleko sustatzaileak, Usurbilgo kirol eragileak eta Udala, dinamikari berriz ekitea baimentzen zaienerako prestatzen ari dira. Elkarlanean bat eginik dira, lerrootan NOAUA!ri adierazi diotenez.

Ikasturtea ohi baino beranduago hasita, neurri zorrotzak hartuta… Hainbat egokitzapen eginda abiatu zenuten Eskola Kirola urrian. Halere eteteko agindua jaso zenuten berehala. Unea nola bizi izan zenuten?
Berez ohikoena Eskola Kirola urria hasieran abiatzea izaten da. Aurten ordea egoera ziurgabeagatik, tarte bat uztea erabaki zen. Banakako kirol jarduerak jarri ziren martxan lehenik. Taldeetakoak bi aste beranduago. Ilusio guztiz hasi ginen, neurriak hartuta eta astebete egin genuen. Kolpean etenaldia etorri zen.

Ikasturte hasieran hartu zenituzten neurriak zorrotzak ziren ordea.
Eskola Kirolean ez da inolako arazorik egon. Hasieratik ahal zela haurrak ikastolako taldeetan mantentzea zen helburua, horrek talde berriak sortzea saihestuko zuelako. Eskola Kirola eten zenean ez zen kasurik. Kirola guztiz segurua da.

Kultur arloan aldarrikatu den moduan.
Bilera bat egin zen kirol eragile eta udal ordezkariekin. Protoko orokorrak aurkeztu ziren. Gero eragile bakoitzak guraso taldeekin bilera zehatzagoak egin zituen, jarduera bakoitzari zegokion protokolo zehatza azaltzeko. Hartu ditugun neurriak onak ziren, denok errespetatu ditugu; tenperatura hartu, eskuak garbitu, banakako ariketak… Ez zen erraza baina neurriak zorrotz bete ditugu. Neurrietara egokitu gara. Eskola Kirola bat-batean geratzea, berriz atzera bueltatzea izan da.

Etenaldia nola azaldu zenieten gaztetxoei?
Haurrekin bildu ginen eta goitik zetorren agindu bat zela azaldu genien, ez zela beraien erantzukizuna. Gauzak ondo egin zituztela helarazi genien, eta horregatik eskertu genien. Ez zela amaiera bat, gero arte moduko bat baizik. Errudun ez sentitzea eskatu genien.

Haien egunerokoan prebentzio neurriak zorroztasun osoz bete dituztenean, “goitik” heldutako agindua ulertzea ez zen erraza izango.
Ez dute ulertu. Oso argi zioten ez zeudela ados eta askok “mania digute” hitza erabili zuten. Ez dute ulertzen, kalean ez dituztelako arau horiek betetzen. Eta Eskola Kirolean zorrotzagoak izanda, zergatik ezin dugu kirola egin, parkean ia neurririk gabe eta arrisku gehiagorekin beste era batera bagaude? Hori ez dute ulertzen. Erabaki honekin kaltetuenak beraiek dira. Ulertezina den desoreka dago. Agindu bakarra eta bera da denontzat, baina leku guztietako errealitatea ez da berdina. Usurbilen, herrigunean ikastetxe bakarra dago, haur ia denak bertako ikasleak dira. Gelan elkarrekin gaude, kopuru handiagoan, denbora gehiagoz. Aldiz, Eskola Kirola, denbora tarte txikiagoan, jende berdinarekin eta arau berak errespetatuz ezin dugu aurrera eraman. Aginagan eta Zubietan ere Zirimara martxan jarri da eta Usurbilen bezala, eskoletako burbuila berdinak mantendu dira. Halere ezin dute ekintza aurrera eraman. Ulertezina da hori.

Gaztetxoek zer moduz daramate etenaldia?
Kalean jolasean dabiltza, pozgarria da baina ez da gauza bera. Kirola ere egin nahi dute eta parkeak ezin du ordezkatu Eskola Kirola. Aspertuta daude parkean izateaz, ohiko errutinara, tartean Eskola Kirolera itzultzeko gogoz dira. Bertan izena eman duenak gogoko duelako apuntatu da. Ikastolatik atera eta beraien gunea izaten da. Gaztetxoei aukera hau emateko eragile bakoitzak ahalegin itzela egin du. Gurasoekin araudiak azaltzeko bilerak egin dira. Hau dena martxan jarri eta gero gelditu da.

Inoiz baino garrantzitsuagoa elkarlana.
Eskutik goaz eragile guztiak, Eskola Kirola baimentzen dutenerako prestatzen. Usurbilen eragile guztiak batera gaude. Gure aldetik dena ari gara jartzen, hau aurrera eramateko. Ona da elkarlan hau egotea. Pandemia aurretik ez genuen ikusten agian eragile batek edo besteak zuen errealitatea. Egoera hau ondo etorri zaigu denok elkarlanean egon eta eragile bakoitzak duen egoera ezagutzeko.

Eragileon arteko elkar ezagutza ere bultzatzen ari da egoera.
Hau herri txiki bat da, aukera oso zabala da. Azkenean haurrei nahi dutena egiteko aukera eman behar zaie. Garrantzitsuena, haurrek Usurbilen kirola egiteko aukera izatea da. Hor dator beste kontraesana; kirola osasuntsua izan eta egin behar dela, haur sedentarioak ez ditugula nahi esaten ari gara eta kendu dena kirola da.

Bigarren etenaldi hau ulergaitzagoa izan daiteke, kalean gabiltzala jakinik.
Ez da ulertzen azkenean kaltetuak beraiek izatea eta jarduera fisikoa egiten ez uztea.  Udaberrikoa itxialdi orokorra izan zen, ez zegoen inor kalean. Dena gelditu zen. Orain geldirik dago kirola baina zabalik daude parkeak, kalera joan daitezke. Kirola egiten zuten pertsonekin ikastolan egoten segitzen dute. Berdinak garadiote. Ez dute ulertzen zergatik ikastolara bai eta kirola ez, eskolaz kanpoko beste ekintzak bai eta kirola ez, kanpoko espazioetan egin daitekeenean.

Bigarren etenaldia da honakoa. Ezin jakin berriz martxan noiz jarriko duten eta etenaldi berririk ez ote den egongo.
Ziurgabetasun handia dago. Kezka handiena haurrek eragiten digute, erdigunean haiek baitaude. Azkenean kaltetuak beraiek dira.

“Etenaldi berri hau, beste kolpe bat da”
Egoera honek eragin kaltegarriak izan ditzake.
Azkenean Eskola Kirola uzten badute, gero bueltatzea oso zaila da. Garrantzitsua da ohitura onak hartu eta mantentzea. Gaztetxoak denera egokitzen dira gainera, gu baino hobeto.

Maila fisikoan, emozionalean… Eskola Kirolaren onurak anitzak dira ezta?
Bereziki orain behar handiena alor emozionalean zegoen, gentozen egoeratik gentozelako. Martxan jarri zenean oso alai eta gogotsu zeuden, gustura. Etenaldi berri hau, beste kolpe bat da. Berriz martxan jartzean seguru gogotsu itzuliko direla. Ikastolan astero galdetzen digute ia berriz hasi ote den.

Adi daude ezta?
Horretara daude. Egunak pasa ahala zain dira ia noiz aldatuko den araudia, berriz noiz hasiko diren.

Erantzuna argia da, baina egin beharreko galdera. Haurren beharrak kontuan hartu dira hilabeteotan?
Aurrez aurreko hezkuntza berreskuratzeko apustu sendoa egin da eta ondo atera da. Kirolean apustu berdina egin behar zuten, segurua baita. Eskoletarako protokoloak jarriak daude, mantendu ditzagun baita kirol arlorako. Kasuak egongo dira baina protokoloak horretarako daude, ez dena bertan behera uzteko. Klase batean positibo bat badago, klase hori konfinatzen da...

Baina ez hezkuntza sistema osoa ezta?
Hori da. Horregatik hartu ditugu neurriak; talde txikiagoak, kontakturik gabekoak… Positiborik egonez gero, seiko talde hori etxera, baina besteekin jarraitzen duzu, ez duzu herri oso bat geratzen kirol arloan. Protokoloa ona da. Kirola garrantzitsua da fisikoki, sozialki, emozionalki eta batez ere adin honetan, psikomotrizitate aldetik. Gorputzaren garapena oso garrantzitsua da azkenean eta kirolak ekarpen handia egiten du. Balore asko lantzen dira; errespetua, autoestima…

Familietan zer sumatu duzue?
Egoera ziurgabe honetan beldurra egon dela sumatu dugu. Ezin zuten jakin zer gertatuko zen, batzuk badaezpada ez dute izena eman, beste batzuk egoeraren bilakaera ikusteko zain geratu dira… Baina beste batzuk zuzenean Eskola Kirolaren aldeko apustua egin dute, gauzak ondo egiten ari zirela ikusi dutelako eta hori ere eskertzekoa da. Eskerrik asko Eskola Kirolean izena emateko apustua egin duten familia guztiei. Gurasoekin izan genuen bileran argibide asko eman zitzaizkien nola izango zen kirola Usurbilen. Neurriak argi izan zituzten. Horrek beraiei segurtasun eta lasaitasun handia eman die; kirola egingo dute baina modu seguruan. Gurasoek garbi izan dute kirola beharrezkoa dutela eta segurua dela. Denon artean lanean jarraitu behar dugu.