Gertuago

"Tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea laguntzen jarraituko dugu"

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 14a, 14:58

Ostalaritza sektorea martxan da berriz larunbataz geroztik. Herrian covid19-ari lotutako egoera epidemiologikoa Osasun Sailaren arabera hobea da orain. Baina kezkatuak daude tabernariak eta baita Usurbilgo Udala ere. Sektorea babestu eta laguntzeko konpromisoa berretsi dute eguerdian Mikel Laboa plazan egin duten agerraldi bateratuan. Elkar zaintzen segitzeko eskaera luzatu dute.

Bigarren itxialdiaren ostean berriz ere herriko ostalaritza sektorea zabaldu berri duten honetan, covid19aren intzidentziaren beherakadaren ondorioz eremu laranjatik horira igaro garen astelehen honetan agerraldia egin dute Usurbilgo ostalariek eta Udalak Mikel Laboa plazan.

Azaroan eremu gorrian egon ostean, egoerak hobera egin du bai, covid19-aren "bigarren olatua" apaltzen doala dirudi, baina kezkatuta agertu da Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesa. "Atzera itzultzeko muga ez dago hain urruti eta beraz ezin dugu erlaxatu", ohartarazi du. Gogorarazi duenez, "alarma egoera betean gaude eta ezin dugu ahaztu duela gutxira arte transmisio altuko herria izan dela gurea".

Osasun krisialdi betean gara baina baita horren eraginez, "jada hasi gara pairatzen krisi sozial eta ekonomikoa ere". Errealitate latz honen isla argia dira alkateak alboan zituen Usurbilgo ostalariak. Testuinguru honetan ezinbestekotzat jo du, "neurriak hartzen jarraitzea", eta neurriokin batera, "neurri horiek gehien eragingo dieten kolektiboei begirako babes neurriak hartzea".

"Usurbil bizirik nahi dugu"
Hilabeteotako konpromisoa berretsi du lehendik ere gertu izan baina pandemia hilabeteotan gure egunerokoan gertuago izan ditugun dendari edota tabernariekin. "Badakigu garai latzak izaten ari direla haientzat eta horregatik saiatu gara hasieratik herriko merkataritza eta ostalaritza laguntzen eta ahal bada baita sustatzen ere, ukaezina baita tokiko merkatartitzak, ostalaritzak eta zerbitzuek herriari ematen dioten bizitasuna".

Hala erakutsi dute alkatearen esanetan, sektoreak aurre egin behar izan dien udaberriko nahiz udazkeneko bi itxialdiei. "Pertsianak jaitsita, hilik ikusi dugu herria eta ez dugu halakorik nahi. Usurbil bizirik nahi dugu eta horretan ari gara lanean", nabarmendu du alkateak.

Laguntzen jarraitzeko konpromisoa
Sektorearen kezka Udalak ere partekatzen duela adieraztearekin batera, haien ahotsa entzun dutela aditzera eman du Solaberrietak. "Udalak entzun ditu ostalaritzaren aldarriak, kezkak eta baita laguntza eskaera ere. Izan ere gu ere kezkatuta gaude itxierak ekar ditzakeen ondorioekin. Hainbat eta hainbat familien bizibideaz ari baikara hizketan eta hori ez da inolako broma", nabarmendu du.

Horretarako abiarazi zuten uda aurretik Gertuago egitasmoa, eta ildo beretik segitzeko konpromisoa berretsi du gaur udal gobernu taldeak. "Tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea laguntzen jarraituko dugu", iragarri du.

Azaroaren 7an itxi behar izan zituzten negozioak diruz laguntzeko lerro berri bat sortzeko lanetan ari da Udala, negozio bakoitzak "1.000 eurora arteko laguntza jaso ahal izango du". Horrekin batera, bigarren irekiera honetan "terrazak babesteko lanketan ari gara tabernariekin, karpak jartzeko aukera erraztuz".

Langile guztiok hilabeteotan inoiz baino gertuago izan ditugun moduan, guk modu berean erantzuteko unea dela adierazi du alkateak. "Eurak gertu daude eta gertu behar gaituzte. Segi dezagun elkar zaintzen, hori izango baita elkarrengandik gertu egoten jarraitzeko modu bakarra".