Gertuago

"Guk lan egin behar dugu"

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 14a, 14:28

Kezka eta ziurgabetasuna nagusi azken aldi luze honetan ostalaritza sektorean bizi dugun pandemiaren eraginez. Abenduaren 8ko elkarretaratzean argi utzi zuten Usurbilgo tabernariek eta beste hainbeste egin dute gaur ere Usurbilgo Udalarekin batera eguerdian Mikel Laboa plazan deitu duten agerraldi bateratuan. "Guk lan egin behar dugu", horixe jada bi itxialdiei aurre egin beharrean aurkitu diren langileen aldarri nagusia.

Larunbatean, abenduaren 12an zabaldu ahal izan zituzten azkenean haien negozioak, urte honetan izan duten bigarren itxialdiaren ostean. Lehenengoa udaberriko konfinamenduan izan zen; orduko hartan ia hiru hilabetez itxita egon ziren ostalaritza guneak. Azaroaren 7an bigarrenez eta bat-batean negozioak ixteko bigarren agindua jaso zuten.

Abenduaren 12an ireki ostetik hirugarren lan eguna zuten gaurkoa eta Mikel Laboa plazan batu dira sektoreko hainbat langile Usurbilgo Udalarekin batera egin duten agerraldi bateratuan. Lanerako itzulera hau, Bordatxoko langile Paulino Ibargoienek argi utzi duenez, "ez da izan guk nahi genuen bezalakoa, gazi-gozoa izan da". 

"Hobeto ezin dugu egin"
Ireki bai, baina neurri zorrotzen artean lan egin behar dute; barruko aforoa erdira jaitsita, ezin zutik eta barran kontsumitu, iluntzeko 20:00etarako itxi egin behar... Halere argi du Paulinok, kolektibo bezala ostalarien sektoreak bizi duen egoera zail honetan eta gero negozio bakoitzak dituen arazo partikularren aurrean, "guk egin behar duguna da lana".

Ahal bezain laster, baldintza malguagoetan, "normalagoetan" lan egin ahal izateko beharra adierazi du. "Ia pixka bat uzten diguten hau bestela ezinezkoa izango baita". Bide horretan argi du, "ezin gara erlaxatu, ahal den guztia egiten segi behar dugu", nahiz eta tabernariek bai, ezartzen zaizkien aginduak (garbitasuna, distantzia, aforoa, ordutegia...) zorrotz betetzen dituztela jakin. "Guk hobeto ezin dugu egin", utzi du argi.