Gertuago

"Ez dezala gure aisiak haien bizibidea ito"

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 14a, 14:19

"Gozatu geurean, arduraz" eta "elkar zaindu dezagun!", mezu hauexek eskuartean zituztela egin dute agerraldia ostalaritza sektoreko langileek Udalarekin batera astelehen eguerdian Mikel Laboa plazan. Aurrerantzean establezimendu hauetan ikusiko dituzuen kartelak dira ondoko irudikoak.

Tabernetara joaterakoan kontuan hartu eta zorrotz betetzen segi beharko ditugun arauak biltzen ditu; askotan aipatu arren, oraindik orain errepikatzen segi beharrekoak; "maskara erabili, 1,5 metroko distantzia mantendu, mahaien desinfekzioa egin arte itxaron, lokal honetako langileen esana errespetatu". 

Ostalariak hilabete zail hauetan gertu izan ditugun moduan, "egin ahalak egin dituzte ahalik eta zerbitzurik onena emateko, gu guztion osasuna bermatzeko, osasun neurriak errespetatzeko", orain gainerakoon txanda da; "gertu behar zaituztegu", eskatzen digute tabernariek, elkar zaintzarako deia eginez.

"Bistan da herritarrok ostalariek gertu behar gaituztela, gertu baina arduratsu, izan ere osasun krisiari aurre egiteko modu bakarra kolektiboki egitea da. Herritar, merkatari eta instituzio guztiok elkarrekin egin behar diogu aurre", adierazi du Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak.

"Zaindu dezagun elkar"
Deia luzatu nahi izan diete herritarrei. "Joka dezagun arduraz eta goza dezagun gure tabernetan eta jatetxeetan, zaindu dezagun elkar, manten ditzagun distantziak, eskuak desinfektatu, mahaien desinfekzioa egin arte itxaron eta batez ere errespeta ditzagun gure lokaletako langileen esanak". 

Elkarrengandik gertu egoteko garaia dela gogorarazi du alkateak eta arduraz ez jokatzeak eragin dezakeen kalteaz ohartarazi. "Ez dezala gure aisiak haien bizibidea ito".