Eskualdean jazotako lan-istripuetan izan diren bi langileren heriotza salatzeko elkarretaratzea ostiralean

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 17a, 12:50

Euskal gehiengo sindikalak deitu du mobilizazioa, ostiral goizean (abenduak 18) 11:00etan Eusko Jaurlaritzak Donostiako Andia kalea 13an duen egoitza atarian.

68 langile hilda eta beste bat Zaldibarko zabortegian desagertua. Amaitzear dugun 2020. urte hau ere latza izan da beste behin, lan-istripuei dagokienean Euskal Herrian. Azken bi heriotzak gainera, eskualdean bertan, Buruntzaldean jazo dira. Asteartean Andoainen A-15 autobidean garraiolari bat hil zen. Eta astelehenean jakin zenez, Hernaniko "Papelera Zikuñagako" 23 urteko langilea hil zen, urrian lantokitik etxera zihoala izandako auto istripuak eragindako lesioen ondorioz.

Bi heriotza hauek salatzeko elkarretaratzea deitu dute LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek, euskal gehiengo sindikalak alegia, ostiral honetarako, abenduak 18, goizeko 11:00etan Donostiako Andia 13 kaleko Eusko Jaurlaritzaren egoitza atarian. LAB sindikatutik "gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoen senitarteko eta gertukoei".

Lan-istripuon aurrean, "mobilizazioa eta borroka funtsezkoak dira istripuen aurrean. Horregatik, LABen laneko heriotza bakoitza salatzen jarraituko dugu eta enpresa eta administrazio publikoei esparru honetan hobekuntzak eskatzen. Deia egiten diogu langile klaseari, deituko den salaketa mobilizazioan parte hartzera".

68 hildakoetatik 13 garraiolariak direla ohartarazten du LAB sindikatuak. Eta beste batek, Zaldibarko zabortegian desagertua jarraitzen du. "Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekariagoak dira. Garraiolariek, askotan, ez dute lan-istripu nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik. Izan ere, nagusiki langile autonomoak edo ustezko autonomoak baitira, eta gainera, euren lan-istripuak ez dira estatistika ofizialetan kontuan hartzen. Horrela, administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen prekarietate egoeraren ezagun izan arren".

LAB-etik gaineratzen dutenez, "a
zpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desarautze basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Beste askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartzen dituzte. Hauei guztiei gehitu behar zaie muturreko tenperatura, errepideen egoera negargarria, eguraldia... Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira Administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan".

"Prekarietate egoera hauek are larriagoak dira garraio sektorean"
ELA sindikatutik ere elkartasun eta salaketa mezua. "Hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasun eta babes zintzoena adierazteaz harago, egun langileek jasaten duten prekarietate egoera salatu nahiko genuke; prekarietate hau, lan erritmo jasanezin, jardunaldi amaigabe, eta sektoreko hitzarmen nahiz prebentzio araudegiaren betegabetzeetan bihurtu ohi da, administrazioak honen guztiaren aurrean beste alde batera begiratzen duen bitartean, behin eta berriro, modu sistematikoan. Prekarietate egoera hauek are larriagoak dira garraio sektorean".

Larritzat jotzen duten egoeraren aurrean, "prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak berehalakoan ezarri ditzala exigitzen dio ELAk Eusko Jaurlaritzari, lantokietan antolatu eta urtean 50etik gora lagunen bizitza aurretik eramaten duen bidegabekeriaren aurka borrokatzeko deia luzatzen duen aldi berean. Borondate politikoa eta enpresarien behin-betiko konpromezua besterik ez dira behar lakra honekin amaitzeko, irabazi gosearen gainetik langileen osasuna eta segurtasuna jarriz".