Aurrekontuak

PSE-EEk EHBilduri eskatu dio atzera bota dezala udal aurrekontu proposamena

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 17a, 17:21
Udalbiltzarentzako bi partidak kentzea eta herriko elkarteentzako laguntzak handitzea proposatu du Patxi Suarez PSE-EEko zinegotziak.

PSE-EEk osoko zuzenketa aurkeztuko die 2021eko udal aurrekontuei. Patxi Suarez udal zinegotziak NOAUA!ri azaldu dioenez, “murrizketengatik eta dirulaguntza ideologikoengatik” hartu du tamainako erabakia.

Osoko zuzenketaz gain, PSE-EEk zatikako 49 emendakin aurkeztuko ditu. EHBilduk gidatzen duen udal gobernu taldeari eskatu dio 2021erako aurrekontu proposamena atzera bota dezala eta “beste aukera ezberdin batzuk aztertu ditzala, zerbitzu publikoak eta dirulaguntzak murriztuak izan ez daitezen”. PSE-EEk proposamen hau egin du “pandemiak Usurbilen eragin duen krisi-egoera okertu ez dadin”.

Covid-19 birusak eragindako pandemiak krisi larria sortu du, “ez soilik osasun arlokoa, baita ekonomikoa ere. Ezin ditugu aurrekontu hauek babestu, non arau orokorra den iazko aurrekontuetan aurreikusitako partidak murriztea”.

PATXI SUAREZ, PSE-EE

“Krisi garaietan agerian geratzen da udal gobernu batentzat zeintzuk diren lehentasunak eta Usurbilen agintean den alderdiaren ideologia saritzen da, hiritarren lehentasunen gainetik”

Patxi Suarez zinegotziaren esanetan, “udal gobernuak %2ko beherapena ezarri du partida guztietan. Neurri hori irizpide orokor gisa ezarri du eta ulertezina da”. Usurbilgoa baita Gipuzkoako udalerri bakarretakoa non diru sarrerak handitu egingo diren. “Iazko aurrekontuekin alderatuz, milioi erditik gora” handituko ei da diru sarrera hori.

PSE-EEko zinegotziaren esanetan, Gizarte Zerbitzuak blindatzeko apustua egin beharko litzateke. “Baina udal gobernuak Eguneko Zentroaren zerbitzuak murriztu egin nahi ditu eta baita nagusien garraio zerbitzua ere, herritarrei zuzendutako beste programa batzuekin gertatu den bezala. Etxebizitza tutelatuen programazioa %63an, Osasun Planaren garapena %46an, adin txikikoen gatazkak ekiditeko programa %67an, emergentzia programa %67an…”.

“Ez hori bakarrik”, PSE-EE alderdiaren esanetan, “udal gobernu taldeak modu nabarmenean gutxitu ditu herritarrei eta elkarte ezberdinei zuzendutako udal dirulaguntza publikoak, herrian hain lan ona egiten duten horiei”. Adibide batzuk zerrendatu ditu ohar bidez zabaldu duen idatzian:

%25 gutxiago Santixabel jaietarako adostutako dirulaguntzan.

%19 gutxiago kultur arloko dirulaguntza deialdi irekietan.

%25 gutxiago euskaltegiarekin adostutako dirulaguntzan.

%10 gutxiago kirol taldeei eskainitako dirulaguntza zuzenetan.

“%100ean jaitsi du emakumeen kirola sustatzeko dirulaguntza, partida desagerraraziz”.

%26ko murrizketa kirol arloko laguntza berezietan.

“%100ean gutxitu du San Ixidro, Sagardo Eguna, San Tomas, Erle Eguna eta Andatza Eguneko jardueretarako partidak”.

%40ko murrizketa adinekoen egoitzekin hitzartutako dirulaguntzan.

%46ko murrizketa garapen bidean diren herrialdeentzako partidan.

 

“Politika identitarioak”

Krisi garaietan agerian geratzen da udal gobernu batentzat zeintzuk diren lehentasunak eta, Usurbilgo kasuan, “agintean den alderdiaren ideologia saritzen da, hiritarren lehentasunen gainetik”. PSE-EEren esanetan, hauek dira EHBilduk saritzen dituen herri politika identitarioak:

- “Naziometroa delakoarentzat 4.000 euroko partida bat gorde du udal gobernu taldeak”.

- Udalbiltzarentzako 20.000 euroko partida mantendu du”.

- Udalbiltza diruz laguntzeko 10.400 euroko partida berria sortu du, kultura promozionatzeko helburuarekin, herriko elkarteei kultur arloko laguntzak murrizten zaizkien aldi berean”.

- “Memoria Historikoa eta Bizikidetza partidaren %2ko murrizketa”.

- “Berdintasuna eta Aniztasunari zuzendutako partidaren %17ko beherapena”.

 

15.000 euroko partida, “emakumeen partehartzea sustatzeko”

Murrizketen aurrean, alderdi sozialistako ordezkariak dio badirela alternatibak: “kredituetara jo, lehentasunezkoak ez diren gastu edo inbertsio batzuk atzeratu...”. Gerora, 2020ko aurrekontuaren likidazioaren ondorengo superabita baliatuz, udal aurrekontuetan txerta daitezkeenak. “Baina EH Bilduk baztertu egin du aukera hori”.

Osoko zuzenketaz gain, PSE-EEk zatikako 49 emendakin aurkeztu ditu. Euskal subiranotasunari buruzko barometroa egiteko partida 4.000 eurotan murriztea, Udalbiltzarentzako bi partidak kentzea, herriko elkarteentzako dirulaguntza-poltsa 5.000 eurotan handitzea, eta herriko kultur taldeentzako partida 15.000 eurotan handitzea.

Publizitaterako 14.400 euroko partida kentzea, eta Gizarte Zerbitzuak 45.000 euro gehiagorekin blindatzea. “Gipuzkoan familia asko daude oso gaizki pasatzen ari direnak eta dirua publizitatean gastatzea ez da neurri zuzena”. 

Azkenik, 15.000 euroko partida proposatu du emakumeen partehartzea sustatzeko. Ezgaitasun edo dependentzia arazoak dituzten pertsonentzat, PSE-EEk 6.000 euroko partida sortzea proposatzen du: “Gizarte Segurantzak estaltzen ez dituen mediku tratamenduak ordaindu ahal izateko”.