Aurrekontuak

EAJk zazpi proposamen aurkeztu ditu 2021eko aurrekontuetan jasoak izan daitezen

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 17a, 17:36
“Etxealdiako zubiaren luzapena aurreikustea proposatzen dugu, trenbidea saihestu eta Santueneara doan zubiraino bidegorri batekin lotuz”.

EAJ-PNV udal taldeak zazpi  proposamen erregistratu ditu, Ogasun Batzordean aztertu eta 2021. urteko udal aurrekontuetan kontuan har daitezen.

 

Zazpi proposamen horietatik hiru 2020ko aurrekontuetan jasoak zeuden baina Covid-19arengatik bertan behera geratu dira: Kaxkotik Zubietarako bidegorria egitea Ugaldea industrialdearen atzetik; Etxealdia auzoko irisgarritasuna hobetzea eta Bizikidetza eta Memoria lantzea.

Beste lau proposamenak berriak dira: Banda Zabala landa eremuetan bermatzea; Etxealdiako zubia luzatzea; Harane futbol zelaian harmailak ipintzea eta parke eta pasealekuetan eserleku egokiak jartzea. 

EAJren esanetan, “orotara  171.000 euroko kopurua sei partidetan banaturik, 2021eko udal aurrekontuetan jasotzeko helburuarekin” aurkeztuak izan direnak.

 

Banda Zabala landa eremura zabaltzea

Aurreko astean Banda Zabalaren inguruko proposamenaren berri eman genuen NOAUA!n. Josune Urkola zinegotzi jeltzalearen esanetan, “abenduaren 4an udal erregistroan egindako eskaeraren ildotik,  landa eremuan Banda Zabala bermatzea eskatzen dugu. Uste dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen ekimena gauzatzeko, Udalak bitartekoak jarri behar dituela.  Nahiz eta orain arte zuritutakoa 2022an ordaindu behar dela jakin, zuriketa lanak egiteko 30.000 euroko partida bat gordetzea eskatzen dugu”.

 

JOSUNE URKOLA, EAJ

EAJk beharrezkoa ikusten du harmailak ipintzea Harane futbol zelaian, eta “hasiera gisa 40.000 euroko partida bat sortzea proposatzen dugu”

 

Etxealdiako zubia luzatu, trenbidea saihestuz

Etxealdiako zubiari dagokionez, “bere luzapena  aurreikustea  proposatzen dugu, ETSrekin (Euskal Trenbide Sarea) elkarlanean  trenbidea saihestu eta Santuenera doan zubiraino bidegorri batekin lotuz”. Josune Urkola EAJko bozeramailearen esanetan, “hau gauzatu dadin, proiektua idazteko partida bat beharrezkoa deritzogu”.

 

Harmaila jartzea Haranen

Harane futbol zelaian harmailak jartzea da jeltzaleek egiten duten beste proposamena. “Covid-19ak argi eta garbi adierazi digu  kurtso berria hasi denean ikuslegoa Harane zelaira  bertaratzeko arazoak izan direla eserlekurik ez dagoelako”. EAJren esanetan, “beharrezkoa iruditzen zaigu azpiegitura honen hutsunea konpontzea eta horretarako,  hasiera gisa, 40.000 euroko partida bat sortzea proposatzen dugu”.

 

Parkeetan eta pasealekuetan eserleku egokiak jartzea

“Azken boladan eserleku berriak jarri dira egungo estetika modernoarekin”, dio EAJk. “Eserleku hauetako batzuk ordea ez diote adineko pertsonek edota mugikortasun arazoak dituzten beharrei erantzuten, ez dutelako ez bizkarralderik eta ez besoentzako euskarririk”. Alderdi jeltzalearen esanetan, “honek, zenbaitetan,  arazoak sortzen die jaikitzeko unean. Horregatik estetika hutseko eserlekuak   baino, lehentasun handiagoa izan behar dute eserleku egokiak edukitzea, bai esertzeko unean eta bai altxatzerakoan”. 6.000 euroko partida proposatzen du EAJk,  “bizkarraldeak eta besoentzako euskarriak dituzten eserleku egokiak jartzen hasteko”.

 

2020an aurkeztutako hiru proposamen aurkeztu ditu berriro

2020ko aurrekontuetan jasoak izan ziren hiru proposamen hauek, baina Covid-19aren ondorioz bertan behera utzi behar izan ziren. Berriro aurkeztu ditu talde jeltzaleak.

 

Oinezko eta txirrindularientzako bidea Kaxkotik Zubietara

Beharrezko dokumentuen idazketarako zein kudeaketaren kostuari aurre egiteko “30.000 euroko partida eskatzen dugu. Partida hau 2020ko aurrekontuetan onartu zen baina ez da aurrera eraman eta berriro jasotzea eskatzen dugu”, dio Usurbilgo EAJk.

 

Etxealdiako irisgarritasuna eta antolamendua hobetu

Etxealdia auzoa  kaxkoan bertan dagoen eremu bat izanik, gaur egun N634 errepidearen eta kale Nagusiaren arteko uharte bat dirudiela dio EAJk. “Horregatik ezinbestekoa deritzogu Etxealdia eta  Bizkarre arteko eremuaren garapena bultzatzea, eremu guztiaren berrantolaketa lortzeko eta, honekin batera, Etxealdia auzoko irisgarritasunari eta kaxkoarekiko isolamendu arazoari aurre egitea”. Hau guztia aztertzeko, Usurbilgo EAJ-PNVk aurrekontuetan 50.000 euroko partida bat jasotzea eskatzen du.

 

Bizikidetza sustatzeko partida

2020an aurkeztu baina garatu ez den proposamen bat luzatu du berriro EAJk. “Kultura politiko demokratikoa, bizikidetza eta giza eskubideen arloan ekimenak  garatzeko 15.000 euro bideratzea proposatzen dugu. Helburua da bakea betiko eta modu atzeraezinean finkatzea, bizikidetzara bideratzen laguntzea eta Usurbilgo kultura demokratikoan sakontzea, herritarren artean giza eskubideen ezagutza sustatuz”.