2021eko udal aurrekontuak hasieraz onartzeko ezohiko udalbatzarra asteazkenean

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 19a, 10:09

Datorren urteko udal aurrekontuei behin behineko onarpena emateko ezohiko udalbatzarra deitu dute datorren asteazkenerako, abenduaren 23rako.

Gerora datozen jai egunak tarteko ohi baino lehenago, eta urte berriari begirakoa izango da Usurbilgo Udalak astezkenerako, abenduaren 23rako deitu duen ezohiko udalbatzarra. 2020a amaitzerako 2021eko udal aurrekontuak hasieraz onartu edo ez bozkatuko dute. Horrekin batera, baita "Plantilla Organikoa" eta "Lanpostuen Zerrenda" ere.

Udal gobernu taldeak landutako aurrekontuak oposizioko kideei aurkeztu zizkien hilabete hasieran. Hortik aurrera lehen hamabostaldian udal taldeon eta herritarren ekarpenak biltzeko epea zabaldu zuten; tartean herritarrei zuzenduriko aurkezpena ere antolatu zuten hilaren 9an Potxoenean. Ostiral goizean eginiko Ogasun Batzordean aurrekontuok diktaminatu zituzten; orain hurrengo urratsa, asteazkeneko udalbatzarrean hasieraz onartzea izango da. 

Behin behineko onespen horren ostean, alegazioak aurkezteko 15 eguneko epea zabalduko dute; halakorik ez balego, urtarrila amaieran behin betiko onartu asmo dituzte udal aurrekontuok.

Diru kontuak hizpide beraz datorren asteazkeneko udalbatzarrean. "Eusko Jaurlaritzari Udalentzako ezohiko diru funtsa berezi gehigarria eskatzea" ere hizpideen artean izango dute. Gai honi lotutako mozioa aurkeztu eta bozkatuko dute.

EZOHIKO UDALBATZARRA
Eguna:
abenduak 23, asteazkena.
Ordua:
18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Gai zerrenda:
1-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2020ko azaroaren 16tik abenduaren 11ra (2020/886-2020/941).
2-2020/954 dekretuaren berri ematea (Alkatearen eginkizunak eskuordetzea).
3-2020ko Aurrekontuaren exekuzio espedientearen berri ematea.
4-2021eko Aurrekontu Proiektua hasieraz onartzea.
5-2021eko Plantilla Organikoa hasieraz onartzea.
6-2021eko Lanpostuen Zerrenda onartzea.
7-Urdaiagako "Erroizpe Zentrala" izeneko udal eraikinaren atzealdean dagoen Angel Añorga Galarragaren jabetzako lursail batek erabilera publikoa izan dezan, Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-28 (Zabaltxipi) eremuari eragiten dion Hirigintza Hitzarmena behin betiko izaeraz ontzat ematea.
8-Mozioa: Eusko Jaurlaritzari Udalentzako ezohiko diru funtsa berezi gehigarria eskatzea.
9-Galdera-eskaerak.