"Bateragune" auziari #BateraAurre egitera deitu dute

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 19a, 13:42

"Bateragune" auzian epaitu eta zigortutakoak berriz epaitzeko Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren aurkako protesta eguerdia izan da gaurkoa Euskal Herria osoan, baita Usurbilen ere, egin diren mobilizazioen bidez. "Bateragune" auziari #BateraAurre egiteko deia egin dute.

Larunbat eguerdiko 12:00etan Mikel Laboa plazak zuen itxura duzue ondoko irudietan. Ordu berean, Euskal Herriko udalerrietako plazek zuen tankera beretsua. Mobilizatzeko unea zen gaur eguerdia, aipatu moduan Euskal Herria osoan. "Bateragune" auzikoak bigarrenez epaitzeko Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren aurka protesta egiteko. Demokrazia eskatzeko.

"Bateragune" auziari azken orduotan sare sozialetan sarritan baliatu den traola errepikatuz, #BateraAurre egiteko elkartu dira hainbat herritar Mikel Laboa plazan. Elkarretaratzea egin dute lehenik, talde argazkia aterata amaitu dute hitzordua. Usurbilen bezala, Euskal Herria osoan egin dira antzeko mobilizazioak. 

Gogoan izan, eragile anitzek deitu dituztela hitzorduok; ELA, LAB, Steilas, ESK, Podemos Euskadi, Ezker Anitza IU, EH Bildu, Izquierda Unida Navarra (NEB), EH Bai, Gure Esku Dago, Emakumeon Mundu Martxa, Bilgune Feminista, Sare eta Etxerat-ek.

Oinarrizko eskubide demokratikoen aurka
"Demokrazia" aldarripean mobilizatzera dituzte herritarrak larunbat eguerdi honetan 12:00etan Euskal Herri osoan deitu dituzten elkarretaratzeetan. Usurbilgoa ordu berean, 12:00etan egingo da, Mikel Laboa plazan. "Demokraziaren aurkako erasoen aurrean #bateraaurre" egiteko deia luzatua zuen Usurbilgo EHBilduk, sare sozialen bidez.

Espainiako Auzitegi Gorenak, bere garaian "Bateragune" izeneko auzian epaitu eta zigortutakoak berriz epaitzeko hartutako erabakiaren harira deitu dituzte protesta hitzorduok Euskal Herria osoan. Kezkaz begiratzen diote, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Rafa Diez berriz epaitzeko Espainiako auzitegiek hartutako erabakiari, "oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako erasoa dela ulertzen den heinean". 

Erabaki horren larritasunak batu ditu eragile guztiok adierazpen honen eta larunbat honetako protesta deialdien bueltan:

ERAGILEEN ADIERAZPENA
Espainiako Auzitegi Gorenak "Bateragune auzia" delakoagatik zigortutakoak berriro epaitzeko hartutako erabakiak kezka handia eragin du, oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako erasoa dela ulertzen den heinean. Horren larritasunak hausnarketa bateratua eta kolektiboa eragin du EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialen artean. Hori horrela izanik, behean sinatzen dugunok hartu dugun erabakiaren berri eman nahi dugu, erabaki judizial horri erantzun irmo eta zeharkakoa eman ahal izateko.Hori dela eta, herritarrei jakinarazten diegu elkarretaratzeak deituko ditugula larunbat honetarako, abenduaren 19rako, herri guztietan, eguerdiko 12:00etan, "Demokrazia" lelopean.


Era berean, dei egiten diegu herrialdeko herri, gizarte eta kultur eragile guztiei deialdi honekin bat egin dezaten eta, era berean, gonbidapen hau gizarte osoari zabal diezaioten.

Dei egiten dute: ELA- LAB- Steilas- ESK- Podemos Euskadi-  Ezker Anitza IU- EH Bildu- Izquierda Unida Navarra (NEB)- EH Bai- Gure Esku Dago- Emakumeon Mundu Martxa- Bilgune Feminista- Sare- Etxerat.