"Preziyo juxtua" ekimeneko txapeldunek Hurbilagoren sariak jaso dituzte

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 21a, 14:03

Pozik jaso dituzte "preziyo juxtua" ekimeneko erakusleihoaren balioa diruz hobekien kalkulatu zuten 10 lagunek, Hurbilago Elkarteko kide diren establezimenduak txapelketa berezi honetarako emandako opariak. Erakusleihoaren balioa da hain zuzen oparitu dutena, herrian bizitzeaz gain, herrian erosketak egiten aritu direnen artean; 2.435,70 euro guztira denetariko oparietan.

Kontzeju Zarra 13 kaleko erakusleihoa hustu dute egunotan; gustura hustu ere. Erakusleihoko opariak, herrian bizi eta herrian, herriko saltokietan erosketak egiten dituztenen artean banatu baititu Hurbilago Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkarteak. Herrian erosten aritu eta aipatu bilguneak antolaturiko "preziyo juxtua" ekimenean parte hartu zutenen artean, zehazkiago esatearren.

Kontzeju Zarra 13 kalean, 2015eko Kilometroak-en "Gattunk" denda izan zenaren erakusleihoan denetariko produktuak ikusi ditugu asteotan; jatekoa, edatekoa, etxetresna elektrikoak, jolasak... Erakusleihoaren balio zehatza (pasa gabe) asmatzean oinarritua zegoen Hurbilagoren "preziyo juxtua" ekimena. 

Horretarako, Hurbilagoren saltokietan erosketak egin, txarteltxo batean datu pertsonalak idatzi eta zifra batekin erakusleihoaren balioa zehaztu behar genuen. Preziotik gertuen ziren 10 lagun sarituko zituela iragarri zuen Hurbilagok.

10 saritu
Aurreko astean berri eman genizuen moduan, baten faltan bi herritarrek asmatu dute erakusleiho honen "preziyo juxtua"; 2.435,70 eurokoa zen dirutan zuen balioa. Bi lagunokin batera, prezio horretara gehien gerturatu diren beste 8 lagun ere saritu ditu Hurbilagok. Guztiek, erakusleihoan ikusgai zen produktu sorta etxeratu dute. Ondoko argazkietan ikus ditzakezuen moduan, pozik asko gainera.

Ekimen ezin arrakastatsuagoa izan da "preziyo juxtua" kanpaina. Dendariak eta bezeroak batu ditu; dendariak euren saltokietako produktuak oparituta. Bezero diren herritarrek, Usurbilen bizi eta bertako dendetan erosita. Usurbilen bizi eta erosteak saria izaten baitu sarritan. Honako ekimen hauxe duzue horren adibide argia.

Segidan hamar sarituen zerrenda eta argazkiak, eta bakoitzak Kontzeju Zarra 13ko erakusleihori jarritako prezioaren berri.

SARITUAK
1-Javier Ibarra: 2.435 euro.


2-Koro Arroyo: 2.435 euro.

3-Imanol Uribe: 2.434,50 euro.

4-Joxe Mari Arzallus: 2.433,45 euro.

5-Ainhoa Salsamendi: 2.431,14 euro.

6-Unax Lasa: 2.428,3 euro.

7-Jexux Arrillaga: 2.427 euro.

8-Iciar Alcorta: 2.424 euro.
 
9-Eider Gorostidi: 2.423 euro.


10-Loli Fernandez: 2.422,50 euro.