2021eko udal aurrekontuak

PSE-EEk udal aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketa alboratu eta abstenitu egingo da

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 22a, 11:13

Duela astebete iragarritako osoko zuzenketa eta emendakin partzialak alboratu eta asteazken honetan (abenduak 23) egingo den udalbatzarrean EHBilduk hasieraz onartzeko aurkeztuko dituen 2021eko udal aurrekontuen aurrean abstenitu egingo dela iragarri du Usurbilgo PSE-EE-k.

2021eko udal aurrekontuak hasieraz onartzeko udalbatzarra deitua dago asteazken honetarako (abenduak 23), 18:00etan Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan. Eta azken egunotan aurrekontu proposamen honekiko mugimendurik izan da udal taldeen artean. Urteko azken aldizkarian berri eman genizuen moduan, PSE-EEk osoko zuzenketa aurkeztu zien urte berriko aurrekontuei, zatikako beste 49 emendakinekin batera. PSE-EEk proposamen hau egin zuen, udal talde honen esanetan, “pandemiak Usurbilen eragin duen krisi-egoera okertu ez dadin”.

EHBilduk gidatzen duen udal gobernu taldeari 2021erako aurrekontu proposamena atzera bota dezala eskatzen zion PSE-EEk. Azkenean ordea, PSE-EE izan da bere osoko zuzenketa eta aipatu gainerako emendakin partzialak alboratu dituena. Azkenean aipatu alderdiak Usurbilgo Udalean duen ordezkari bakarrak, asteazkeneko ezohiko udalbatzarrean abstenitu egingo dela iragarri du. 

Erabakiz aldatu du Patxi Suarez zinegotziak, "EHBilduren udal gobernu taldeak egindako negoziazio prozesuaren ostean". PSE-EEtik ohar bidez jakitera eman dutenez, "udal gobernu taldearen jarrera irekia baloratu ostean, bi alderdien arteko bileraren giro onak akordio batera heltzea erraztu du". Koherentziaz eta erantzukizunagatik udal aurrekontuon aurrean abstenitu egingo dela iragarri du Suarezek.


PSE-EEtik diotenez ordea, EHBilduk aurkezturiko aurrekontuok "ez dira sozialistok Usurbilentzat landuko genituzkeenak izango". Aurrekontuetan gobernuen norabide politiko eta ekonomikoa islatzen dela ohartarazita, "sozialistok ez gaude ados EHBilduk aurreikusitakoarekin".

Halere, udal aurrekontuekiko haien jarrera aldaketan bizi dugun pandemiak eragin zuzena izan duela dio Suarezek. "Pandemiak eragindako osasun, ekonomia eta gizarte krisiak zerikusi handia izan du, gure jarrera malgutu eta akordio batera heltzeko ahalegina egin behar dugula ulertzen dugulako".

Hala, PSE-EEtik zehaztu dutenez, "EHBilduk guztira 21.580 euroko zatikako 15 emendakin onartu ditu. Elkarbizitzari, Memoria Historikoari, kulturari eta euskarari, ingurumenari lotutako neurriak adostu ditugu, besteak beste". Emakumeen kirolari zuzenduriko laguntzetan izan den gorakada ere nabarmentzen du Suarezek. 

Dependentzia egoeran izan edota desgaitasunen bat duten pertsonen kasuan, Gizarte Segurantzak ordaintzen ez dituen medikuntza-tratamenduei zuzenduriko diru-laguntza lerro baten sorrera ere goraipatu du.

PSE-EEk alboraturiko zatikako emendakinen artean daude: Haur Eskolaren gastuen murrizketa jaiotza-tasan izandako beherakadaren eraginez eskarian izan den jaitsieragatik, baita covid19-aren eraginez adinekoen zentrorako laguntza murriztea bertan izan den erabilera baxuagoagatik.

EHBildurekin akordio batera heldu arren ordea, Suarezek uste du "Usurbilek kreditu batera jo beharko duela, beharrezkoa bada", eta hala gertatuko balitz, aukera hau ez baztertzea eskatzen du. Partida batzuei dagokienean bi alderdiak desados egoten segitzen dutela ere gaineratu du; adibidez, "politika subiranistetan sakotzen duen Udalbiltzari egiten zaion ekarpenean".