Koronabirusa

EAE-n ere abenduaren 27tik aurrera ekingo diote txertaketari

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 22a, 19:53

Europa osoan bezala, EAE-n ere abenduaren 27an abiaraziko dute covid19-aren aurkako txertaketa kanpaina. Hala iragarri du asteazken honetan LABI-k egin duen bilera amaierako agerraldian, Eusko Jaurlaritzaren osasun sailburu Gotzone Sagarduik. Aurreikusi moduan, gurera helduko diren dosiak Europar Batasunak baimendutako biak izango dira eta adinekoen egoitzetan jartzen hasiko dira.

Covid19-ari lotuta azken aldian bolo-bolo dabilen albistea, aurreikusi baino lehenago heldu den txertaketa kanpaina dugu. Azken egunotan Euskal Herritik gertu dauden hainbat herrialdeek koronabirusaren aurkako txertaketa abiarazi dute, edota hastear dutela iragarri dute. Asteazken arratsalde honetan, Eusko Jaurlaritzaren aholku batzorde teknikoak, LABI-k urte amaiera honetarako neurri berriak adostu ostean osasun sailburu Gotzone Sagarduik agerraldi bidez plazaratu du goiz edo beranduago espero zen berria; covid19-aren aurkako txertoa jasotzeko dosiak bidean datozela.

"Ministeritzatik gaur jakinarazi digute, Euskadin lehen txertoak izango ditugula", iragarri du Sagarduik. Noiz? Aste honen bukaeran, abenduaren 27an bertan. Eta lehen dosiak heldu ahala ekingo diotela txertaketa kanpainari, "Europan egingo den bezala". Egunotan helduko direnak ordea ez dira azken dosiak izango, lehenengoak baino ez. "Dosi gehiago jasoko ditugu hurrengo asteotan", iragarri du osasun sailburuak. Dosi gehiago jaso ahala, txertaketa egutegia zehaztuko dutela ere adierazi du.

EAE-k txertaketetan duen esperientzia goraipatu du Sagarduik. Hain zuzen, urte luzez egin duten moduan, asteotan bideratu duten gripearen aurkako txertaketa kanpaina jarri du eredu gisa, esperientzia horren adibide moduan. Txertaketa kanpaina mugarri garrantzitsua izango den arren, osasun sailburuak gogorarazi duenez, "momentuz ezin gara erlaxatu". Prebentzio neurriak zorrotz betetzen jarraitzeko deia egin du. Txertoa hemen izanda ere, "prebentzio neurriak hartuta bizi beharko dugu" oraindik denboraldi batean.

Txertaketa kanpaina honi buruzko zehaztasun gehiago eskaini asmo ditu Eusko Jaurlaritzak hurrengo asteotan; momentuz, jada ezagunak diren bi datu. Batetik, erkidego honetara helduko diren txertoak Europar Batasunak baimendutakoak izango direla: Pfizer eta BioNTech "etxeenak". Eta Espainiako Gobernuak iragarri moduan, adinekoen egoitzetan hasiko dira jartzen covid19-aren aurkako txertoa