#covid19

Afalaurreko poteo gabeko gabon gaua

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 24a, 18:56

Ezohiko abenduaren 24a aurten, covid19ak eragindako pandemiagatik. Osteguna izan arren, dendek eta tabernek arratsaldeko 18:00etan jaitsi behar izan dituzte pertsianak, gaurtik indarrean den Eusko Jaurlaritzaren dekretuak aginduta.

Iluntzeko 18:00etarako pertsianak jaitsi behar izan dituzte zabalik ziren denda eta tabernek. Osteguna zen, ez igandea. "Jai" kutsu handiko osteguna bai, gabon gaueko afalaurreko tartea. Baina ezohiko itxieraren lekuko izan gara gaurkoan; 18:00ak jota itxi egin dituzte une horretan oraindik zabalik ziren denda eta tabernak. 

Ondoko irudietan duzue itxiera honek herri erdigunean izan duen islada; giro euritsuarekin batera, isiltasuna eta herri giro erabat itzalia. Gaurkoan, ezin izan da ospatu, beste urteetako gabon gaueko afalaurreko poteo jendetsua. 

Pandemia betean harrapatu gaituzte eta, urte amaiera honetako ospakizunek ere. Eusko Jaurlaritzaren aginduz, covid19aren hedapenari aurre egiteko gaurtik datozen jai egunoi begira martxan diren neurri murriztaileetako bat zen honakoa; merkataritza eta ostalaritza guneak arratsaldeko 18:00etan itxi behar izatea, gasolindegiak, farmaziak eta zerbitzuguneak salbu. Eta horrekin batera, gaurko eta biharko, abenduaren 24 eta 25eko otorduetan gehienez jota 10 laguneko bilkurak egin beharra, edota, "bitxia" badirudi ere, 00:30etan etxeratu beharra, atzora arte 22:00etan jada kalean egoteko debekua zegoenean.