Hurbilagoren "Argiztatu Herria" otarren zozketan parte hartzeko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 29a, 12:56

Usurbilen kontsumitzea saritzen jarraitu asmo du asteotan Hurbilago Elkarteak; bost otar zozketatuko dituzte abenduaren 31ra arte herrian erosketak egiten dituztenen artean.

Orain arte egiten aritu zaretena egiten segi; herrian bertan erosi, sari ederrak irabazteko aukera izango baituzue Hurbilago Usurbilgo ostalari eta merkatarien elkartearen eskutik. "Preziyo juxtua" asmatu nahian aritu ostean, "Argiztatu Herria" ekimena abiarazi dute. 

Usurbilgo herri merkataritza eremuaren sarbidea, argiztaturiko etxolez apaindua dago iragan hilabetetik, ondoko argazkian ikus dezakezuen moduan. Hurbilago Usurbilgo ostalari eta merkatarien elkarteak girotu du urte garai honetarako Askatasuna plaza ondoko biribilgunea. Iragan aste hasieran bertan atera zuten talde argazkia, Kontzeju Zarra 13 kaleko erakusleihoaren "preziyo juxtua" ezagutzera eman zuten Hurbilagoko dendariek. 

Otarrak Kontzeju Zarra 13an
Gabonetako kanpaina betean dira jada; adi, "preziyo juxtua"ren ekimena amaitu dute baina sariak ez dira agortu. Usurbilen bizitzeaz gain, herrian bertan erosteko ahalegina saritzen jarraitu asmo du Hurbilagok datozen asteotan. 

Hain zuzen, aipatu etxola horien bueltan ekimen berri bat abiarazi dute, "Argiztatu Herria" izenekoa, gonbita argia eginez; "erosi herriko dendetan, eta irabazi sariak!". Gabonetako bost otar zozketatuko dituzte hilaren 31n, abenduaren 16tik ordura arte herriko saltokietan erosketak egiten dituztenen artean. Bost otar hauek ikusgai dituzue, hain zuzen, "preziyo juxtua" ekimena kokatu duten Kontzeju Zarra 13 kaleko erakusleihoan (2015eko Kilometroak urtean, produktuak saltzeko denda gisa baliatu zuten lokalean). Zorte on!