Ernairen agerraldia

"Hurrengo larunbatean herriz herri eta auzoz auzo kaleak beste behin ere betetzea dagokigu"

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 2a, 13:40

Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako udalerri bat hautatu eta agerraldi bana egin du larunbat eguerdi honetan Ernaik, urtarrilaren 9rako Sarek herriz herri antolatu dituen mobilizazioei atxikimendua adierazteko. Gipuzkoa mailakoa Usurbilgo frontoian egin dute. "Euskal gazteriari eta jendarteari euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxean izan arte kalera ateratzen jarraitzeko deia luzatu nahi diegu. Hurrengo larunbatean herriz herri eta auzoz auzo kaleak beste behin ere betetzea dagokigu. Eta halaxe egingo dugu!", iragarri dute gazte antolakundeko kideek. Hemen plazaratu duten adierazpena osorik.

ASKATASUNA. KONPROMISOA. ELKARTASUNA. MAITASUNA
GAZTEOK ZUEKIN
Gaur, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako ehunka gazte bildu gara Gasteiz, Iruñea, Bilbo eta Usurbilen. Lehenik eta behin, doakiela hemendik Euskal Herrian, espainiar estatuan zein estatu frantsesean bahituta dituzten euskal preso, iheslari eta deportatuei gure besarkadarik beroena!

Izan ere, Euskal Preso Politikoen Kolektiboari agertzen gatzaio gaur hemen, gazteon elkartasuna eta konpromisoa helarazi asmoz. Baina ez hori bakarrik. Gaurkoan, 90 eta 2000ko hamarkadan jaiotako ehunka gazte batu gara belaunaldi gisa hitz egiteko. Mezu argi bat zabaltzeko: Euskal Herrian gatazka politiko-armatuaren ondorioak bizi dituen azken belaunaldia izan nahi dugula eta behar dugula.

Askatasuna, konpromisoa, elkartasuna eta maitasuna. Horiexek dira gaurko lau agerraldietan azpimarratu nahi ditugun ideiak.

Askatasuna dugu helburu. Eta hori adierazi nahi diogu euskal gizarteari eta, bereziki, euskal gazteriari: euskal preso, iheslari eta deportatuek kalean egon behar dutela, alegia. Eta preso eta iheslaririk gabeko Euskal Herriaren alde, bakean eta askatasunean biziko garen Euskal Herri askea aldarrikatzen dugula.

Euskal Herrian, gatazka politiko-armatuaren fasearen ondorioak bizi dituen azken belaunaldia izan nahi dugu. Hala behar dugu. Injustizia bat delako eta horrela bizi duelako herri honetan gazteriaren gehiengo batek. Ulergaitza egiten zaigu bere burua demokratikotzat duten estatuek oraindik ere 218 preso eta hamarnaka iheslari etxetik ehunka kilometrora bahiturik izaten jarraitzea. Herri honen etorkizuna bakean eta askatasunean eraikitzeko oztopo nagusia da gure belaunaldiarentzako.

Senide, lagun eta auzokideak espetxean edo erbestean ditugun azken belaunaldia izan nahi dugu, astebururo ehunka kilometro egitera behartuak gauden azkenak, azken motxiladun umeak. Horregatik, modu berezian azpimarratu nahi dugu Euskal Herriak azken hamarkadetan jasan duen sufrimenduaren aurrean, gu izan behar garela preso eta iheslari politikoak dituen Euskal Herrian bizi den azken belaunaldia. Eta gure lana, beraz, norabide horretan kokatzen dugula: errepresaliatu politiko guztien askatasunaren alde.

Konpromisoa da gure erantzuna. Duela hiru urte Euskal Preso Politikoen Kolektiboak hausnarketa abiatu eta espetxeak husteko eta dispertsioarekin amaitzeko bidea marraztu zuen. Orduan, Usurbilen bertan egindako agerraldian esan genuen: gazteok zuekin gaude. Eta gaur ere berdina esatera gatoz. EPPKrekin eta kolektiboak erabakitako ildoarekin atxikimendua adierazi eta gazteok zuekin jarraitzen dugula ozen esan nahi dugu. Horra hor gure konpromisoa.

Azken hilabeteetan ikusi ditugu urrunketarekin amaitzen hasteko zenbait pausu, eta Euskal Herrira hurbiltzeko mugimenduak egon badaudela. Balioan jartzen ditugu eta bide horretan jarraitzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Ez delako nahikoa, eta borroka honetan bultza egitea ezinbestekoa delako urrasak ematen jarraitzeko. Euskal Preso, iheslari eta deportatu bakoitza Euskal Herrian eta askatasunean izan arte!

Preso eta iheslari politikoek aurrera daramaten borrokaren konpromisoaren testigua hartu dugu. Zuekin gaude, denok etxean izateko borrokan. Zuekin gaude sistema iraultzeko bidean, independentzia erdiesteko borrokan, zuekin gaude askatasunaren aldeko bidean! Euskal matxinadak jarraitzen du, gatazka politikoa ez da amaitu. Borrokatzen zutenagatik borrokan jarraitzen dugu. Dena erabaki nahi dugulako. Proiektu politiko gauzagarri baten alde borroka egitea ez delako delitua. Eta hala egiten jarraituko dugulako gazteok.

Elkartasuna da gure tresna. Eta horregatik jarraituko dugu astebururo-astebururo senideei epeltasuna helarazten, bisitak errazten. Ez ditugulako inoiz bakarrik utziko, ez zaituztegulako inoiz bakarrik utziko.

Guk ere hartu dugu gure konpromisoa. Orain arte egin bezala, gazte bisitak antolatzen jarraituko dugu. Valentziara, Granadara, Rennesera edo Lannemezanera. Behar diren kilometro guztiak egingo ditugu, baina helburu argi batekin: kilometro guztiak desagerrarazi daitezen.

Kalean ere badugulako zer borrokatu. Herriz herri, auzoz auzo saretzen eta indartzen ari den preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko jarduna indartu eta hauspotzea dagokigu, eta norabide horretan gazteok ere bidea egiten eta gure alea jartzen jarraituko dugu.

Maitasuna dugu eskertzeko. Herri hau maitatzeagatik lapurtu zitzaien askatasuna borrokarekin konprometitutako gazte belaunaldi osoei. Eta guk, herri hau maite dugulako eta zuek maite zaituztegulako jarraituko dugu askatasunaren aldeko borrokan. Ez gara inoiz hutsuneekin bizitzera ohituko; herri honen askapenaren aldeko borrokan ezinbesteko pieza diren kideak gurekin borrokan behar ditugulako.

Horregatik, eta amaitzeko, euskal gazteriari eta jendarteari euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxean izan arte kalera ateratzen jarraitzeko deia luzatu nahi diegu. Hurrengo larunbatean herriz herri eta auzoz auzo kaleak beste behin ere betetzea dagokigu. Eta halaxe egingo dugu!


Askatasuna, konpromisoa, elkartasuna eta maitasuna.
Gora Euskal Preso Politikoen Kolektiboa!
Gazteok zuekin!