Ikuskizunean Marimototsen ama izan dute gogoan, duela hiru urte hil zena. Intxaurrondoa landatu zuten amaren oroimenez, bere agurrean. Intxaurrondo horrek emandako fruitutik abiatu da istorioa: intxaurrak jan ahala, Marimototsen amarekin bizitako abenturak partekatu dituzte haur eta familiekin. Behin dolua igarota, pozez daude pailazoak eta irriz begiratzen dute bai iragana, bai oraina, bai eta etorkizuna ere. Marimototsek gordeta dauzka amak emandako haziak, parkeko landare eta lore magiko guztienak. Hazi horiek guztiak erein dituzte pailazoek haur eta ikus-entzuleekin.