#Udalbatzarra

Udalentzako ez ohiko funts berezi gehigarria jasotzeko eskaera

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 7a, 08:37

Covid19ak eragindako gastuei aurre egiteko udalentzako ez ohiko funts berezi gehigarri bat sortzea eskatu zion Eusko Jaurlaritzari mozio bidez udalbatzak, urte amaieran egin zuten azken osoko bilkuran.

Europar Batasunak iragarritako funts bereziak ere udaletara heltzea galdegin zuten, “datozen urteetan izango ditugun erronkei aurre egiteko eta covid19aren izurriteak areagotutako krisi ekonomiko eta sozialaren ondorioak berreraikitzeko”. Eskaerok jasotzen zituen mozioa aurkeztu zuen EHBilduk. Gehiengo osoz onartu zuten udal gobernu taldeko kideen babesarekin; aurka agertu ziren EAJ eta PSE.

Mozioaren bidez Europatik datozen funtsen %30a udaletara bideratu, eta funtson banaketa eta lanketa garatuko duen guneetan “EAEko Udalen aniztasun osoa ordezkatua” izatea bermatzea eskatzen zuten. Baita funts gehigarri berezi hau sortzea, udal zerbitzuetako galerei aurre egiteko ere; udal zerbitzuak eta langileen postuak telelanera egokitzeko gastuei, herritarren larrialdi egoerei, udal inbertsio hainbati (arrakala informatikoa, haurren elikadura, udal eskumenekoak ez diren gai batzuetako inbertsioak) edota hezkuntza eta osasun arloko beharrizan berriei aurre egiteko (eraikinak egokitzea, garbitasun neurrien zorroztea).

Elkartasun falta Jaurlaritzarekin
Aipatu moduan EAJ mozioaren aurka agertu zen, lekuz kanpokotzat jo zuen. Ez zuen ulergarritzat jotzen gastuak herri bezala udalak bere gain hartu eta gero Jaurlaritzari laguntza eskatzea. Jeltzaleen iritziz, gaia “EUDELen eztabaidatu beharrekoa da ez Udaletan”. Josune Urkola bozeramaileak gaineratu zuenez, kontua ez da bakarrik diru kopuru bat eskatzea, “jakin behar da zertarako erabiliko den”. Talde bereko udal ordezkari Andoni Atxega haratago joan zen, Jaurlaritza oso zorpetua dagoela ohartarazita. Mozio honekin “Udalak solidarioa izan beharrean Jaurlaritzari egurra” ematen diola adierazi zuen eta desados agertu zen.

PSE-ren udal ordezkari Patxi Suarezek mozioaren diagnosiarekin bat egin zuen. “Udal guztiek zama handia jasotzen segitzen dute”, zioen. Baina gaia lantzeko gunea Jaurlaritzan, “Next Euskadi” egitasmoaren bueltan zegoela eta ez Usurbilgo Udalean irizten zion.

“Udalok ahotsa altxa behar dugu”
EHBildutik alkate Agurtzane Solaberrietak pandemia hilabeteotan herritarren beharrei erantzuteko udalek egindako ahalegina nabarmendu zuen, “Udalok diru asko jarri dugu” zioen, eta logikotzat jotzen zituen mozio bidez eginiko eskaerok, tartean, “Europako diru-laguntzaren zati bat udaletara, herritarrengana heltzea”, Beñat Larrañaga zinegotziak adierazi zuenez. Herritarren eta tokiko erakundeon defentsa egiteko unea da orain Solaberrietaren esanetan. “Udalok ahotsa altxa behar dugu” zioen alkateak eta mozioa jotzen zuen horren aldarritzat. Hala egingo dute; udalbatzak urte amaieran onarturiko ebazpena Eusko Jaurlaritzari jakinaraziko diote.