#Udalbatzarra

Urte amaieran hasieraz onarturiko 2021eko udal aurrekontuak, alegazio epean

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 7a, 08:52

2021erako udal aurrekontuak hasieraz onartu zituzten abenduaren 23ko udalbatzarrean. Abenduaren 31z geroztik alegazio epean dira hamabost lan egunez.

Udal gobernu taldeak abenduaren 23ko udalbatzarrean nabarmendu zuen moduan, ezinbestean osasun, gizarte, ekonomia eta ekologia krisialdien testuinguruan kokatu beharreko udal aurrekontuak dira egun hartako osoko bilkuran hasieraz onartzera zihoazenak; guztira, 12.882.050 eurokoak. Bizi dugun egoerak 2020ko azken udalbatzar hartan alkateak zioenez “inoiz baino gehiago eskatzen ditu herri adostasunak”.

Azkenean gehiengo osoz onartu zituzten urte berrirako udal aurrekontuak; EHBilduren babesarekin. PSE abstenitu zen eta EAJ-k aurka bozkatu zuen.

Udalbatzak hartutako erabakia abenduaren 30eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleratu zuen Udalak. Biharamunetik (abenduak 31) zenbatzen hasita, alegazioak aurkezteko 15 lan eguneko epea dago. Tarte horretan halakorik ez balego, behin betiko onartutzat joko dira udal aurrekontuok.

%4ko igoera
Aurreikuspen guztiak hautsi dituzte aurrekontuok; ohiko diru bilketa %10ean murriztu arren, %4ko igoera dute iazkoekin alderatuta, Txirikorda proiektuaren harira jasotako diru-laguntzei esker. Horrek inbertsio soziala indartzea ahalbidetu dio udal gobernu taldeari. Tartean ia milioi bat euro bideratzea diru-laguntzetara. Aurreko urteetako lerroez gain, 4 laguntza lerro berri iragarri dituzte, “Usurbil Zabalik” egitasmoaren bueltan; Eskola Kirola ordaintzen laguntzeko; kultur sortzaileentzat; pobrezia energetikoari aurre egiteko. Eta hauei PSE-k eginiko ekarpena ere erantsi diote; botikak eskuratzeko zailtasuna dituzten familientzako laguntza lerroa.

Gizarte larrialdietara ere 90.000 euro bideratu asmo dituzte, beharra balego laguntza poltsa hau indartzeko asmoa agertu du udal gobernu taldeak. Pertsonak, kolektibo zaurgarrienak erdigunean jarri eta haien ongizatzea bermatzea helburu dute aurrekontuok udaltzabarrean alkateak adierazi zuenez, eta horrekin komunitate izaera indartzea.


“Mamian gai askotan ados gaude”
Urte berri honetarako iragarri zituzten egitasmoen artean dira: zaintza ereduari buruzko parte hartze prozesua, jatorri aniztasuna eta elkarbizitza sustatzeko egitasmoa, Beterri Buruntza Mankomunitatearen sorrera, Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren hasierako onarpena, kirol alorreko plan estrategikoa, Txirikorda eta Pelaioenea… abenduan aldizkari honetan berri eman genizuen moduan.

Oposizioko udal taldeei zuzenduta, adostasun giroa nabarmentzen zuen alkateak. “Mamian gai askotan ados gaude” adierazi zien EAJ-ren udal ordezkariei. EAJ-ren 7 emendakin nabarmendu zituen, iazko 3 gehi jeltzaleek eginiko beste lau ekarpen berri. Desadostasuna zenbait partidetan zutela; “gehiegizkoak dira zuek eskatutakoak”. Udal gobernu taldearen ustez, “diru gutxiagorekin eta udal baliabideekin egin dezakegu”.

Abstentzioa erantzukizunagatik
PSE-ri zuzenduta, alderdi honek aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztuko ziela iragarri ostean, “hainbat datu okerrak ziren” udal gobernu taldekoen esanetan. Hainbat partiden interpretazio okerraz jabetu eta PSE-k atzera egin izana txalogarritzat jo zuen alkateak.

PSE hain zuzen, hasiera batean osoko zuzenketa eta 49 emendakin partzial aurkeztekotan zen udal aurrekontu hauei. Hasieraz onartu bezperatan ordea, abstenitu egingo zela iragarri zuen sozialisten udal ordezkari Patxi Suarezek, "EHBilduren udal gobernu taldeak egindako negoziazio prozesuaren ostean". Pleno egunean berretsi zuen bere erabakia; “interpretazio oker batzuk” egin zituela adierazita eta udal gobernu taldearen jarrera positibo eta irekia izan zela gaineratuta. PSE-EEtik ohar bidez jakitera eman dutenez, "udal gobernu taldearen jarrera irekia baloratu ostean, bi alderdien arteko bileraren giro onak akordio batera heltzea erraztu du". Koherentziaz eta erantzukizunagatik udal aurrekontuon aurrean abstenitu egingo dela iragarri zuen Suarezek.

Udal aurrekontuekiko desadostasuna agertzen segi arren, "pandemiak eragindako osasun, ekonomia eta gizarte krisiak zerikusi handia izan du” PSE-ren jarrera aldaketak, “gure jarrera malgutu eta akordio batera heltzeko ahalegina egin behar dugula ulertzen dugulako".

EHBildurekin adostutakoaren baitan, "EHBilduk guztira 21.580 euroko zatikako 15 emendakin onartu ditu. Elkarbizitzari, Memoria Historikoari, kulturari eta euskarari, ingurumenari lotutako neurriak adostu ditugu, besteak beste".

EHBildurekin akordio batera heldu arren ordea, Suarezek uste du "Usurbilek kreditu batera jo beharko duela, beharrezkoa bada", eta hala gertatuko balitz, aukera hau ez baztertzea eskatzen du. Partida batzuei dagokienean bi alderdiak desados egoten segitzen dutela ere gaineratu du; adibidez, "politika subiranistetan sakotzen duen Udalbiltzari egiten zaion ekarpenean".


Zuhurtzia falta EAJ-ren ustez
EAJ-k hasieraz onartzear zituzten 2021eko udal aurrekontuen kultur eta gizarte babeserako laguntzak defendatu zituen. Kolektiko zaurgarrienak babestearekiko adostasuna agertu zuen. Baina urte berriko finantziazioaz kezka agertu zuen EAJ-k, ohiko diru-sarrerak %10 jaitsi direlako eta gastuek aldiz gorantz egin dutelako. “Zuhurtziaz jokatu duzuela diozue, baina ez dugu uste”, zioen EAJ-ren bozeramaile Josune Urkolak. Aurka bozkatuko zutela iragarri zuten.

Erabakiak “tristetu egiten nau” zioen alkateak, “handian jokatzeko garaiak” direla gogorarazita. “Zuen azalpena ez dago nondik heldu”, aurrekontuen aurka bozkatzeko arrazoirik ez zuela ikusten zioen Solaberrietak. “Ezetza emateagatik” bozkatuko zutela aurka zioen, “EHBildurekin adostasuna lortzeari beldurra diozue”. Udal gobernu taldetik EAJ-ren 2 emendakin bere horretan jaso direla, “beste hirurekin lanean ari gara”, gaineratu zuen alkateak.

Udal langileei lotutako erabakiak
Aurrekontuekin batera urte berrirako udal Plantilla Organikoa hasieraz onartu zuten abenduaren 23ko udalbatzarrean. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean alegazioak aurkezteko 15 eguneko epea izango da. Udal Lanpostuen Zerrenda ere onartu zuten urteko azken udalbatzarrean. Bi erabakion alde bozkatu zuten EHBilduk eta PSE-k. EAJ abstenitu zen.