Usurbilkultura.eus

Usurbilen ere grabaturiko “Lanbroa” igandean Sutegin

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 13a, 08:00

Urtarrilaren 17ko (18:00etan Sutegin) Usurbilgo Udalak diruz lagundu eta antolatu duen proiekziorako eta horren ostean izango den solasaldirako sarrerak doan eskuratu ahalko dituzue usurbilkultura.eus atarian. Bertan izango diren Maialen Oleaga, Paula Iglesias eta Ana Serna egileek NOAUA!ri eskaini dioten elkarrizketa duzue segidan.

“Lanbroa” egitasmoaren ideia nondik sortzen da?
Herrialde desberdinetan kokatuko zen film luze baten parte izango zen istorio bat bezala jaio zen. Antzinako erlojuak erreparatzen zituen auzolan talde batekin egin genuen topo gidoi bat prestatzen ari ginela eta beraien lan prozesuan murgildu ginen, oso berezia iruditu zitzaigulako bai egiten zuten lana eta baita lan taldea ere. Poliki-poliki esperimentazioari ateak ireki genizkion eta dokumental labur bat izaten amaitu du, istoria pertsonal bat ardatz duena. Lan taldeko Begok minbizia gainditu bidean bere ekarpena egiten dio erlojuen erreparazio prozesuari eta baita alderantziz ere. Esperientzia oso polita izan da, gogorra, baina transformatzen duen horietakoa. Sentitzen genuen horri utzi diogu bere bidea egiten.

Lotura bat baino gehiago du filmak Usurbilekin. Zeintzuk?
Usurbileko antzinako erlojua da auzolan bidez erreparatu zenetako bat, elizako dorrean zegoen, bertatik jaitsi eta lanean jarri ziren herritar asko. Usurbilgo herriak kutsu berezia du, kaleak, plaza eta baita kanpandorreak berak ere eta bertan aurkitzen den organoa ikaragarria da, erabat txundituta utzi gintuen ikusi genuen lehen unetik. Grabaketa pare bat egin ditugu bertan. Erlojua bertatik jaitsi zen egunean, lan handia egin zuten soka eta polea bidez erloju ikaragarri eta pisutsu hura jaisten, beraz grabatu genuen, noski. Geroago beste sekuentzia bat ere elizan bertan filmatu genuen, dokumentaleko protagonistak heriotzarekin duen harremana islatzen duen sekuentzia esperimentala. Oso berezia izan zen denontzat momentu hura eta oso eskertuta gaude Usurbilgo herrian izan dugun harrerarekin.

Zaindu beharreko herri ondareari eta memoria historikoaren gaiei heltzen die zuen lanak ezta?
Errespetua eta miresmena, hori da ondarea eta memoriarekiko duguna eta honen alde lan egiten duen jendearekiko baita ere. Eskertu beharreko lana da, auzolan bidez egindakoa, gauden lekuan gaude beste batzuk maitasun eta errespetu handiz egin dutenari esker, hala izaten da. Proiektu honen bueltan esaldi bat grabatuta gelditu zaigu: “Tradizioa da guztia gurekin hasten dela ustearen aurkako txertoa”.  Eta horren inguruan dihardu dokumentalak baita ere, memoria, lana eta transformazioa, bizitzak badu horretaz. Gure aldetik eskertzea erlojuen erreparazio prozesuan egon den lan taldeko partaide eta lagun bakoitzari eta dokumentaleko protagonistei, eskaini diguten guztiagatik.

Zer nolako begiradarekin ikusi behar dugu igandeko proiekzioa?
Sorkuntza lan batek daukan interesgarriena, bakoitzak bere irakurketa egin ahal izatea da.  Esan dezakegun bakarra da esperimentazioari utzi diogula tokia, transformazioari, eraldaketari, kontrasteari eta nola ez hori guztia sentitzeari, emozioek gidatu gaituzte eta imajinatzen ez genuen tokietara iritsi gara. Espero dugu ikusle bakoitzari zerbait transmititu ahal izatea, jarrai dezala transmisio kateak bere bidea.

Aurkeztuiguzue zuen ekoiztetxe“Al Borde Films”.
Batez ere gai sozialak jorratzen dituen Bilboko ekoiztetxe independentea da. Egunerokotasunean lan talde txikiak darama aurrera proiektua, baina pertsona askok hartzen dute parte egiten ditugun egitasmo anitzetan. Dokumental honetan adibidez, pertsona askoren ekarpena eta lana izan dugu eta hala izatea gustatzen zaigu. Eragitea eta transformatzea du ekoiztetxeak abiapuntu, bestelako gaiak, bestelako erak proposatzea eta denon artean errealitate berriak eraikitzea. Proiektu anitzak ditugu, baina dokumentalak ditugu ardatz, nahiz eta fikzioarekin ere asko jolasten dugun, banatzen dituen muga hain da fina batzuetan. 

Pandemia zer modutan eragiten ari da zuen jardunean?
Sisteman aurretik zeuden gabezia eta hutsuneak agerian utzi ditu pandemiak. Prekarizazio egoeran erraz erortzen zen sektorea zen aurrez ere eta kolpe handia izan da. Grabaketen plangintzan zailtasun itzelak sortu ditu, azken orduko aldaketetara moldatu beharrak arazoak dakartza aurrez gauza asko prestatu eta aurreikusi behar izaten direlako. Beti bezala, baliabideen arabera, krisiei aurre egin ahal zaie era ezberdinetan eta guk gurean jarraituko dugu, maite dugun hori egiten, sorkuntza eta elkarlana eskutik heldu eta bidea egiten jarraitu. Kultura eta sormenari bultzada bat emango dion edonor eta edozerri atea zabalik utziz.

Zer ikusi eta ikasi ahalko da igandean Sutegin?
Dokumental laburra da, baina mamitsua. Bertan egongo gara lana aurkezten Ana Serna, Maialen Oleaga eta Paula Iglesias, dokumentalaren zuzendariak. Xabier eta Bego dokumentaleko protagonistak ere bertan izango dira beraien esperientzia kontatzen. Gure aldetik, egindako lanaren inguruan hitz egin ahal izango dugu, eta batez ere barne munduetara bidaiatu eta antzinako erlojuetara hurbildu, merezi du eta.

URTARRILAK 17, IGANDEA
18:00 "Lanbroa" filmaren proiekzioa eta Maialen Oleaga, Xabier A. Yeregui eta Begoña Arruti laburmetraiaren gidoilariek aurkeztuko dute laburmetraia.
Zehaztasunak: "Laburmetraiaren zati batzuk Usurbilen grabatuak dira. Gaixotasunak Bego berriz jotzen duenean, denbora gainera datorkio. Bultzada honek Xabierrekin batera antzinako erlojuak konpontzera darama. Bere gaixotasunaren eta denboraren arteko elkarrizketan, poesia bisualez betetako dantza deserosoa sortzen da. Antzinako erloju pisutsuek industria eta trenbideen garaietara eramango gaituzte. Lehen herrien erdigune ziren erlojuak, gaur izoztuta gelditu dira. Bego gaixotzen denean, bera eta Xabier, erlojugile familia batetik datorrena, aitonak eraikitako erlojuen bila hasten dira. Yeregitarren istoriak azaltzen du nola industrializazioak mundua eraldatu zuen eta horrekin baita beraien erritmoak ere. Aurkitzen duten erloju bakoitzak iraganaren inguruan hitz egiten du, baina baita orainaren inguruan ere. Beraien pasioari esker, lan talde bat sortzea lortzen dute leku desberdinetan aritzen dena, kanpai dorrearen erritmoaz eraiki zen historia berreskuratuz".


Sarrerak: doan, urtarrilaren 14ra arte usurbilkultura.eus atarian eskuragarri.
Oharra: Usurbilgo Udalak diruz lagundutako filma.
Antolatzailea: Usurbilgo udala.