Aldaketak Kalezarko trafikoan, urbanizazio lanek eraginda

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 13a, 08:13

Haurreskolaren sarreratik Pikaolara arteko tartean urbanizazio lanak egin behar dituzte. Astelehenetik aurrera, trafikoari itxita egongo da hiru astez. Ez da aldaketa bakarra izango. Kalezartik Txaparren-Berri baserrira arteko bidea ere itxita izango da bi astez, "horma bota behar baitute".

 

Urtarrilaren 18tik aurrera, aldi baterako aldaketak izango dira Kalezarko trafikoan: "batetik, Haurreskolaren sarreratik Pikaolara arteko zatian, eta, bestetik, Kalezartik Txaparren-Berri baserrira jaisteko bidean". Udalak aditzera eman duenez, "lehenengoa gehienez hiru astetan amaitzea aurreikusi dute, eta, bigarrena, bi astetan".

UDALA

“Trafikoari itxita egongo den arren, Pikaolaren ondoko aldapan dauden aparkalekuak erabiltzeko aukera izango da”

 

Haurreskolaren sarreratik Pikaolara arteko zatia, hiru astez itxita

Behin-behineko semaforoek bideratzen dute, egun, kaxkoa eta Kalezar lotzen dituen aldapako trafikoa. "Hiru asteotan ez da semafororik izango, aldapa horren noranzkoa bakarra izango baita: behetik gorakoa. Aldapan gora orain itxita dagoen zatiaren bidez egin ahal izango dute autoek, haurreskola ondotik, eta ermitaren parean ezker zein eskuin joan ahal izango dute. Usurbilera jaisteko, berriz, Kalezarko kaxkoa zeharkatu beharko dute ibilgailuek".

Udalak aditzera eman duenez, "trafikoari itxita egongo den arren, Pikaolaren ondoko aldapan dauden aparkalekuak erabiltzeko aukera izango da".

 

Kalezartik Txaparren-Berri baserrira jaisteko bidea, bi astez itxira

Astelehenean itxiko da, baita ere, Kalezartik Txaparren-Berri baserrira jaisteko bidea. Horko horma bota behar dute, eta lanak bi astetan amaitzea aurreikusi dute.