Herri ostalaritzari zuzenduriko diru-laguntza deialdi berria plazaratu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 14a, 08:39

Usurbilgo ostalariek azarotik abendura aurre egin behar izan zioten bigarren itxialdiaren ondorioei aurre egiteko diru-laguntza deialdi berria plazaratu du Usurbilgo Udalak. Oinarriak gaur kaleratu dituen arren, eskabideak bihartik hasita 10 egunez aurkeztu ahalko dituzte sektoreko langileek. 

Udalak iragarritako laguntzak "Usurbilgo ostalaritza establezimendu eta jatetxeak berraktibatzeko laguntzak, covid19ak eragindako pandemiari eusteko helburuz dekretatutako itxieraren ondorioz jasandako kalteei aurre egiteko" dira. Hala dio Udalak ostegun honetako (urtarrilak 14) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleratu duen iragarkiak. 

Asteotan udal iturriek berri eman zuten moduan, iragan abenduaren 29ko Tokiko Gobernu Batzarraren bilkuran onartu zituzten "Usurbilgo ostalaritza establezimendu eta jatetxeak berraktibatzeko laguntzak". Azaroaren 7tik abenduaren 12ra jasandako bigarren itxialdiko kalteei aurre egitea dute helburu. "Laguntza hauen helburua da Covid-19 pandemiak eta alarma egoerak Usurbilgo ostalaritza establezimendu eta jatetxeetan eragindako kaltea arintzera bideratutako laguntza-programa arautzea. Alarma-egoeraren adierazpenaren baitan, birusak eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko eta pandemiari eusteko ezarritako prebentzio neurri berezien ondorioz guztiz itxi dira ostalaritzako eta errestaurazioko establezimenduak eta zerbitzuak", dio Udalak laguntza deialdi honen oinarrietan.

Lehentasunen artean kokatua du Udalak zailtasun egoera nabarmena bizi duen sektore hau laguntzea. "Larrialdi ekonomikoko egoera honetan Usurbilgo Udalaren lehentasuna da herriko ostalaritza sektoreari babesa eta laguntza ekonomikoa ematea. Hartutako neurrien ondorioz jarri da abian dirulaguntza hau, kaltetuak gertatu diren ostalari eta beste zerbitzu batzuen jarduera ekonomikoa berrabiarazten laguntzeko eta behar duten bultzada da emateko".  

40.000 euroko laguntza poltsa
Deialdi honen izaera berezia nabarmentzen du Udalak, bizi dugun ezohiko testuinguruaren adierazle argia da. "Ebazpen honetan araututako dirulaguntzak bereziak dira, prozedura eragin duten gertakariak salbuespenezkoak eta bereziak dira".

Laguntza lerro honetara guztira, 40.000 euro bideratuko du Udalak 2020ko udal aurrekontuetatik. Baina diru kopuru hau hazi daiteke. "Eskabideen kopurua eta zenbatekoa diru-laguntzetarako bideratutako kopurua baino handiagoa bada, Usurbilgo Udalak zenbateko hori handitu ahal izango du, bere finantza-erabilgarritasunaren arabera".

700+300
Laguntza kopuruok finkatu ditu Udalak herriko ostalarientzat. Batetik hasierako kopuru finkoa; establezimendu bakoitzeko 700 eurokoa. Horrez gain, kopuru osagarri bat ere iragarri du Usurbilgo Udalak, "gehienez ere 300 euro, justifikatu beharrekoak, jardueraren ohiko funtzionamenduarekin lotutako hornidura materialen kontsumorako (elikagaien erosketa, materiala, aholkularitza-zerbitzuak, konponketak...)". 300 euro hauek jaso ahal izateko ostalaritza establezimendurako hornikuntzarako beharrezko gai hauek Usurbilgo merkataritza dendetan erosi beharko dira. "Neurri honen helburua udalerriko ekonomia zirkularra eta saltoki txikiak sustatzea da", jakinarazi du Udalak.

Interesdunek eskabideak bihartik (urtarrilak 15) aurrera aurkeztu ahalko dituzte, 10 eguneko epea izango dute. Eskabideak telematikoki (usurbil.eus orrialdeko zerbitzu digitaleko diru-laguntzen atalean) bideratu ahalko dira edo udaletxera bertara joanda, aurrez 943 371 951 telefono zenbakira deitu eta hitzordua eskatuta. 


Informazio gehiago: urtarrilaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala