Joxan Artze idatziz omendu edo bere sortze lanak ezagutzeko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 15a, 08:08

2018ko urtarrilaren 12an zendu zen Joxan Artze oroitzeko azken asteburua dugu Sutegin; bere sortze lanekin erakusketa bat osatu du udal liburutegiak. Eta liburutegian bertan idatziz usurbildar sortzailea omendu dezakegu. 

Hiru urte bete ziren hilaren 12an Joxan Artze zendu zenetik, bere oroimenak bizi asko dirau ordea. Iaz bezala, urtarrilaren 7tik 15era berari idazteko liburua herritarren eskura jarri dute Sutegi udal liburutegian. “Idatzi txiki bat, poema bat, Joxan gogoan bihotzetik ateratzen zaigun hori idatzi ahal izango dugu bertan”.

Horrekin batera, liburutegiak Artzeren liburuak ikusgai jarri ditu kultur etxeko erakusleihoan;  urtarrilaren 17ra arte.  Gogoan izan bilduma horretara batu den azken sortze lana "Txalaparta. Tradizioaren abaroan" dugu; hain zuzen, amaitzeke utzi zuen bere azken lana. Iragan azaroan aurkeztu zuten, Artzek utzi bezala. "Artzek utzi bezala argitaratu nahi izan dugu, bere azkeneko egunera arte eutsi ziolako proiektu honi eta originalagoa eta egiazkoagoa iruditu zaigulako bere horretan argitaratzea", adierazi zuten aurkezpenean Elkar argitaletxekoek. Zendu zen unean sortze lan hau garatzen hasia zuen, baina Elkarretik nabarmendu nahi izan zutenez, "ezin da esan amaitu gabeko liburu bat denik, gure ustez amaierarik ez duen liburu bat da". 

Ibilbide oparoa
Hemen duzue 1939ko apirilaren 6an jaio zen sortzaile usurbildarraren biografia laburra. Diskografian nahiz poesian hainbat sortze lan plazaratu zituen, besteak beste honako hauek:

-1966: Ez Dok Amairu taldea sortu zen. Artze taldeko sortzaile eta ideologoa izan zen, Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi edota Lourdes Iriondorekin batera.

-1969: Ez Dok Amairu taldeko kide batzuekin batera, "Baga, Biga, Higa" ikuskizuna osatu zuen.

-1969: "Isturitzetik Tolosan barru" poesia-liburua kaleratu zuen (autoedizioa).

-Ez Dok Amairu taldea eten ostean, Ikimilikiliklik ikuskizunean murgildu zen aipatu taldeko beste kide batzuekin, tartean Jexux anaiarekin.

-1973: "Laino guztien azpitik" eta "Eta sasi guzien azpitik" poesia-liburuak kaleratu zituen (autoedizioa).

-1975ean Artze anaiek txalaparta oinarritzat hartuta disko bat kaleratu zuten Milango Ricordi etxearen eskutik.

-1978: bere lehen ikuskizun poetikoa, "Hitzez eta hotsez" estreinatu zuen.

-1979: "Bide bazterrean hi eta ni kantari" poesia-liburua kaleratu zuen (autoedizioa).

-1983: "Gizon haundia da mundua, eta mundu ttikia gizona" ikuskizun poetikoa estreinatu zuen.

-1987: "Ortzia lorez, lurra izarrez" poesia liburua kaleratu zuen (Elkar). 

-1988: "Gizon haundia da mundua, eta mundu txikia gizona" (Elkar) eta "Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat" (Zubi Zubiri argitaletxea, 1998an berak sortua) poesia liburuak kaleratu zituen.

-1994: "Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat" ikuskizun poetikoa estreinatu zuen.

-2001: "Oihana auhenka" poesia liburua kaleratu zuen (Jazzle).

-2013: "Bizitzaren atea dukegu heriotza" eta "Heriotzaren ataria dugu bizitza" poesia liburuak kaleratu zituen.