Erraustegia salatzeko ekintzak, Larreko Mahaiaren "Aldaketaldia" zikloaren baitan

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 15a, 14:01
Irudiaren egilea: Larreko Mahaia.

Herri eta eskualde anitz, eta denetariko ekintzen "kabia" izango da Larreko Mahaiak ingurumen-larrialdia salatzeko asteotarako antolatu duen "Aldaketaldia". Gure ingurune hurbilenari dagokionez, hitzordu bat behintzat Usurbilen egiteko asmoa bada; tokiko kutsadura-fokuak izango ditu hizpide. Foku hauetako bat, Zubietako erraustegia salatzeko ekintzak ere antolatuko dira; GuraSOSek giza katea deitu du hilaren 23an Donostian. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak mobilizazio eguerdia hilaren 30ean. Eta egun berean, hitzordu seinalatuena; "Aldaketaldia" ahalbidetzen ari diren eragile guztiek deitutako manifestazioa Donostian.

Segidan duzue ekintzen zerrenda osoa, baina Larreko Mahaiak zerrenda handitu daitekeela ohartarazi du. "Oraindik bada ekimenarekin bat egiteko aukera. Izan ere, badakigu hainbat herrietan ekintzak prestatzen ari direla". Besteak beste, honako hauetan; "badakigu Oñati, Mutriku, Irun, Zarautz eta beste hainbat herrietan ere lanean ari direla". Hitzorduren bat ziklo honen baitan antolatu nahi duenak larrekomahaia@gmail.com helbidera idatzi dezake.

"Aldaketaldiak" lur eremu zabala har dezake bere baitan, ez soilik Gipuzkoa. "Ekimenak beste herrialdeetara ere salto egin du; beraz, beste herrialdeetan ere U30 Aldaketaldia egingo dute", iragarri du Larreko Mahaiak. Besteak beste zonaldeotan; "badakigu ekintzak honako herri eta eskualde hauetan behintzat egingo dituztela: Gasteiz, Bilbo, Arratia, Galdakao, Uribe-Kosta, Mungia, Morga, Ondarroa...".

Hainbat ekintza antolatzeko proposamenak zerrendatu ditu jada Larreko Mahaiak. Antolatzaile guztiak bateratuko dituen manifestazio bat da lehenik nabarmendu beharrekoa, "Aldaketaldia" ekimen zikloaren egun seinalatuan; urtarrilaren 30ean. Arratsaldeko 17:00en hasita, "
ahal den manifestazio batu, animatu eta koloretsuena" iragarri dute Donostian. Gladys Enea, Bilbo plaza, Getaria kalea eta Bulebarra lotuko ditu.

Kutsadura-fokuei buruzko hitzaldia
Eskualde eta udalerri anitzek ere "Aldaketaldiarekin" bat egin dutela aipatu dugu. Eta leku anitzetan denetariko hitzorduak iragarri direla. Tartean bat behintzat Usurbilen; "bertako kutsadura-fokuei buruzko hitzaldia". Noiz eta non izango den, zehazteke dute. 

Ahotan hartuko duten kutsadura-fokuetako bat noski, Zubietako erraustegia izango da. Erraustegia geratzeko lanean diharduten herri eragileen artean dira iragarritako zenbait ekintza; batetik Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak urtarrilaren 30ean eguerdi partean hainbat ekimen deitu ditu: "hondakinen-politika salatzeko" elkarretaratzea Donostiako udaletxe atarian. Herrietan osatuak dauden herri plataformek ere mobilizazioak iragarri dituzte; elkarretaratzea Lasarte-Orian Aire Garbiak , "saneamendu gabezien eta aire-kutsaduraren inguruko salaketak" Andoainen Ipar Haizeak, Eguzkik...; Hernanin ere elkarretaratzea; Oreretan eragile anitzek AHT-ren aurkako mendi martxa eta baita erraustegiaren aurkako elkarretaratzea segidan; mendi-martxa Orion, bertako Erraustegiaren Aurkako Taldearen eskutik, "erraustegia eta zaborren gaia jorratzeko"...

GuraSOSen giza katea urtarrilaren 23an
Asteazkenean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egindako agerraldirako irudi gisa baliatu zuten kartel erraldoiak iragartzen zuen moduan, giza katea deitu du GuraSOSek urtarrilaren 23rako (larunbata), eguerdiko 12:00etan Donostian, "Osasuna, ingurumena, justizia" aldarripean. Andia kalea, Gipuzkoa plaza, Bengoetxea kalea eta Teresa de Calcuta plaza lotuko ditu. "Elkarrekin bizi ez direnen arteko distantziak gordeko dira", ohartarazi du GuraSOSek.

Baina badira hitzordu gehiago ere; Donostiako metroa salatzeko ekintza, sindikatuen adierazpena lantokietan, hitzaldiak ikastetxeetan, urtarrilaren 26ko Ingurumen Hezkuntzaren Nazioarteko Egunean Aldaketaldiarekin bat egiteko deialdiak eskoletan, "Zaldibar Zona Cero" liburu aurkezpenak, zuhaitz-landaketak... Gipuzkoa luze zabalean, baita Bizkaia edota Arabako hainbat zonaldeetan ere. 

Egunotan ekintzen zerrenda hazten joango da ziurrenik.