Gaur jardunari berrekitekoa den Orbeldi, ETB-ren "Izan Bagara, txotx!" saioan

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 18a, 14:15

Covid19ari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak indarrean dituen neurri berrien artean, dantza taldeen jarduna baimendu denez, gaur bertan berrekin asmo die saioei Orbeldi Dantza Taldeak. Aurretik, larunbat gauean ETB-n ikusteko aukera izan genituen, Saizar sagardotegian grabatu zuten "Izan bagara, txotx!" saio berezian.

Aurreko urteetan jendez gainezka egongo ziren sagardotegiak, eta jendetsuak izango ziren baita txotx irekiera ekitaldiak; Kalezarko Saizar sagardotegian bezala. Pandemia betean ordea, halakorik egitea eragotzi denez, bestelako alternatiben aldeko apustua egiten ari da sektorea. Saizarren txotx irekiera esaterako, publikorik gabe ospatu dute berriki, ikuskizunean bilakatu eta Euskal Telebistako kamerek grabatu zuten. 

Larunbat gauean eskaini zuten saio berezia ETB1-en, ordutegi nagusian. "Sagardoaren omenaldia" izan nahi zuen Julian Iantzik aurkezturiko saioa, NOAUA! Kultur Elkartearen azaroko Kulturaldian Sutegin izan genuen Korrontzik girotu zuen. Herri kiroletako erakustaldi bikaina eskaini zuten, Inaxio Perurena harri-jasotzaileak, Susana Maldonado harri-zulatzaileak eta Ernesto Ezpeleta aizkolariak. 

Andoni Egañak bertsoz giroturiko irekiera ekitaldia abiarazteko ohorea, pandemiak gogor kolpatu duen Gipuzkoako ostalaritza elkarteko Mikel Ubarretxenarena izan zen. Musikak soilik ez, dantzariek ere girotu zuten saioa; tartean, Amasa-Villabonako Oinkariko kideek eta Usurbilgo Orbeldikoek.  

Orbeldi dantzan berriz gaurtik
Gogoan izan, asteazkenaz geroztik Eusko Jaurlaritzak covid19ari aurre egiteko neurri multzo berria du indarrean. Tartean, 100.000 biztanleko 14 eguneko 500etik beherako intzidentzia duten udalerriei (tartean Usurbili), Eskola Kirola edota dantza taldeen entseguak berreskuratzea baimendu zaie. Honenbestez, larunbat gauean ETB-n ikusi ahal izan genuen Orbeldi Dantza Taldea bere jardunera itzultzekoa da astelehen honetatik, urtarrilaren 18tik aurrera.