Txotx 2021

Sagardoa txotxetik mahaira, otsailean hasiko den denboraldi berrian

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 19a, 18:06
Argazkiaren egilea: Euskal Sagardoa.

Urte garai honetarako dagoeneko sagardotegiek zaletuez gainezka behar zuten honez gero. Ilara luzeak edari berria dastatzeko irrikan. Jendetza mahaien bueltan, kupeletan. Pandemian gaude ordea eta halako irudirik ez da errepikatuko aurtengoan. Txotx denboraldi berria izan izango da, baina oso ezberdina, covid19ak eragindako osasun krisialdiagatik.

Aurtengoan sagardotegietara joan ahalko gara bai, baina ezingo gara bertan aurrera eta atzera nahi bezala ibili. Aurten sagardoa txotxetik mahaira zerbitzatuko digute, botila edo pitxer gardenetatik eserita garela edan ahalko dugu. Euskarri hauek izango dituzten txartelen bidez gainera, ze kupeletako sagardoa, sagardo hau zer sagarrekin ekoiztua den… xehetasun horiek biltzen dituen informazioa eskuratu ahalko dugu. QR kode bat ere izango dute, eta bertan jaso ahalko ditu azalpen gehiago. Modu honetan, sagardoa kontsumitzeko modu berritzailea jarriko dute martxan, era berean “antzinako kontsumitzeko modua berreskuratzeko pausoa” ere izango dela nabarmendu duten arren. “Otorduan zehar, pitxarra betetzera ere altxa daiteke mahai bakoitzeko arduraduna, eta sagardogilearen laguntzarekin beteko du taldeak dastatu nahi duen edo sagardogileak gomendatzen duen kupeleko sagardoa”.

"Uzta oso berezia eta ona"
Hala aurreratu dute astearte honetan Donostiako Kursaalen sagardoaren sektoreak egindako agerraldian. Ezohiko egoera honi elkarlanetik erantzun diote. “Egoera zail honen aurrean eta muga guztien aurrean lanerako gogoa, ilusioa eta pasioa elkartuta” agertu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagardogile guztien ordezkaritza prentsaurreko horretan; Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako ordezkariak, baita hiru herrialdeotako sagardogileen elkarteetako kideak ere. Protokolo zehatz bat landu dute, une honetako araudira egokiturikoa, sagardotegietako bisitak modu seguruan egin ahal izateko “eta aldi berean eskaintza erakargarri bat eskaintzeko”.

Datorkiguna hain zuzen, “izaera eta gorputz ederreko sagardoa” omen da. “2020a sagar urte txikia izan da Euskal Herrian kopuruz, eta izaera handikoa edukiz. Sagardoek ere hori erakusten dute, izaera eta gorputza”. Horregatik “uzta oso berezia eta ona dastatu ahal izango du kontsumitzaileak sagardotegi denboraldian, konplexutasun handiko sagardoa, bilakaera ahalmen handikoa”. 2 milioi kilo sagar pasatxorekin, 1,2 milioi sagardo ekoitzi dira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 48 sagardotegi eta 248 sagargileren sagar biltzen dituen Euskal Sagardoa Jatorri Deiturapean.

Bazkarietarako soilik zabalik
Aipatzen genuen moduan, dagoeneko sagardotegiek txotx bolada betean izan behar zuten. Pandemiaren eraginez aurten zertxobait atzeratuko da denboraldia. Iaz arte, urtarrilaren erdialdean egin zuten irekiera ospakizuna eta egun horretan bueltan zabaltzen zituzten sagardotegiak. Denboraldiaren hasiera ofiziala otsaileko lehen ostiralerako, hilaren 5erako iragarri dute aurten; bi egun lehenago, otsailaren 3an, Astigarragan ospatu ohi duten Sagardo Berriaren Eguna. Sagardotegiek beraz, egun horren bueltan, batzuk lehenago besteak beranduxeago zabalduko dituzte ateak, ezohiko segurtasun eta prebentzio neurrien artean.

Eta ordutegi berriarekin; orain arte sagardotegietara noiznahi bazkaldu nahiz afaltzera joateko ohitura genuen. Erlojuari gehiegitan begiratu gabe ibiltzen ginen. Pandemia garai honetan ordea, dakizuenez momentuz 22:00etarako finkatua dago etxeratze agindua. Ostalaritza sektoreko establezimenduek 20:00etan itxi beharra dute. Egunotan ordea etxeratze agindua 20:00etara gutxienez aurreratzeko nahia agertu dute Eusko Jaurlaritzatik. Ikusteke dago zer gertatuko den. Argi denez, testuinguru honetan ezinezkoa izango da sagardotegira afaltzera joatea. Horregatik, soilik bazkariak zerbitzatuz hasiko dute ezohiko txotx bolada berezi hau.

Seiko kideeko taldeetan bazkaldu ahalko da, aipatu moduan eserita, finkatuak dauden segurtasun distantziak errespetatuta eta sagardoa mahaitik mugitu gabe edan ahalko dugu. “Sagardotegiak espazio zabalak dira, eta aukera handia ematen digute segurtasuna bermatu eta sagardotegiko esperientziaz modu erosoan gozatzeko”.