Joxe Torregarairekin batera irratia eta sarea irribarrez blaitu zigun Pepi Martija zendu da

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 20a, 11:06

Gaztañagako Pepi Martija Lazkano zendu da 80 urterekin. Joxe Torregarai senarrak eta biek umorearen bueltan, Usurbilgo mugak gainditu zituen "tandem" perfektu eta ezaguna osatu zuten. Bikotearen lekukotzak Euskadi Irratian nahiz alaba Idoiaren Youtuberen kanalean aurki ditzakegu.

Zihoan lekura zihoala, irribarrea beti ahoan dugula oroituko dugun Gaztañagako Pepi Martija Lazkano zendu da 80 urte zituela. Ezaguna zen Usurbilen, baita herritik kanpo ere. Horren adierazgarri, asteazken goiz honetan bertan Euskadi Irratiako "Faktorian" egin dioten omenaldia. Denbora darama alaba Idoia Torregarai Martijak kolaborazio umoretsuak egiten irratsaio horretan. Umorerako griña nondik datorkion askoz hobeto ulertzen lagundu zigun gainera duela urte batzuk. Bere guraso Joxe Torregarai (2016ko azaroan zendu zen) eta Pepi Martijari Youtuben ikus ditzakezuen hainbat bideo grabazio egin zizkion, hainbat pasadizoren bueltan. Irratian eskaini zituzten denboraldi batez. 

Usurbilgo enbaxadore" izendatu zituen Euskadi Irratiak 2016an. Pepi eta Joxeren ahotsa grabazio moduan entzun ahal izan zen lehenbizi irrati kate horretan. Baina Idoiarekin batera biak gonbiatu zituzten irratira 2016ko ekainean. Hemen duzue saio haren audioa: "Faktoria" . 

Erronkaz erronka, umoretik beti
Pepik eta Joxek eguneroko bizitzan zeharo integratuta zuten aldarte umoretsua sarean nahiz irrati uhinen bidez munduratu zuten. Bizitako hainbat pasadizo kontatu zizkiguten, pil-pilean ziren hainbat gairen inguruan solasean ere aritu ziren. 

Pepi eta Joxeren pasadizo hainbat betirako hor geratuko dira, haien alaba Idoiak bere Youtubeko "Idoia Torregarai" kanalerako egin zizkien bideo grabazioei esker. Pepiren urtebetetzea ospatu zuten behin, beste urteko hainbat ospakizunetan ere murgildu ziren, eguneroko bizimoduko pasadizioak ahotan hartu zituzten, pil-pilean ziren gaiak, ingelesa irakatsi ziguten, pilota partiden apustuak egiten aritu ziren, kantuan aritu ziren, txisteak eginez...

Barre egitea, bizitzako sekretua
Biak beti zein baino zen umore hobeagoarekin agertzen ziren Idoiak etxean egindako grabazioetan. Alabak proposaturiko erronkei ezin umoretsuago erantzuten zion bikoteak. Behin galdetu zien ia zein ote zen hainbeste urte elkarrekin egoteko sekretua; erantzuna albiste honi atxikitako bideoetako batean duzue. "Usurbilgo Brangelina deitzen digute", zioen Joxek. "Barrea eta txorakeria franko egiten dugula elkarrekin", zioen Pepik.

Albiste honi atxikiak dituzue adibide moduan, haietako batzuk. Idoiak umoreaz idatzitako "Barretartia" blogean aurkituko dituzue xehetasunak. Pepi merezi bezala, irribarre handi batekin oroitzeko omenaldi ederrena.

Azken agurra gaur
Gure doluminik sentikorrenak Pepiren alaba eta NOAUA! Kultur Elkarte honetako lehendakari  Idoia Torregarai Martijari, Ion Markeli eta senideei. Gorpu-beila Errekaldeko Funeraria Vascongada ehorztetxean egongo da asteazken arratsaldeko 18:00ak arte. Pepiren aldeko hileta elizkizuna aldiz, asteazken honetan baita, iluntzeko 19:30etan San Salbatore parroki elizan.