Zubietako erraustegia

Hitzorduak ugaritzen, "Aldaketaldia" ekimen zikloaren bueltan

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 20a, 14:41

Ingurumen larrialdia salatzeko Larreko Mahaiak asteotan deitu duen "Aldaketaldia" ekimen zikloaren baitan, ugaritzen doaz inguruotan antolaturiko ekintzak. Lerrootan orain arte bildu ahal izan ditugunak.

"Zaldibar gogoratuz, ondo bizi eta bizitzen uzteko" aldarripean, Larreko Mahaiak biltzen dituen eragile sozial, sindikal eta ekologistek "Aldaketaldia" deitu dute asteotarako. Ingurumen larrialdia salatzeko ekimen zikloa izango da. Ekintzak bereziki Gipuzkoako hainbat herrietan izango dira, baina inguruko herrialdeetara ere hedatuko da, iragan ostiralean jendaurrean aurkeztu zuten "Aldaketaldia". 

Urtarrilaren 30erako finkatu dute mobilizazio nagusia Donostian. Baina aipatu moduan, egun horren aurretik eta hilabeteko azken larunbat horren ostean denetariko ekintzak izango dira. "Urtarrilaren 30aren bueltan, ahal den herri, auzo, ikastetxe eta lan-zentro guztietan klima-, bioaniztasun- eta, oro har, ingurumen-larrialdia salatzeko ekintzak antolatzea, betiere ikuspegi lokaletik", hortxe Zaldibarko zabortegiko hondamendiaren lehen urteurrena ere gogoan izango duen "Aldaketaldiaren" helburu nagusia. Parte hartzera deitzen dute.

Gure inguru hurbilera etorrita, Anerreka Ingurumen Elkarteak bi hitzordu deitu ditu datorren asterako Usurbilen. Lehenago, GuraSOSek giza katea larunbatean (hilak 23) Donostian:


USURBILEN BUELTAKO EKINTZAK
Urtarrilak 23, larunbata
11:50 GuraSOSek deitutako giza katea Donostian, "osasuna, ingurumena eta justizia" aldarripean. "osasuna, ingurumena eta justizia" aldarripean egingo da giza katea. Hiriburuko puntu "sinbolikoak" lotuko ditu giza kateak. Guneok zeharkatuko dituen giza katearen bidez, "erakundeek segurtasunarekiko, osasunarekiko eta ingurumenarekiko duten mespretxua salatu nahi du mobilizazioak eta eskari hau sinbolizatzen dute lau puntuek. Era berean justiziak dagokion legezkotasun-kontrola egin dezan eskatu nahi da".

Oharrak: 
Lau zatietan banatuko dute giza katea, eskualdeka:
-1. zatia.- Andia-Diputazioa: Urola Kosta Debabarrena
-2. zatia.- Diputazioa-Okendo/Askatasunaren hiribidea 5 (Bankoa) Debagoiena-Goierri-Tolosaldea
-3. zatia.- Askatasunaren hiribidea, 5. zk., Santa Katalina zubia: Donostialdea
-4. zatia.- Urumea- Kalkuta plaza: Oarsoaldea-Bidasoa-Buruntzaldea

Segurtasun neurri berritzaileak ezarriko dira giza katean:
-11:50etan egon beharko da giza katean.
-12:15etan itxiera ekitaldia streaming bidez gurasos.org atarian.
-Musuko gorriak banatuko zaizkie parte hartzaileei.
-"Katean bizikidetza-unitateak bakarrik egon ahalko dira elkarrekin. Gainerakoak eta bizikidetza-unitateak elkarrengandik 3 metrora egongo dira, eta, horrela, kontakturik gabeko kate bat osatuko dute".
-Bolondres taldea arduratuko dira katea antolatzeaz eta dagozkion jarraibideak emateaz.

Xehetasun gehiago: GuraSOSen giza katea urtarrilaren 23an Donostian
Antolatzailea: GuraSOS.
 


Urtarrilak 27, asteazkena
18:30 Hitzaldia Potxoenean: "Usurbilgo kutsadura-foku nagusiak".
Zehaztasunak: eragile sindikal, sozial eta ekologista anitz biltzen dituen Larreko Mahaiak ingurumen larrialdia salatzeko deitu duen "Aldaketaldia" ekimen zikloaren baitan, "Usurbilgo kutsadura-foku nagusien azalpena" hitzaldia antolatu du Anerreka Ingurumen Elkarteak.
Antolatzailea: Anerreka Ingurumen Elkartea.



Urtarrilak 29, ostirala
18:30 "Lurgaia" fundazioaren aurkezpena Sutegin.
Hizlaria: Jon Hidalgo lehendakaria.
Zehaztasunak: bertako basoa berreskuratzeko eragile "Lurgaia" fundazioaren aurkezpena.
Informazio gehiago: lurgaia.org
Antolatzailea: Anerreka Ingurumen Elkartea.



Urtarrilak 30, larunbata
17:00 Eragile sindikal, sozial eta ekologista anitz biltzen dituen Larreko Mahaiak ingurumen larrialdia salatzeko deitu duen "Aldaketaldia" ekimen zikloaren baitan, mobilizazio nagusia Donostian; "ahal den manifestazio batu, animatu eta koloretsuena". Gladys Enea, Bilbo plaza, Getaria kalea eta Bulebarra zeharkatuko ditu.

Deitzailea: Larreko Mahaia.