Helduen euskalduntze-alfabetatzeari gorazarre egiteko ekimenak, Korrikak amaitu behar zuen egunean

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 21a, 09:56

55 urte bete dira helduen alfabetatze eta euskalduntzearen premia lehenbizikoz plazaratu zenetik. Urtemuga berezi honetan premia hau berresteko ekimen xumeak iragarri ditu AEK-k, ospatu izan balitz (pandemiagatik bertan behera geratu baita) Korrika amaituko zen martxoaren 28rako.

22. Korrika ospatzea egokitzen zen 2021. urte honetan baina pandemiak bertan behera utzi eta urtebetez atzerarazi du, Euskal Herria alderik alde zeharkatuko zuen euskararen aldeko lasterketa. Egin izan balitz, berez, martxoaren 18an hasi eta 28an amaituko zen, igandearekin. 

Aipatu moduan ordea, covid19ak eragindako aurrekaririk gabeko osasun krisialdiagatik ez da Korrikarik izango 2021. urtean. Bai ordea ekimen berezi eta xume bat; ostegun honetan bertan AEK-k iragarritakoa. "Egun hauetan 55 urte bete dira Rikardo Arregik, beste euskaltzain batzuen babesaz, gerora AEK bilakatuko zen ekimena abiatzeko eskaria igorri ziela Euskaltzaindiko kideei; alegia, Helduen Alfabetatze eta Euskalduntzearen premia lehendabizikoz azaldu zienetik", berri eman dute. 

Helden euskalduntze-alfabetatzearen garrantzia aldarrikatzeko
Duela 55 urteko premia horretan berretsi nahi du AEK-k, alegia, "egun ere Helduen Euskalduntze eta Alfabetatzeak berebiziko garrantzia duela, inoiz Euskal Herria euskalduna izan dadin erdietsiko badugu". 55 urte beranduago ere, helduak alfabetatu eta euskalduntzeko premia haren garrantzia aldarrikatzeko "Euskal Herriko hainbat tokitan elkartzeko asmoa dugula" iragarri du AEK-k, Korrikarik ezingo denez ospatu aurten, euskararen aldeko lasterketa amaituko zen egunean, hau da, martxoaren 28an.

Xehetasunak aurrerago eskaintzekoak diren arren, "dei egiten dizuegu euskaltzale guztioi egun hori zeuen agendetan gorde dezazuen. Ekimen horren nondik norakoak aurrerago jakinaraziko ditugu". Momentuz ohartarazi dutenez, "ekitaldi xumeak izango dira, unean uneko osasun-neurrietara zeharo egokituak".