Eskubaloi partidak larunbatean, seniorren Euskadiko Txapelketa jokoan

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 22a, 08:23

Euskadiko Txapelketako lehen faseko neurketa bana jokatuko dute senior neskek eta mutilek larunbat arratsaldean Oiardo Kiroldegian. Covid19agatik publikorik gabe.

Gogoan izango duzue, iragan asteaz geroztik indarrean du Eusko Jaurlaritzak covid19ari aurre egiteko neurri multzo berria. Besteak beste, kirol taldeen entrenamendu saioak edota lehiaketak ere berriz martxan jartzea baimendu zuen, 100.000 biztanleko 14 eguneko 500etik beherako intzidentzia metatua zuten udalerrietan, tartean Usurbilen.

Arlo honetako eragileek adierazpen bateratua kaleratu zuten "kirola eta jolasa bueltan dira" iragarriz. Adierazpen hura sinatu zutenen artean zen egunotan eskubaloi partiden itzulera iragarri duen Usurbil Kirol Elkartea; larunbat honetan (urtarrilak 23) Oiardo Kiroldegian bi neurketa izango direla berri eman du. Seniorrek parte hartuko dute; Euskadiko Txapelketaren lehen fasea jokoan izango dute bi neurketa hauetan:

Urtarrilak 23, larunbata
16:00 Senior neskak, Euskadiko Txapelketa, 1. fasea: Urbil-Usurbil K.E. - Eraiken Eharialdea
18:00 Senior mutilak, Euskadiko Txapelketa, 1. fasea: Usurbil K.E.-Indupime Basauri

Publikorik gabe
Duela astebetetik Eusko Jaurlaritzak indarrean duen neurri multzo berriak kirol taldeen entrenamendu saioak eta lehiaketak baimentzen dituzte. Baina neurri zehatzen artean; esaterako, larunbateko eskubaloi partidak publikorik gabe jokatuko dira, "debekatuta dago ikusleak kirol-ekitaldietara joatea". Eta Jaurlaritzaren aginduak zehazten duenez, "Federazio bakoitzari, bere eremuan, eta, kasua bada, lehiaketa bakoitzaren ardura duten erakundeei dagokie prebentzio-neurriak eta -protokoloak zorrotz betetzen direla zaintzea".

Kirol jardueretan orohar musukoa jantzita izatea derrigorrezkoa izango den arren, badira salbuespen batzuk; lehiaketak tartean, musukorik gabe jokatu ahalko direnak. 

Gainerakoan, kirol taldeon entrenamendu saioak 6 laguneko taldeetan egin edota aldagelak %30eko edukieran erabili ahal dituzte.

Partidak Youtube bidez
Udazkenean berriz lehiaketak abian jartzeko aukera izan zutenean, partidetara ikus-entzulerik ezingo zela bertaratu jakinda, neurketa hauek ikusi ahal izateko alternatiba eskaini zuen Usurbil Kirol Elkarteak; herriko eskubaloi taldeen partidak bilguneak Youtuben duen "Usurbil K E eskubaloia" kanaletik zuzenean emititzen hasi zen.

Urriko aste haietan erronka berezi batean parte hartzeko gonbita luzatu zuten; kanalaren bidez eskubaloi neurketak ikusteko 1.000 jarraitzaile biltzeko erronka. Astebeteko tartean, erronka erraz gainditu zuten. 

Udalerri hau hilabete haren amaieran eremu gorrira igaro aurretik, albiste honi atxikitako Usurbil eta Zarautzen arteko partida zuzenean eskaini ahal izan zuten.