Txalapartaren mintzoa bere egin zuen poeta

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 22a, 17:57

Joxan Artze hil zela hiru urte bete ziren urtarrilaren 12an. Urteurrenaren atarian, Elkarrek Txalaparta, tradizioaren abaroan (Elkar) izeneko liburua plazaratu zuen. Poeta usurbildarraren hilondoko lehena da.

 

Duela urte batzuk abiatu zen liburu honen edizioa. Elkar argitaletxea txalapartari buruzko lan bat argitaratzekoa zen eta hitzaurre bat idaztea eskatu zioten Joxan Artzeri. Idazten hasi eta enkargu labur bat zena korapilatzen hasi zen. ‘Hitzaurreak’, azkenean, liburu izaten amaitu du.

Abiatu, halaxe abiatzen da liburua. Txalapartaren inguruko datu jakingarri asko ematen ditu. Irakurketan aurrera egin ahala, poemak agertzen hasiko dira eta txalapartatik haratago doazen hausnarketak loratuko dira. Tradizioari edota zientziari buruzkoak. Hortaz, txatal ezberdinez osatutako liburua dela esan daiteke. Badu saiakeratik, badu historiatik, badu memoriatik, badu poesiatik eta, nola ez, badu ispiritualtasunetik.

Txalaparta, tradizioaren abaroan (Elkar) argitalpenaren beste ezaugarri bat hauxe da: hil bezpera arte egon zen liburua ontzen, baina ez zuen amaitzerik izan. Eta zegoen bezala plazaratu du Elkarrek. Amaitu gabeko esaldiekin eta zalantzazko puntuazio markekin. Ohar ugari daude eta horiek ere bere horretan utzi dituzte. Traba baino, idazlearen sormen prozesua hobeto ulertzeko zantzuak direla esan daiteke. Dena den, amaitu gabe egonik ere, ez zitzaion asko faltako. Maketazio oharrak zehaztuta utzi zituelako.

 

Txalapartaren ttakuna, zaldiaren lauhazkarena

Joxan Artzerentzat, txalapartaren doinua, txalapartaren ttakuna, zaldiaren lauhazkarena da. Ideia hori hitzez eta poemen bitartez iradokitzen du liburu honetan, behin eta berriro.

 

“Ugarte baserria izan genuen lehen txalaparta tailerra”

Pasarte biografikoak ez dira falta Joxan Artzeren liburu berrian. “Zortzi bat urte nituela entzun nuen lehenengoz, handik urte askotara txalaparta zela jakingo nuen zera bitxi hura”, dio liburuaren hasieran. “Herriko urteko jaietan izan zen, zaindari eguna eta asteburu artean jai-egitarautik landa geratu ohi diren egun horietako batean: ezer ez eta pesta.  Ez zen ume faltarik izaten enparantzan. Arratsaldea zen. Aurretik iragarri gabe, hor ikusten ditugu, jazbana jotzen zutenentzat ipinirik zegoen oholtzara herriko bi baserritar igotzen; bi lepotar ahoz behera jarri, gainean arto-orri sorta bana eta hauen gainean ohol bat, eta honi bina makilekin goitik behera ukaldika ekiten. Hura entzuteak sekulako zirrara gozoa egin zidan barruan, oso barruan. Ez dakit zuraren hots gozoagatik edo ordura arte inoiz entzun ez bezalako taupada berezi haiengatik; biongatik ziurrenik. Ez nau beste soinuk horren barrenki inoiz hunkitu”. Ez zuen ondoko urtetan gehiago entzun. Urteen poderioz, gogotik ere joan zitzaiola aitortzen du Artzek. “Handik hamazazpi bat urtera, lehenetako euskal dokumentala zela eta, ‘Pilotari’  dokumentala ikustera joan nintzen, eta horra non entzuten dudan berriro, eta berriro bizi, hainbat urte lehenago entzun nuen zera bera.  Zer zen hura galdetu, eta txalaparta zela, zeinek jotzen zuten eta Zuaznabar anaiek, nongoak ziren eta, Lasartekoak. Hau duk, hau, gure herritik hiru kilometrora bizi eta nik ezagutzen ez! Horren ezkutuan gorde behar izaten zen garai haietan euskal usaina zuen zernahi”.

Anaiari txalapartaren berri eman eta hari ere berehala piztu omen zitzaion soinu-tresna hura ezagutzeko gogoa. Lasarte-Oriako Sasoeta baserrian, Zuaznabartarren sortetxe baserrian hasi ziren Migel eta Pellorekin txalaparta ikasten. “Biharamunean”, azaltzen du Artzek liburuan, “Ugarte baserrira joan eta bertako nagusi Erramun adiskideak bere baserri handian dolarea zeukaten ondoko ganbara utzi zigun saioak egiteko; baita sagarra hestutzeko erabiltzen zituzten patsoholen artetik txukuntxoena hautatzeko aukera eman. Hura izan genuen lehen txalaparta arigia edo tailer-atelierra. Geuk eraman genituen makilak, zurgin adiskideak eginak. Handik aurrera, jo eta jo zura zurez”.