Zubietako erraustegia

Donostiako erakunde nagusiak lotu ditu GuraSOSen giza kateak

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 23a, 14:00

Gipuzkoako hiriburuko puntu "sinbolikoak" lotu ditu GuraSOSek deituta "osasuna, ingurumena, justizia" aldarripean larunbat eguerdian Donostian egin duten giza katean. Alderdi Eder eta Egia ingurua lotu ditu egungo prebentzio neurrietara egokituriko mobilizazioak. Nahita, lerrootan ikusi ahal duzuenez.

GuraSOSek ez du kasualitatez hautatu giza katerako hiriburua, ezta mobilizazioa egiteko hiriburuko eremua ere. Alderdi Ederren abiatu dute katea, Andia kalea zeharkatu du Gipuzkoa plazaraino. Handik Askatasunaren hiribidetik barrena, Santa Katalina zubia zeharkatu eta Kalkutako Teresa plazan amaitu da katea. 

Kaleen errepasoa eginda ez dirudi bestelako garrantzia duenik antolakuntzak gaurko mobilizazioa egiteko hautatu duen zonaldea. Baina ez da hala. "Osasuna, ingurumena, justizia" aldarriaren bueltan bat egin duten herritarren kateak hiriburuko zenbait "puntu" sinboliko lotu ditu. Alderdi Ederren, katearen abiapuntuan Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza, katearen erdibidean Gipuzkoa plazan kokaturiko Foru Aldundiaren egoitza eta amaieran, Egia inguruko Kalkutako Teresa plazan dauden auzitegiak.

Finean, herritarrok ordezkatzen gaituzten erakundeak edota herritarron interesak defendatu behar dituzten auzitegiak interpelatu nahi izan ditu GuraSOSen giza kateak, gurea dugun "osasuna, ingurumena, justizia" babesteko eta Zubietako erraustegiarekin sarritan ikusi den moduan, erakundeek sarritan aldarri honekiko agertu izan duten mespretxua salatu nahi izan dute. 

Segidan dituzue katearen abiapuntuan, erdigunean eta amaieran, erakunde eta auzitegien egoitza parean jaso ahal izan ditugun hiru irudiak; belaunaldi ezberdinetako herritarrak osasuna, ingurumena eta justizia eske.