Koronabirusa

Mugikortasuna egiaztatzeko agiria

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 25a, 10:37

Dakizuenez astelehen honetatik ezin gara udalerritik atera, salbuespen zehatz batzuetan ez bada. Kasuotarako mugikortasuna justifikatzeko agiria eskuratu ez baduzue, albiste honetan atxikia duzue. Egin klik esteka honetan: PDF

Astelehen honetatik (urtarrilak 25) indarrean dira, covid19ari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzaren neurri berriak. Gehienez lau pertsonako bilkurak baimendu dituzte, eta herritik ateratzeko debekua ezarri dute. Udalerritik atera nahiz itzultzeko, baita beste udalerri batera joateko hainbat salbuespen finkatu dira ordea. Salbuespen kasuok justifikatzeko agiri ofizial bat badu Eusko Jaurlaritzak; albiste honi atxikia duzuena. "Erantzukizunpeko adierazpen eredua" duzue horixe, "joan-etorriak justifikatzeko, Lehendakariaren abenduaren 10eko 44/2020 dekretuaren esparruan" argitaratu zutena. 

Agiri horretan norbere datuak idatzi behar dira eta leku aldaketarako arrazoia ere azaldu behar du agiri horrek. Aipatu agiri hau, urtarrilaren 13an Eusko Jaurlaritzak indarrean jarritako dekretuaren ostean kaleraturikoa da. Ikusteke dago, astelehen honetan bertan indarrean den dekretu berriarekin, agiria ere eguneratuko ote duen Eusko Jaurlaritzak. Momentuz ez dugu jarraian duzuena baino agiri eguneratuagorik aurkitu.

Gogoan izan, kasuotan irten daiteke norbera bizi den udalerritik, Eusko Jaurlaritzak ohartarazia duenez, kasuok "behar bezala justifikatuta badaude":
a) Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joatea.
b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea.
c) Unibertsitate-, irakaskuntza- eta hezkuntza-zentroetara joatea, haur-hezkuntzako eskolak barne.
d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.
e) Adinekoei, adingabeei, mendekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki kalteberei laguntza eta zaintza ematea.
f) Mugakide diren lurraldeetako finantza- eta aseguru-erakundeetara edo hornidura-estazioetara joatea.
g) Organo publiko, judizial edo notarialetan egin beharreko jarduketak (errekerituak edo presakoak).
h) Baimenak eta dokumentazio ofiziala berritzea, bai eta beste administrazio-izapide atzeraezin batzuk ere.
i) Azterketa edo proba ofizial atzeraezinak egitea.
j) Ezinbesteko kausa edo premia-egoera dela eta.
k) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua.





 
 

 

Erlazionatuak