ELKAR AFERAZ

Usurbilgo EAJ: “Udalak bidelagun izan beharko luke proiektuak gauzatzerakoan”

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 26a, 13:34
Zapategi eremuko maketa.

Elkarrek ez du bere egoitza nagusia Usurbilen eraikiko. Zapategi izeneko eremuan kokatu behar zuen, Gureak enpresarekin batera. Covid-19aren krisiak gogor erasan dio ordea, eta  atzera egitea erabaki du. EAJren esanetan, "askotan ikusten ari gara berrikuntzaren bat, obraren bat edota proiekturen bat egiterakoan udaletxea oztopo bat suertatzen dela beharrezko baimenak lortzeko unean".

Atzokoan egin zen plenoaren amaieran, Usurbilgo EAJk Zapategi eremuko proiektuari buruzko gogoeta bat partekatu nahi izan zuen. Gogoeta hori NOAUAra igorri dute eta hemen duzue osorik irakurgai:

“Usurbilgo EAJ udal taldean duela urte batzuetatik hona ikusten ari gara, bai oposizioan egoteak dakarren esperientziagatik eta batez ere kalean jasotzen ditugun herritarren iritzietatik, askotan, berrikuntzaren bat, obraren bat, proiekturen bat, handia edo txikia egiterakoan udaletxea oztopo bat suertatzen dela beharrezko baimenak lortzeko unean.

Egoera horren arrazoiak mota askotakoak izan daitezke, baina batez ere legeei lotutakoak, bereziki hirigintza gaiei lotutakoak direnean.   Jakina da eta horrela izan behar du Udaletxe bat indarrean dagoen legediari lotuta dagoela. Orain, Usurbilgo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra idazten ari garenez, araudi nagusi hau egungo errealitatera egokitzeko unea dela deritzogu, datozen urteetarako Usurbilgo etorkizunaren norabidea markatuko digulako.  

 

Usurbilgo EAJ: "Gure udalak administrazio laguntzailea izan behar du, proiektuak gauzatzeko bidelagun eta ez oztopoak ipintzen dituena. Garbi dagoena da Adunan zerbait hobeto egin dutela Usurbilen baino, azkenean Elkar Fundazioa bertan kokatzeko”

 

Testu inguru honetan behar-beharrezkoa da errealismo-ariketa bat egitea, eta etorkizuna ikuspegi errealista horretatik proiektatzea. Honen adibide garbia, pasa den astean komunikabideek Usurbilgo albisteetan jaso duten albistean aurkitu dezakegu, hau da, Zapategi proiektuari dagokiona. Eremu horretan Gureak eta Elkar Fundazioak beraien egoitza berriak ezartzeko proiektuaz ari gara. Denok geunden ilusioz beterik, baina errealitatea gailendu da. Errealitatea da egunerokotasunean enpresek beren errentagarritasuna ziurtatu behar dutela iraungo badute. Honek esan nahi du enpresek etengabe egokitu behar direla merkatuaren eskakizunetara eta egoera berrietara. Hain zuzen ere izapidetze-denbora luzeegiek urratu egiten dute beharrezkotzat dituzten egokitzapenak . Udal baten eskakizun partikularrek asmo onak izan ditzakete, baina egitasmo bat ez gauzatzera ere eraman gaitzake, batez ere gertu ditugun udalerrietan baldintzak hobeak badituzte edota tramiteak bizkorragoak badira.

Uste dugu Usurbilgo udalerriaren indarguneak eta ahulguneak zein diren hausnartzeko garaia dela. Gure udalak administrazio laguntzailea izan behar du, proiektuak gauzatzeko bidelagun eta ez oztopoak ipintzen dituena, batez ere aurrez erakargarriak ez diren proiektu edo jarduera batetarako baimenak lortu nahi badira. Garbi dagoena da Adunan zerbait hobeto egin dutela Usurbilen baino, azkenean Elkar Fundazioa bertan kokatzeko”.