Helduen Eskolan matrikulatzeko epea zabalik gaurtik astebetez

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 27a, 08:24

18 urtetik gorako herritarrei zuzenduriko doako hezkuntza eskaintzan matrikulatzeko epea zabaldu dute gaur.

HH, LH eta DBHko zikloak eskaintzen dituzten ikastetxeek 2021-22 ikasturterako matrikulazio epea ixtear duten honetan, 18 urtetik gorako herritarrei zuzenduriko doako Helduen Hekuntza Iraunkorrean (HHI-EPA) izen emateko epea zabaldu dute asteazken honetan, urtarrilak 27. Matrikulazio epea astebetez izango dute zabalik, otsailaren 4ra arte. Izena eman ahalko da, baina aurrez telefonoz hitzordua eskatuta.

Hainbat jakintzen ezagutzan sakontzeko nahiz aisialdi tarte ederraz lagun artean gozatzeko aukera eskaintzen dute. Hezkuntza orokorrari dagokionez, oinarrizko kultur formakuntza eskaintzen dute; ingelesa, gaztelania, irakurketa, idazketa, kalkuluan hastapena eta hobekuntza, oinarrizko informatika, memoria lantzeko joko linguistikoak eta joko matematikoak, natur zientziak, geografia, historia eta historiarekin lotutako mugimendu artistikoak... 
 
DBH-ko titulua eskuratzeko lau hilabeteko ikastaroak ere eskaintzen dituzte. Guztia giro atsegin eta lagun artekoan. Horren lekuko, urtean zehar egiten dituzten irteera didaktikoak nahiz ikasturte amaieran atzerrira egiten duten bidaia. "Giro oso ona egoten da. Irakasleekin ere oso harreman ona dute. Bat baino gehiago agian ez zen aterako etxetik HHI egongo ez balitz. Beraientzako garrantzitsua da, ikastea, jende berria ezagutu... Oso pozik etortzen dira. Honek beste bizimodu bat ematen die. Hasten duenak jarraitzen du. HHI-ren helburu nagusia hori da hain zuzen, bizi osorako ikaskuntzarekin jarraitzea. Animatu eta probatu!", horixe HHI-ko arduradunek NOAUA! bidez luzatu zuten gonbita aurreko ikasturte hasieran.

Informazio gehiagorako:
Baldintza: 18 urte beteak izatea.
Helbidea: Beheko Kale Bidea 1, 3. solairua (anbulatorio gainean), Lasarte-Oria. Usurbilen, Udarregi Ikastolaren Agerialde eraikina.
Telefono zenbakia: 943 376 443 / 943 366 608.
E-posta: info@epalasarte.eus
Webgunea: epalasarte.eus