Udalbatzarra

Beterri-Buruntzaren tokiko garapenaren aldeko lankidetza hitzarmena luzatuko dute

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 27a, 11:21

Beterri-Buruntzaren toki garapenaren, sustapen ekonomikoaren eta enpleguaren alorrean eskualdeko sei udalek duela lau urte sinaturiko lankidetza hitzarmena beste lau urtez luzatu eta aldatzea onartu du udalbatza aho batez, aste hasiera honetan.

Urtarrilaren 27 hau baino lehen onartu behar zuten lankidetza hitzarmenaren luzapena sei udalerrietako udalbatzek. Usurbilgoak aipatu moduan astelehenean onartu zuen. Erabaki hau finkatua zegoen epearen baitan hartu beharra eragin zuen hain zuzen, izatez ostegunerako (urtarrilak 28) deituko zuten udalbatzarra, hiru egun (hilaren 25era) aurreratzea. 

Duela lau urte 2017ko urtarrilaren 27an Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalek "toki garapenaren, sustapen ekonomikoaren eta enpleguaren alorrean" sinatu zuten lankidetza hitzarmenari buruz ari gara. Lau urteko iraupena zuen hitzarmen hau beste lau urtez luzatzearen eta aldatzearen alde agertu zen udalbatza aho batez, asteleheneko ezohiko osoko bilkuran. 

"Izugarrizko galera"
Helburu nagusia bete gabe dela luzatuko dute hitzarmena; aurreko lau urteko hitzarmena bertan behera uztea aurreikusten baitzuten, baldin eta ibilbide horretan "eskualdeko garapen agentzia (Mankomunitatea) eratzea adosten bada". Hala gertatu izan balitz, "hitzarmenaren babesean abian jarritako programak, proiektuak eta zerbitzuak aipatutako Mankomunitatera lekualdatzeko mekanismoak ezarriko" ziren. Helburu berarekin hitzarmen hartan aurreikusitako lau urteko luzapena da udalbatzak aste hasiera honetan onarturikoa. 

Egitasmoak bide oparoa jorratu duela nabarmendu zuen Beñat Larrañaga zinegotziak. "30 programatik gora jarri dira indarrean". Teknikariek eginiko lana goraipatu zuen. Mankomunitatea ordea osatu gabe eta orain arte egindako lanketa kolokan dela ohartarazi zuen udal gobernu taldeak. "Ez dugu adostasunik lortu", zioen Beñat Larrañaga zinegotziak. Eta gaineratu zuenez, "adostasun falta horregatik lidergotza ez da batere eraginkorra izan". Eta horrek guztiak ondorio nabarmena izan duela ohartarazi zuen; "lautik hiru langile galdu dira, eta laugarrena badoa". Eta haiekin, "langileon ezagutza" eta baita urteotan eraikitako harreman sarea. "Izugarrizko galera" udal gobernu taldearen esanetan, "ikusteke dago galera horrek herritarrei nola eragingo dien". Esaterako, abian izan eta amaitu gabe dauden zerbitzu eta programei.

"Zer gogoetatu eman behar digu denoi"
Oposizioko udal taldeei, EAJ eta PSEri zuzenduta adierazi zien, egitasmook aurrera eramateko erabateko adostasuna zutela "hitzez" baina gero ez ekintzez; baliabideak gutxitzearen alde agertu zirela bi alderdiok udal gobernu taldean dituzten Udalak, Lasarte-Oria, Urnieta eta Andoain. "2 langile kontratatzea" defendatzen dutela diote udal gobernu taldetik, orain arte lauko taldea zebilenean lanean. "Posturak hurbiltzea espero dugu", gaineratu zuten, borondate politikoa falta izan dela ohartarazita.

Alkate Agurtzane Solasberrietak egitasmo honetan orain arte Andoaingo Udalak hartutako ardura eskertu zuen. Lau urteko hitzarmenaren luzapenak aurreikusten duenez, "kontratazio berriak egitekotan gainerako udalok" hartuko dute horren ardura. Mankomunitaterik eratu ez eta "tamalez, lau pertsonen galera", urteko balantzea hori izateak "zer gogoetatu eman behar digu denoi", adierazi zuen.