Udalbatzarra

Eztabaida bizia, Elkar-Gureak proiektuaren bueltan

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 27a, 11:13

Eztabaida sutsua piztu zen asteleheko ezohiko udalbatzarrean, Elkar-Gureak proiektuaren bueltan.

Dakizuenez, "Elkarrek ez du aurrera jarraituko Usurbilgo proiektuarekin", berri eman zuen Elkar Taldeak, Gureak-ek eta Udalak iragan astean argitaraturiko ohar bateratuak. Era berean, "aterabide berri bat lantzen ari gara", iragarri zuten. 

Ohar hau plazaratu bezperan, EAJ-k gai honi buruz galdetzeko eskaria erregistratu zuen udaletxean eta aldi berean NOAUA!ra oharra igorri zuen oharra, Elkarrek bere erabakian atzera egin eta egoitza Usurbila ez zuela ekarriko aditzera emanez. Gaia asteleheneko ezohiko udalbatzarrera eraman zuen EAJ-k. Gogoeta moduan irakurri zuten testuan "beharrezko baimenak lortzeko unean", bereziki, "hirigintza gaiei lotutakoak direnean" bidelagun baino oztopotzat jotzen dute Udala. Udalerri hau etorkizuneko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra idazten ari den honetan, "araudi nagusi hau egungo errealitatera egokitzeko unea dela deritzogu, datozen urteetarako Usurbilgo etorkizunaren norabidea markatuko digulako". Errealismo ariketa bat egitea eskatu zion EAJ-k udal gobernu taldeari "eta etorkizuna ikuspegi errealista horretatik proiektatzea".

Horren guztiaren adibidetzat jarri zuten jeltzaleek Zapategi eremura etortzekoak ziren Gureak eta Elkarren proiektua. Jeltzaleen esanetan, "izapidetza-denbora luzeegiek urratu egiten dituzte" merkatuaren eskakizunetara nahiz egoera berriek eskatuta egin behar dituzten egokitzapenak. Gaineratu zutenez, "udal baten eskakizun partikularrek asmo onak izan ditzakete, baina egitasmo bat ez gauzatzera eraman gaitzake, batez ere gertu ditugun udalerrietan baldintzak hobeak badituzte edo tramiteak bizkorragoak badira".

EAJ-k indarguneez nahiz ahulguneez hausnartzera deitu zuen udal gobernu taldea, proiektuak gauzatzerakoan "bidelagun" izatea eta "ez oztopoak ipintzen dituena" eskatzearekin batera, bereziki baimenak lortzerakoan. EAJ-k ondorioztatzen duenez, "garbi dagoena da Adunan zerbait hobeto egin dutela Usurbilen baino, azkenean Elkar Fundazioa bertan kokatzeko".

Proiektu berri baten bueltan lanean
Eztabaida bizia piztu zuen EAJ-k udalbatzarraren amaieran, "galdera-eskaerak" atalean irakurri zuen gogoeta testu honek. Udal gobernu taldetik alkate Agurtzane Solaberrietak gogoeta horren zati batekin bat egin zuen; ez soilik Usurbilgo Udalak, orohar administrazioan "prozedurak luzeegiak dira toki guztietan" eta "nahiko nuke arinagoak eta eraginkorragoak izatea".

Halere harridura agertu eta jeltzaleei galdetu zien, ia prozedura administratiboak ez betetzeko iradokitzen ari ote ziren. Iragan astean, Elkar Fundazioak egoitza Usurbilera ez zuela ekarriko berri emanez NOAUA! bidez zabaldutako testuan, EAJ-k erabaki horren arrazoiez galdetzen zuen, horiek argitzeko eskari bat erregistratu zuela berri ematearekin batera. Ordurako gai horren berri emana zutela erantzun zuen alkateak udaletxeko barruko batzordeetako batean eta bilera hartara ez zela EAJ-ko ordezkaririk joan. "Informazioa gordetzen dugula iradoki duzue" eta hori gezurtatzea eskatu zion alkateak EAJ-ri. 

"Ondorio faltsuak atera aurretik" galdetu zezaketela adierazi zien alkateak, baina ez dutela ez udal gobernu taldearengana ezta teknikariengana ere jo. Alderdi interesekin jokatzea aurpegiratu zion jeltzaleei, herrigintzaren alde egitera deitzearekin batera. Proiektu berri baten bueltan lanean segitzen dutela argitu zuen Solaberrietak. 

Oposiziotik galderak egitea euren eginkizuna dela erantzun zuen EAJ-k. Berriz ere udal gobernu taldetik gogorarazi zitzaien, "ateak zabalik" dituztela beti galderei erantzuteko, "ez gara ezer ezkutatzen ari", errepikatu zien Lur Etxeberria zinegotziak.

Baimenen gaiak zerikusirik zuenik ukatu zuen alkateak. "Pandemia etorri da, testuinguru zaila etorri da" baita enpresentzat ere, testuinguru horretan kokatu zuen Elkarren egoitza nagusia Usurbilen ez kokatzeko erabakia hartzea. "Elkarrek ezin izan dio inbertsio honi eutsi", adierazi zuen iragan astean ohar bidez Usurbilgo EHBilduk. Halere, "abendutik hona egunero gaude proiektu berri baten bueltan lanean". Udalak, Elkarrek eta Gureak-ek elkarlanean segitzen dutela argitu zuen.