EHBilduk iragarritako larunbateko herri batzarra online egingo dute

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 29a, 08:59

Larunbat goizerako Potxoenean iragarria zuen herri batzarra online bidez egingo duela ohartarazi du Usurbilgo EHBilduk. Koalizioaren kongresuaren aurkezpena hartuko dute ahotan.

NOAUA! bidez asteotan zabaldu duen iragarkian, larunbat goizerako Potxoenean herri batzarra antolatu duela berri ematen aritu da Usurbilgo EHBildu. Osasun krisialdiari lotuta egun bizi dugun egoera tarteko, jendaurreko hitzordua ordea telematikoan bilakatu du koalizioak. Alegia, Potxoeneko jendaurreko ekitaldia bertan behera utzi eta online bidez egingo dute herri batzarra, aurreikusia zuten egun eta orduan; hilaren 30ean, larunbat goizeko 10:30etan. 

Ordubete inguru iraungo duen saioan EHBilduren 2. Kongresua hartuko dute ahotan. "EHBilduk 10 urte bete ditu eta 2. Kongresua prestatzen ari gara. Ezkerreko independentista eta subiranista guztion etxea izateko lanean ari gara eta bide hori zuekin batera urratu nahi dugu", adierazi dute koaliziotik, parte hartzeko gonbita luzatzearekin batera. 

Potxoenean ez, online bidez egingo den herri batzarrean parte hartzeko esteka honetan klikatu: EHBilduren herri batzarra

"Hamar urte baino ez"
Urtarrilaren 16ko ohiko batzar nazionalarekin abiatu zuen EHBilduk kongresu prozesua. "Kongresuaren araudiaren bozketa eta Berme Batzordearen aukeraketa" bideratu zituzten saio hartan. Maiatzera arte luzatuko den prozesua EHBilduren 10. urtemugarekin egokituko da; "hamar urte baino ez" aldarripean jorratuko dute hain zuzen, hilabeteotako bidea.  "EHBilduk beste jauzi bat emateko eta hazten jarraitzeko erabili nahi dugu gure bigarren kongresua", iragarri dute koaliziotik.